Zinetika Kimikoa: Teoriak eta Erreakzio-Abiadura

Clasificado en Química

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,38 KB

Zinetika kimikoa

Zinetika kimikoa erreakzioen abiadura aztertzen duen kimikaren adarra da. Bertan, erreakzioen abiadura neurtu, erreakzioen etapak ikertu eta abiaduran eragina izan dezaketen faktoreak aztertzen dira.

Talken teoria

Erreakzio kimikoak bi molekularen edo gehiagoren arteko talken ondorio dira. Talka eraginkorrak gertatzen dira molekulek loturak hausteko adina energia zinetiko dutenean (energia minimo hori aktibazio-energia da) eta molekulek orientazio egokia dutenean.

Trantsizio-egoeraren teoria

Talken teoriaren egokitzapena da. Talka eraginkorra bada, erreaktibo-molekulak elkarrekin geratzen dira denbora-tarte batez, konplexu aktibatua edo trantsizio-konplexua sortuz. Trantsizio-egoeran, molekuletako batzuen loturak hautsi eta beste batzuk sortzen dira. Energia handia duenez, konplexua ezegonkorra da eta azkar deskonposatzen da produktuak sortzeko edo erreaktiboak birsortzeko.

Erreakzio-abiadura eta eragiten duten faktoreak

Erreakzio-abiadurak substantziak erreakzio batean zer lastertasunez transformatzen diren adierazten du. Hona hemen eragiten duten faktore nagusiak:

  • Erreaktiboen kontzentrazioa: Zenbat eta kontzentratuagoak izan erreaktiboak, orduan eta gehiago dira molekulen arteko talkak, eta handiagoa talka eraginkorrak gertatzeko probabilitatea. Ondorioz, erreakzioaren abiadura handiagoa da.
  • Erreakzioaren tenperatura: Tenperatura igoz gero, handiagoa da molekulen energia zinetikoa eta molekula aktibatuen portzentajea. Gainera, talken kopuruak gora egiten duenez, erreakzioaren abiadura hazi egiten da.
  • Katalizatzaileak: Substantzia hauen eraginez, aktibazio-energia aldatu egiten da. Katalizatzaileek erreakzio-abiadura biziagotu edo moteldu dezakete, prozesuaren amaieran berreskura daitezkeelarik:
    • Positiboak: Aktibazio-energiaren balioa jaisten dute, talka eraginkorrak gehituz eta abiadura handituz.
    • Negatiboak: Aktibazio-energiaren balioa igotzen dute, talka eraginkorrak gutxituz eta abiadura txikituz.
  • Zatiketa-maila: Zenbat eta zatikatuagoak egon partikulak, handiagoa da haien ukipen-gainazala, eta ondorioz, talka eraginkorrak gertatzeko probabilitatea eta erreakzioaren abiadura handitu egiten dira.

Entradas relacionadas: