XIX. mendeko Hego Euskal Herriko literatura: prosalariak, bertsolariak eta antzerkigileak
Clasificado en Inglés
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,26 KB
XIX. mendeko Hego Euskal Herriko literatura
Sarrera
XIX. mendean, Iparraldeak bezala, astindu ederra hartu zuen Euskal Herriak ere: gudu karlistak izan ziren nagusi, eta azken karlistadarekin betiko ezabatu ziren foruak. Gorabehera hauek ondorioak ekarri zituzten, bai politika eta gizarte mailan, bai hizkuntza eta kultura aldetiko susperraldia bultzatu baitzuten mendearen hondarrean. Industria iraultzak eragindako marko ekonomiko berriak estatu mailako merkatua eskatzen zuen. Gure artera ere haize modernoagoak etorri ziren, Bizkaia eta Gipuzkoara, batez ere: lantegi eta komunikabide berriak zabalduz joan ziren pixkanaka, demografia hazi egin zen eta langileen mugimenduak eratzen hasi ziren.
Prosa
Prosa erlijiosoa
Frantziako Iraultzak Hegoaldeko euskal liburugintza esnarazi zuen. Kanpotik zetozen pentsakera berriak zirela-eta, elizgizonek oso kolokan ikusi zuten euren etorkizuna. Apaizek eta fraileek ordura arte ez bezala ekin zioten lanari Bizkaian eta Gipuzkoan. Juan Antonio Mogel, Antonio Añibarro, Pedro Astarloa... Dotrinaren azalpenak, sermoiak, dantzen kontrako lanak eta antzekoak dira darabiltzaten gaiak.
Prosa ez erlijiosoa
Batzuetan elizgizonek egindakoak izan arren, zuzenean erlijioarekin zerikusirik ez zuten idazlanak ere sortu ziren:
- Juan Antonio Mogelen Peru Abarka. Nobela izatera iritsi gabe (elkarrizketa luze bat baita), baserritar eta kaletar baten arteko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Euskararen unibertsitatea baserria dela erakutsi nahi digu. Gainera, garai hartako informazio iturri paregabea da.
Bertsolaritza
Karlistaldi bietan, bertsolarien hainbat kanta-paper barreiatu ziren, gerra bera kontagai zuten:
- Xenpelar errenteriarra da bertsolaririk ospetsuena.
- Hizkera hain jatorra izan gabe, doinu modernoagoak zerabiltzan Jose Maria Iparragirre urretxuarrak. Mila estutasun ekonomiko eta politiko jasan behar izan zituen kantari honek, baina arrakasta handia lortu zuen. Kantarik ezagunenetako bat "Gernikako Arbola" da.
- Bilintx donostiarrak ukitu erromantikoa eman zion bertsogintzari. Maitasun zapustua da bere gairik kutunena; erantzunik jasotzen ez duen maiteminduaren egoera etsia behin eta berriz errepikatzen da bere obran. Adibidez: "Triste bizi naiz eta".
- Mende bukaerako bertsogilerik ezagunena Frantzisko Arrese Beitia otxandioarra dugu. Foruak kendu eta laster, Anton Abbadiek Lore Jokoak Euskal Herrian lehenengo aldiz antolatu zituenean, Arrese Beitiari eman zitzaion bertso sorta onenaren saria.
Antzerkia
Lehen esan bezala, euskal foruen deuseztapenarekin, euskara eta euskal kulturaren aldeko ekimenak bideratu ziren. Giro honen barruan eman zituen lehen urratsak pixkanaka indartuz joan zen euskarazko antzerkiak.
- Manuela Lertxundi "Mizpirualde" izan zen lehen urteetako sortzaile eta eragilerik garrantzitsuena. Komedia xume eta laburrak idazten zituen, Donostiako jai seinalatuenetan antzezteko.
- Toribio Alzaga Soroaren eskolan hasi zen, eta Donostia inguruko antzerkiaren alde lanean jarraitu zuen.