XIX. Mendeko Euskal Literatura: Bonaparte, Erlijioa, Peru Abarka eta Bizenta Mogel
Clasificado en Inglés
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,15 KB
XIX. Mendeko Euskalari Garrantzitsuena: Louis Lucien Bonaparte
Zein izan zen XIX. mendean kanpotik etorritako euskalaririk azpimarragarriena?
XIX. mendean zehar atzerritik etorritako euskalaririk aipagarriena Louis Lucien Bonaparte izan zen. Euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egin zuen, eta haren lanei esker, euskal gramatikak, filologiak, dialektologiak, bibliografiak, literaturak, testu zaharren argitalpenak eta beste hainbat arlok aurrerapauso handiak eman zituzten.
Euskal Idazle Erlijiosoen Erreakzioa XIX. Mendearen Hasieran
Zer erreakzio izan zuten euskal idazle erlijiosoek kanpotik zetozen ideia berrien aurrean?
XIX. mendea gatazka, gerra, borroka eta altxamenduen garaia izan zen. Konbentzio Gerraren aurreko azken hamarkadan (1793-1795) eta Napoleon I.aren okupazio garaian, industria iraultzak eragindako marko ekonomiko berria Europako zenbait lekutara baino motelago etorri arren, Euskal Herrira ere (Bizkaira eta Gipuzkoara batik bat) haize modernoak iristen hasi ziren. 1840tik aurrera lantegi eta komunikabide berriak (trenbideak batez ere) zabalduz joan ziren pixkanaka, demografia hazi egin zen eta langile mugimenduak eratzen hasi ziren. 1872tik 1876ra bitartean gertatutako Azken Karlistaldiaren amaierarekin, foruak betiko ezabatu ziren.
Hori dela eta, Europatik zetozen laizismoa eta arrazionalismoa bezalako ideia berrien aurrean, elizgizonen liburuen ekoizpenak gora egin zuen, hasieran haien etorkizuna kolokan ikusi arren. Aurreko mendean Manuel Larramendiren eraginak Hegoaldeko euskal liburugintza zertxobait suspertu bazuen ere, 1800. urtera arte ez zen Araban piztu. Frantziako Iraultza –Konbentzio Gerra, bereziki– izan zen iratzargailurik bortitzena. Hainbeste istilurekin ez zen sasoi egokia liburuak kaleratzeko, baina premia gorriak bultzatuta, apaizek eta fraileek ordura arte ez bezala ekin zioten Bizkaian zein Gipuzkoan.
Juan Antonio Mogel eta Peru Abarka
XIX. mendean erlijioarekin zerikusirik ez zuten lanen artean, Juan Antonio Mogel Markina-Xemeingo erretorearen Peru Abarka dugu interesgarrienetakoa. Nobela izatera iritsi gabe, baserritar baten eta kaletar baten arteko pasadizoak kontatzen zaizkigu elkarrizketa luze baten bitartez. Gehien hitz egiten duena Peru baserritarra da, ia beti Maisu Juan barbero-sendagile kaletarrak baino askoz gehiago dakiena. Liburuak, bada, kutsu didaktiko nabarmena dauka, baina hizkera dotore eta bizikoa da, eta garai hartako gauza askori buruzko informazio iturri paregabea da.
Bizenta Mogel: Familia, Bizitza eta Obra
Peru Abarka-ren egileak bi iloba idazle izan zituen: Joan Jose Mogel apaiza eta Bizenta Mogel (1782-1854). Euskal letretan azaltzen zaigun lehenbiziko emakume garrantzitsua da. Haurtzaroan umezurtz geratu zirelarik, biak hazi ziren Joan Antonio osabaren itzalpean. Bizenta oso neskatila argia omen zen, eta nebari irakasten zioten guztia ikasi nahi zuen berak ere. Horregatik argitaratu ahal izan zuen, hogeita bi urte besterik ez zuela, Ipuin onak (1804) izeneko liburua, Esoporen 50 alegia edo fabula hitz lauz gipuzkera txukunera egokituz.