XVIII. Mendeko Ekonomia eta Ingalaterrako Parlamentarismoa
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,65 KB
Lehen Sektorearen Nagusitasuna XVIII. Mendean
XVIII. mendean, biztanle gehienek nekazaritzan jarduten zuten. Oro har, iraupeneko ekoizpena zen, emankortasun txikiko lehorreko lurretan egina. Lur gehienak zerealak landatzeko erabiltzen ziren, haiek baitziren dietaren oinarria, baina merkataritzako produktuak ere lantzen ziren; esaterako, mahatsondoak eta olibondoak eskualde mediterraneoetan.
Nekazaritza oraindik ere klimaren oso mende zegoen. Hori dela eta, subsistentzia krisiak gertatzen ziren aldi-aldian; hau da, gosealdiak. Horrelakoetan, gizarte-tentsioak areagotu egiten ziren.
Lur gehienak pribilegiatuen jabetzakoak ziren, batez ere. XVIII. mendearen amaieran, haien jaurerriek lur laboragarrien %40 inguru hartzen zuten.
- Nobleziaren lurrak ez ziren inoiz banatzen, maiorazkoengatik. Lege horren arabera, ondare osoa jaunaren seme zaharrenari utzi behar zitzaion oinordetzan. Horrenbestez, jabetzak gero eta handiagoak ziren, bai eta kudeatzeko zailagoak ere.
- Halaber, kleroaren lurren zati bat, esku mortuak, ezin ziren saldu, monarkaren babespean zeudelako. Gainera, sarritan, ez zituzten ustiatzen ere.
Gainerako jabetzak burgesiaren esku zeuden edo udalerrietako herri-lurrak ziren; beraz, oso lur gutxi saltzen zen, eta lur-jabe txikiak gutxiengoa ziren.
Lurrik gabeko nekazariak jaun-erregimenaren mende zeuden; hau da, jaberen baten mirabeak (zerbitzariak) ziren. Jaunak bere lurraren zati bat ustiatzen uzten zien, nekazariek bizibidea atera ahal izateko. Ordainetan, nekazariek jaunaren lurretan lan egin behar zuten doan, asteko zenbait egunetan, bai eta jaunari errenta jakin bat ordaindu ere.
Gainera, nekazariek beste zerga asko ordaindu behar zituzten, bai Elizari, bai monarkiari. Hori dela eta, nekazariak gero eta haserreago zeuden, burgesak bezain beste.
Ingalaterrako Parlamentarismoa
Europan absolutismoa hedatu zen garaian, Ingalaterran oso bestelako politika-sistema bat garatu zen. XVII. mendean, Estuardo dinastiako erregeak absolutismoa ezartzen saiatu ziren, baina ez zuten arrakastarik izan, burgesiak tinko egin baitzien aurre.
Erregearen eta burgesiaren arteko gatazkak 1642ko eta 1688ko iraultzak eragin zituzten. Iraultzen ondorioz, estuardotarrak Ingalaterrako tronutik kendu zituzten eta Orangeko Gilenen parlamentuzko monarkia nabarmendu zen.
Politika-sistema berri horren oinarriak hauek ziren: legea monarkiaren gainean zegoen eta monarkak Parlamentuaren kontrola onartzen zuten. Eskubideen Aldarrikapenean (1689), errege-erreginek zenbait eskubide eta askatasun bermatu zizkieten herritarrei, eta onartu egin zuten Parlamentua legeak egiteaz arduratuko zela, epaileak independenteak zirela, eta monarkak botere betearazleaz baino ez zirela arduratuko. Horrela nagusitu zen botereen banaketa Ingalaterran.
Ingalaterrako parlamentuzko monarkiaren oinarri teorikoa liberalismo politikoa izan zen. John Lockek zehaztu zuen doktrina hori, eta hauek dira oinarrizko printzipioak:
- Askatasuna. Pertsona guztiek berez eskubide batzuk zituztela onartzen zen.
- Berdintasuna legearen aurrean. Beraz, estamentuen pribilegioen aurka egiten zuen.
- Jabetza da gizarte-bereizketarako irizpidea. Lockeren ustez, jabetzak zituztenek soilik egiten zioten ekarpena Estatuari, eta horregatik, haiek soilik zuten politika-sisteman parte hartzeko eskubidea (sufragio sentsitarioa).