XVII. mendeko euskal idazleak Ipar Euskal Herrian
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,97 KB
Sarrera
Mende honetan aurrerakada nabarmena izan zuen euskarazko liburugintzak Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean ere zerbait argitaratu zen, baina kopuruz zein kalitatez ez zen Iparraldekoaren mailara iritsi. Desberdintasun horren sustraia arrazoi ekonomikoetan bilatu ohi da. Ternuako arrantzak ematen zituen irabaziak zirela eta, Lapurdiko kostaldean bizimodua asko hobetu omen zen. Aurreko gizaldiko katolikoen eta protestanteen arteko erlijio gerrak baretuak ziren jadanik. Katolikoek, nagusitasuna berreskuratu ondoren, Donibane Lohizune eta inguruko herrien artean osatutako triangeluan jardun zuten mende honetako autore askok.
Joannes Etxeberri Ziburukoa
Gizon jakintsua genuen Etxeberri, doktore titulua zuen. Bertso lanak soilik geratu zaizkigu.
Manuel Debotionezkoa
Dotrinari buruzko gaiak eta era guztietako otoitzak dakartza hitz neurtuetan. Hauetariko asko arrantzale eta marinelentzat bereziki prestatuak.
Noelak eta bertze kanta espiritual berriak
Gabon kantak ageri dira hasieran, baina Jesukristoren bizitzaren beste pasarte batzuk ere badatoz. Baita santuei dagozkienak ere.
Elizara erabiltzeko liburua
Eliztarraren mesedetan egindako liburua dugu.
Pedro Axular
Jaiotzez nafarra zen Axular, Urdazubikoa. Ikasketak Salamancako unibertsitatean egin eta apaiztu ondoren, Donibane Lohizunera jo zuen. 1600. urtean Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zuen. Sermoilari ugaria, hiztun oparoa eta idazle aberatsa genuen. Bere esku trebeek ordura arte ezohikoa zen dotorezia erantsi zion euskarari. Esaldi luze eta korapilatsu samarrak idazten ditu batzuetan, laburrak eta trinkoak bestetan. Baina mezu ulergarri eta garbia emango digu beti. Ederki erakusten dio kristauari zein arriskutsua izan daitekeen erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea. Bere ideiak hobeto adierazteko, adibideak erabiltzen ditu, sinonimoak pilatuz eta autore klasikoen aipuak tartekatuz.
Allande Oihenart
Zuberoako hiriburuan, Maulen, jaio zen Oihenart, legegizon eta kargudun familia baten barruan. Abokatu karrera ikasi eta kargu garrantzitsuak bereganatu zituen, Zuberoan lehendabizi eta, Joana Erdoia alargun aberats eta noblearekin ezkondu ondoren, Nafarroa Beherean. Notitia Utriusque Vasconiae idatzi zuen, Ipar eta Hego Euskal Herri historikoen berri ematen digun liburua. Literatura kontuetan ere jantzia zen, Art Poetique Basque ere idatzi baitzuen. Bilketa eta sorkuntza ere landu zituen. Batutako esaera zaharrak eta berak asmatutako poesiak liburu bakarrean kaleratu zituen: Atsotitzak eta Neurtitzak. Maitasuna du bere kantagai nagusia, hizkera trinkoa, garbizalea eta, batzuetan, ulerkaitz samarrean moldatua. Hizkuntzan eta neurrietan ez du antz handirik ordura arteko euskal bertsogileekin, eta ez du jarraitzailerik izango.