Zabor Teknologikoa: Arazoa eta Gizartearen Erantzuna
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,4 KB
Teknologia sortu zenetik, aurrerapen ugari ikusi ditu gure gizarteak. Ordenagailu, telefono eta bestelako tresnak sortu badira ere, gizakion eragina ez da hain positiboa izan, anbizio handiko gizarte batera eraman gaituelako aldaketa honek. Anbizio honek tresnak erosi eta denbora gutxian baztertzea eragin digu, eta ondorioz, zabor teknologikoz inguratuta gaudela esan daiteke. Baina, erraza al da gizarte honetako zaborraz desegitea?
Zabor Teknologikoaren Kudeaketa
Gaur egun, ohikoa da erabiltzen ez diren gauzak edo eguneroko zaborra, denak batera pilatu beharrean, birziklatzeko prozesua sustatzea. Baina hau posible al da teknologiaren munduan? Argi dago gure tresnak osagai kimiko eta kutsakorrez eginak daudela, eta beraz, ideia paregabea litzatekeela aparatu arriskutsu horiek zentro berezietara eramatea, bertan behar bezala prozesatzeko eta kutsadura saihesteko. Horretan ari dira adibidez teknologian oinarritutako hainbat denda zein enpresa, ekimen desberdinak aurrera eramaten; hala nola, telefonoa edo beste tresna bat emanez gero, tresna berri bat erosterakoan beherapena eginez.
Herrialde Azpigaratuetara Bidaltzea
Hala ere, birziklatzeko bide bakarra ez da zentro batera eramatea eta bertan prozesua aurrera eramatea. Izan ere, elikagai zein arropekin egiten dugun bezala, herrialde azpigaratuetako gizarteetara ere eraman daitezke erabiltzen ez ditugun tresna teknologikoak. Honek aukera ezberdinak eskaintzen dizkie bertakoei, teknologia sustatuz diru gutxiagoren truke, merkeago saltzen baitira bertan. Adibidez, "One Laptop per Child" programak herrialde txiroetako umeei, guk utzitako tresnak ematen dizkie beraien hezkuntza hobea izan dadin.
Etika eta Gizartearen Jarrera
Baina zerk kezkatzen gaitu gehien, zabor teknologikoak sortzen duen kutsadurak ala herrialde txiroak lagundu nahiak? Argi dago gizarte honetan norberak bere burua soilik begiratzen duela eta solidaritatea ez dela gehien definitzen gaituen hitza. Beraz, kasu honetan eta nire uste apalean, gure gizartean eragin txarra duten tresnak herrialde azpigaratuetara bidaltzen ari gara, solidaritatea garatu beharrean, kutsadura bertara eramanez. Beste era zehatz batean esanda, gure gizartea usteltzeko gai den kutsadura hori herrialde txiroetara transmititzen dugu, ordenagailu edo tresna hori opari bat izango balitz bezala, eta honek Troiako Zaldiaren istorioa datorkit burura. Kasualitatea al da? Benetan tristea.