XIX. Mendeko Espainia: Trenbideak eta Euskal Foruen Krisia

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,28 KB

Trenbidearen Garapena Espainian (XIX. mendea)

Espainian trenaren garapena XIX. mendearen bigarren erdian hasi zen, Europaren Ipar-mendebaldeko herrialde aurreratuak baino beranduago. Hori Isabel II.aren erreginaldian gertatu zen, Estatu liberalaren eraikuntza urteetan. Atzerapen honen arrazoi nagusiak erliebearen orografia menditsua, gerra ugariak eta ondoriozko estankamendu ekonomikoa, atzerapen teknologikoa eta inbertsioetarako kapital eza izan ziren.

Lehenengo trena Kuban eraiki zen 1837an, koloniako administrazio publikoak ordainduta eta Ingalaterra eta AEBko teknologiarekin (ingeniariak eta lokomotorak). Penintsulan, lehen trenbidea Bartzelona-Mataró izan zen (1848). Ondoren, Madril-Aranjuez (1850), Valentzia-Xàtiva (1854), Jerez de la Fronteratik portura Andaluzian (1854)... Hiri bi elkarren artean edo hiri bat portuarekin lotzeko eraiki ziren trenbide labur hauek Espainiako trenbidegintzaren lehenengo etapa osatu zuten.

Baina, trenaren hedapenak Ingalaterran, Frantzian edo Alemanian ekarri zuen aurrerakuntza ikusirik, Espainian ere, estatu mailako trenbide sarearen beharra aurreikusi zen. Isabel II.aren erreginaldiko garaia da: gizarte liberalaren eraikuntza, alderdi politikoen sorrera (liberal moderatuak (Narváez), aurrerakoiak (Espartero), Unionistak (O'Donnell)), alderdiburu eta, ondorioz, gobernuburu politiko militarrak...

1843tik 1854ra, Narváez eta moderatuen hamarkadan, gizarte liberal oligarkikoa eraiki zen, 1845eko Konstituzioan, sufragio guztiz mugatuan (%1) eta autoritarismo militar zorrotzean oinarrituta. Urte hauetan eraiki ziren lehenengo trenbideak.

1855eko Burdinbideen Lege Orokorraren Azterketa

Testuaren kokapena eta izaera

  • Testu mota: 1855eko Burdinbideen Lege Orokorraren zenbait artikulu biltzen dituen testu hau historikoa da, lehen mailakoa, jatorrizkoaren pasartea.
  • Izaera: Izaera juridikoa du burdinbideak eraikitzeko legea delako. Baina legearen helburuengatik izaera ekonomikoa ere badu, hau da, Estatu mailako trenbide sarea eraiki, barne merkatua indartu eta nazioaren industrializazioa bultzatzeko.
  • Karakter: Testu publikoa da, biztanleen jakinarazpenerako Madrilgo Gazetan argitaratua.
  • Egilea: Legea Francisco de Luxánek egin zuen, Esparteroren gobernuko sustapen ministroa. Gorteek onetsi eta Erreginak berretsi zuten.
  • Kronologia: 1855. urtean, Isabel II.aren erreginaldian, Biurteko Aurrerakoian (1854-1856).

Azterlana: Legearen artikulu nagusiak

Artikuluetan Espainiako trenbide sarea eraikitzeko baldintzak eta arauak azaltzen dira, bai eraikuntzan bete beharrekoak bai konpainia eraikitzailentzakoak:

  1. Eraikitzaileak (4. eta 6. artikuluak): Trenbideen eraikuntza gobernuak egikaritu ahal izango du, eta, bestela, partikularrek edo konpainiek. Partikularrek edo konpainiek ezin izango dute trenbiderik eraiki dagokien kontzesioa edo emakida aurretik eskuratu ez badute.
  2. Subentzioak (8. artikulua): Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko laguntza publikoa jaso daiteke: enpresekin batera obra jakin batzuk eginez, inbertitutako kapitalaren zati bat emanez, kapital horien truke interes finko bat bermatuz...
  3. Segurtasun ekonomikoa atzerriko inbertsioei (19. artikulua): Trenbidearen eraikuntzan erabiltzen diren atzerriko kapitalak edo maileguak Estatuaren babespean geldituko dira, gerra errepresalia, konfiskazio edo bahimenduetatik salbuetsita.
  4. Kontzesio edo emakideen onurak (20. artikulua): Trenbide-enpresa guztiei honako hauek ematen zaizkie:
    • Trenbideak hartuko dituen jabari publikoko lursail guztiak.
    • Auzotasun onurak: egur, larre eta gainerakoen aprobetxamendua enpresetako langileentzat eta zamarien mantenurako.
    • Trenbidearen aldameneko lurretan harrobiak eraikitzeko ahalmena.
    • Atzerritik inportatu beharreko makinaria eta materialengatik ordaindu beharreko muga-zergen itzultzea.
    • Bidesaria jasotzeko ahalmena.
  5. Trenbidearen zabalera (30. artikulua): Trenbidearen zabalera metro bat eta 80 cm izango da. Europaren erdialdeko herrietakoa baino zabalagoa, Hendaian tren aldaketa behartuz.

Euskal Foruen Abolizioa eta Ondorioak

1839ko Legearen Testuingurua eta Balorazioa

Nafarren proposamena oztoporik gabe onartu zen eta Gorteek 1841ko Lege Hitzartua onetsi zuten (Nafarrek Konstituzioa onartu zuten eta erresuma izaera galdu, administrazio arloan autonomia zabal baten truke). Beste Euskal probintzietan, ordea, foru baimenaren abolizioak altxamendu armatu bat piztu zuen eta, horri erantzunez, Esparterok foruak indargabetzen zituen dekretu bat onetsi zuen, berezitasun fiskal eta militar batzuk salbuetsiz.

Hamarkada moderatuan (Narváez), Euskal probintzietako foruak berrezarri egin ziren Esparteroren dekretuaren aurreko egoerara itzuliz, baina foru baimena ez zen berreskuratu eta aduanak ere kostaldean mantendu ziren, 1839ko legeak agintzen zuen bideari jarraituz.

Horrela, Euskal Foruak indarrean iraun zuten hurrengo hiru hamarkadetan, Bigarren Gerra Karlistaren ostean arte (1872-1876).

Balorazioa

Testu honek Antzinako Erregimeneko lurralde antolaketatik estatu zentralizatu liberalerako trantsizioa erakusten du. Liberalismoak lege berdintasuna ezarriko du biztanle eta lurralde guztietarako. Salbuespena, Euskal Herria izan zen, Katalunia eta Aragoik Ondorengotza Gerra ostean galdu baitzituzten beraien foruak.

1839ko legearekin Euskal lurraldeek foruak mantenduko dituzte, baina murrizketekin, 1876ko legeak abolizioa ezarri arte. 1839ko Legea, beraz, foruen galeraren lehen urratsa izan zen eta, aldi berean, Nafarroa eta Euskal Lurraldeen arteko lehen haustura.

1876ko Uztailaren 21eko Legea: Foruen Indargabetzea

Testuaren kokapena eta izaera

  • Testu mota: Euskal Foruen abolizioari buruzko testu hau historikoa da, lehen mailakoa, jatorrizko legea bera osorik erakusten duelako.
  • Izaera: Izaera juridiko-politikoa du. Juridikoa lege bat delako, 1876ko uztailaren 21ekoa, hain zuzen ere. Baina izaera politikoa ere badu, legearen helburua politikoa delako, hau da, Euskal Foruak abolitu eta estatu eredu zentralizatua ezarri Espainia osoan.
  • Karakter: Publikoa da, biztanleen jakinarazpenerako argitaratu zelako Madrilgo Gazetan, gaur egungo boletina balitz bezala.
  • Egilea: Cánovas del Castillok, Berrezarkuntzako lehen gobernuburuak zuzenduta, Gorteek onetsi zuten eta Alfonso XII. erregeak berretsi.
  • Kronologia: Legea 1876/07/21ean onetsi zen, Berrezarkuntza garaian, Alfonso XII.aren erregealdiaren hasieran (1874-1885), Bigarren Gerra Karlista amaitu (1876/02/28) eta Konstituzio berria onetsi ondoren (1876/06/30).

Azterlana: Legearen artikulu nagusiak

Legearen lau artikuluetako ideia nagusia Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintziak eta beraietako biztanleak Espainiakoekin berdintzea da, bai betebeharretan, bai eskubideetan, 1876ko Konstituzioak ezartzen zituen estatu eredu zentralizatuari eta legearen aurreko berdintasunari jarraituz. Ondorioa foruen abolizioa izan zen:

  • 1. artikulua: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanleek, 1839ko Foru murrizketaren ostean, mantentzen zituzten eskubide bi indargabetzen dira: arma zerbitzura ez joatekoa eta Estatuko gastuetarako zergarik ez ordaindu beharrekoa. "Bizkaia... bezalax")
  • 2. artikulua: Arma zerbitzuaren betebeharra hiru probintzietako gobernu erakundetara ere hedatzen da eta hauek bermatu egin behar dute soldadualdi bakoitzean aurkeztu beharreko kopurua. "Hiru... daude dagokien... aurkezter")
  • 3. artikulua: Zergak ordaindu beharra ere, aurrekoan bezala, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako probintzietako gobernu erakundeetara zabaltzen da, dagokien proportzioan. "Bizkaiko... ordaintzer"). Ondoren, zerga kobraketa, liberal foruzaleen eskaera onartuz, Kontzertu Ekonomikoan ezarritako kupo-sistemarekin konpondu zen, kopuru adostu bat, Nafarroan bezala (1841ko Lege Hitzartua).
  • 4. artikulua: Gainontzeko foru arauen egokitze eta indargabetzeko baimena ematen zaio gobernuari: erakundeak, lurralde antolaketa, ordezkari sistemak eta abar. "Gobernuari baimena ematen zaio eskatzen dituzten erreformak adosteari ekitek")

Bigarren Gerra Karlista eta Foruen Azkena

Amadeo I.ak ez zuen onespen handirik izan espainiarren artean eta, aldi berean, karlismoak indarra hartu zuen monarkikoen, moderatuen eta Elizakoen aldeko berriekin. Horrek bultzatu zuen Bigarren Gerra Karlista (1872-1876).

Gerra honetan ere, Euskal Herrian, Aragoin eta Katalunian izan zituzten karlistek arrakastarik handienak eta Bilbo helburu nagusia. Bilboren setioak berriro ere huts egin arren (Ollo jenerala), karlistek estatu alternatibo bat eraiki zuten euskal lurretan, Lizarran hiriburua zuena, bere unibertsitatea (Oñati) eta legeekin, txanpon eta posta zerbitzu propiekin.

II. Gerra Karlista Alfonso XII.aren eta borboitarren garaipenarekin amaitu zen. Euskal herrialdeak berriro atera ziren galtzaile eta, ondorioz, Cánovas del Castilloren lehendakaritzapean, Euskal Foruak behin betikoz abolitu ziren: 1876ko uztailaren 21eko Legea. Foruen indargabetzeak ez zuen inor aldeko izan Euskal Herrian, ezta euskal liberalen beraien artean ere, eta haien eskaeraz Kontzertu Ekonomiko deritzon zerga eta finantza autonomia txiki bat onetsi zen.

Garrantziaren Balorazioa

Euskal Herrialdeetako foruak izan ziren Antzinako Erregimenaren azken aztarnak XIX. mendean. Bigarren Gerra Karlistan lorturiko garaipenarekin, Berrezarkuntzako sistemak (Alfonso XII.) lurralde antolaketa zentralizatua ezarri ahal izan zuen Espainia osoan, Konstituzio eta lege berdinekin biztanle guztientzat. Euskal Foruen abolizioa euskal lurraldeetako lege historikoen eta nortasun politikoaren galera izan zen. Hortik dator testu honetan ageri den Legearen garrantzia.

Euskal Herrian, Kontzertu Ekonomikoa mantentzea onetsi zuten arren, foruen ezabapenak aurkakotasun handia sortu zuen, bai karlista, bai liberal foruzaleen artean. Aurkakotasun honetan sustraitu zen, hurrengo urteetan, Euskal Nazionalismoaren sorrera.

Entradas relacionadas: