Zientzia eta Industria: Iraultza Zientifiko-teknikoa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,25 KB
Lehen Industria Iraultzaren garaian, asmatzaile handiak pertsona praktikoak izan ohi ziren, hots, teknikariak izan ohi ziren, eta ez zientzialariak: hortaz, esan liteke zientziaren aurretik teknika zihoala.
Gaur egun, berriz, Bigarren Industria Iraultzaren ostean, alderantzizkoa gertatzen da, zientziak hartu dio aurrea teknikari: hau da, zientziak determinatzen eta zehazten du garapen teknologikoa. Laburki esanda: lehenago aurrerapen zientifikoa teknika industrialaren mendean zegoen; gaur egun, ordea, garapen industriala da aurrerapen zientifikoaren mendean dagoena. Egoera berri horretan, esperientzia soilik ez da aski lortu nahi diren emaitzak lortzeko; eredu teorikoak egitea ere beharrezkoa da; are gehiago, zientzia zuzeneko produkzio-indar bihurtzen da, produkzio-faktore. Eta halaxe iristen da lehen lerrora zientzia menderatzen duena, teknikaria.
Zehaztasunaren izenean, gaurko teknikariei zientzialari-teknikari deitu beharko genieke; izan ere, gaur egungo teknikarien ezagutzak eta gaitasunak ez baitira esperientzia hutsaren emaitza, heziketa eta prestakuntza zientifiko luze eta sakon baten fruitu baizik. Egun, jarduera zientifikoa ezin da jada pertsona aberatsen entretenimendu hutsa balitz bezala ulertu (Platon edo Lavoisier-en kasuetan legez).
Ezin da, ezta ere, unibertsitateko talde bakan batzuen eskuetan soilik dagoen jarduera bat izan (XIX. mendean gertatzen zen moduan).
Gaur egun, jarduera zientifikoa milioika gizakiren lanbide bihurtu da. Horregatik, praktika kolektibo gisa, zientziak antolakuntza behar du; eta kostu handiko jarduera den neurrian, zientziak kudeaketa ere behar du.
Zientzia, funtzio sozial bat betez, herrialde baten bizitzan txertatzen da: goi-mailako gizabanakoen hezkuntza ahalbidetzen du. Eta gizabanako horiek aurrerakuntza zientifikoak erabili, garatu eta hedatzen dituzte, ikerketa teorikoenetatik hasita aplikazio konkretuenetan bukatzeraino.
Lan eta enpresa munduari dagokionez, zientzia produkzio-prozesu osoan barneratzen da, eta berarekin nahasten. Zientziaren aplikazioekin indar produktibo guztiak aldatu dira; indar produktibo sozialik iraultzaileena eta orokorrena bihurtu da; indar produktibo unibertsala da. Horrek guztiak zientziak duen leku berria islatzen du.