XX. Mendeko Pentsamenduak: Darwin eta Marx
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,17 KB
XX. mendeko pentsamoldeen oinarriak XIX. mendean daude, eta zera dute elkarrekin: gizadia, arrazoiaz baino, borroka irrazionalek edo inkontzienteek gidatzen duten susmoa.
Darwin: Eboluzioaren Teoria
Darwinek (1809-1882) biologiaren etorkizuna ez ezik, giro intelektualaren etorkizuna ere aldatu zuen orokorrean. Darwinek dioenez, gizakiok animalietatik eratorri gara, bizidunen eboluzioaren bidez. Bizidunak borrokan daude, bizirik irauteko behar diren baliabideak urriagoak direlako beharrak baino. Ingurunera hobekien egokitutako ezaugarriak dituzten bizidunek irauten dute, eta ezaugarri horiek beren ondorengoei transmititzen dizkiete. Bestalde, ugaltzen ez direnen ezaugarriak desagertu egiten dira.
Marx: Klase Borroka eta Kapitalismoa
Marxek (1818-1883) Darwini eskaini nahi izan zion bere liburu garrantzitsuena, Kapitala, baina Darwinek ez zuen eskaintza onartu. Marxek dioenez, gizartea klase sozialetan zatitua dago, eta historiaren eragilea klaseen arteko borroka dela. Zapaltzaileak eta zapalduak beti aritu dira elkarren aurka. Gaur egun, kapitalistak eta proletarioak daude.
Kapitalistak kapitala dutenak dira, hau da, ondasunak ekoizteko baliabideak: lurrak, lantegiak, etab. Proletarioak prolea (seme-alabak) besterik ez dutenak dira. Kapitalistek proletarioen lana erosten dute, produktu berriak sortu eta saltzeko. Eta saldu ondoren irabazten dutena beretzat hartzen dute, langileei lanak balio duena baino gutxiago ordaintzen dietelako. Horretan datza langileen esplotazioa.
Horregatik, langileak alienatuta bizi dira, hau da, beste batzuentzat bizi dira, kapitalistentzat, alegia. Baina, kapitalismoaren ekonomiak porrot egingo du, berezko garapen-legeak jarraituz eta kapitalisten nahien aurka. Ondoren, langileek iraultza armatua egingo dute, eta proletargoaren diktadura ezarriko dute. Orduan, klase sozialen arteko desberdintasunak desagertuko dira, eta klaseen arteko borrokak ere. Ondoren, komunismoa ezarriko da, eta bertan guztiak libre izango dira.