Zirkulazio-aparatua: Odola, Linfa eta Homeostasia
Clasificado en Biología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,22 KB
Zirkulazio-aparatua eta Homeostasia
1. Zirkulazio-aparatuaren funtzioa
Gizakiongan, likido interstizialak, odolak eta linfak osatzen dute barne-ingurunea. Likido interstizialak zelulak bustitzen ditu. Odolak eta linfak, berriz, zelulek behar dutena edo baztertzen dutena bildu, banatu eta kanporatu egiten dute, zirkulazio-aparatua osatzen duten sistemen bitartez.
2. Zer da homeostasia?
Organismoko zelulek behar bezala funtzionatzeko, ezinbestekoa da barne-inguruneari aldaketarik gabe eustea; hau da, haren propietateek (konposizioak, tenperaturak eta abarrek) gorabeherarik ez izatea. Propietate horiei eusteari homeostasia deritzo.
Linfaren Zirkulazio-sistema
2.1 Zer da linfaren zirkulazio-sistema?
Linfaren zirkulazio-sistema gorputz guztian zehar banatuta dauden hodi-sare batek eta beste hainbat egiturak osatzen dute. Linfa-hodietara sartzen den likido interstiziala da linfa.
Linfaren zirkulazioa noranzko bakarrekoa da. Linfa noranzko bakarrean ibiltzen da, gehienbat linfa-hodien uzkurdurek, eskeleto-giharren uzkurdurek eta toraxeko arnas mugimenduek eraginda; zenbait kasutan, baita grabitatearen indarrak eraginda ere.
2.2 Linfa-sistemaren funtzioak
Linfa-sistema honako funtzio hauek betetzeaz arduratzen da:
- Zelulen artean geratzen den likido-soberakina biltzea eta odolera itzultzea.
- Hesteetan xurgatzen diren gantzak garraiatzea.
- Gure organismoko defentsa-sistemaren zati izatea.
Linfa sistema horretan barrena dabilen likido zurixka da.
2.3 Linfa-sistemaren egitura
Linfa-sistema hiru osagai nagusik osatzen dute:
- Kapilarrak: Ehun guztietan banatuta dauden hodi itsuak dira (irteerarik gabeak), oso meheak eta adarkatuak. Haien funtzioa gure gorputzeko zelulen inguruko likido-soberakina biltzea da.
- Linfa-hodiak: Linfa-kapilarrak bateratu eta hodi zabalagoak osatzen dituztenean sortzen dira. Zainen antzekoak dira, eta beren baitan zenbait balbula dauzkate, linfari noranzko bakar batean zirkulatzen uzteko. Odolaren zirkulazio-sisteman amaitzen dira, eta hara isurtzen dute beren edukia.
- Linfa-gongoilak: Linfa-hodietan zehar ageri diren zabalgune txikiak dira. Linfa-gongoilak oso ugariak dira galtzarbeetan, izterrondoetan, lepoan eta arteria eta zain nagusietan. Gongoil horietan defentsa-zelula kopuru handia dago. Zelula horiek gure organismoa kutsa dezaketen mikroorganismoak eta substantzia arrotzak bilatzen, aurkitzen eta kanporatzen dituzte. Hori gertatzen denean, gongoil horien jarduna handitu egiten da eta hazi egiten dira; horregatik uki ditzakegu.
3. Odolaren Osaketa eta Funtzioak
Odola likido gorria eta likatsua da, odol-sisteman barrena dabilena. Bi osagai mota ditu:
- Plasma: Kolore horixka duen likidoa da eta odolaren % 55 osatzen du. Urez eta likido horretan disolbatuta dauden askotariko substantziez osatuta dago, besteak beste, proteinaz.
- Odol-zelulak: Odolaren gainerako % 45 osatzen dute. Odol-zelulak bizkarrezur-muin gorrian sortzen dira. Muin gorri hori zenbait hezurren barnean dagoen ehun bat da. Hiru odol-zelula mota bereiz ditzakegu: leukozitoak, eritrozitoak eta plaketak.
Odolaren funtzio nagusiak
- Garraioa: Substantzia solidoak eta gaseosoak garraiatzen ditu. Mantenugaiak digestio-aparatutik ehun guztietara garraiatzen ditu, eta han, hondakinak jasotzen ditu iraitz-aparatura eramateko. Horrez gain, karbono dioxidoa jasotzen du arnas aparatura garraiatu eta kanporatzeko.
- Organismoa babestea: Odolean gure organismoa zaintzen eta babesten duten leukozitoak eta beste hainbat proteina aurki ditzakegu.
- Hemorragiak kontrolatzea: Odol-hodiren bat apurtzen denean, plaketek eta plasmaren baitako zenbait proteinek haustura hori buxatzen laguntzen dute.
- Gorputzeko tenperatura erregulatzea: Gorputzeko tenperatura erregulatzen parte hartzen du. Metabolismoak behar bezala funtziona dezan, gorputzak 37 °C inguruko tenperatura izan behar du.
4. Odol-zelula Motak eta Funtzioak
Odolean hiru zelula mota nagusi bereizten dira:
- Leukozitoak edo globulu zuriak
- Odol-zelulen artean handienak dira. Nukleoa dute eta organismoa infekzioetatik babesteko funtzioetan hartzen dute parte. Bost motatakoak dira: neutrofiloak, eosinofiloak, basofiloak, linfozitoak eta monozitoak.
- Eritrozitoak edo globulu gorriak
- Odol-zelularik ugarienak dira. Disko ahurbiko baten itxura dute eta ez dute nukleorik. Zitoplasmaren barruan duten proteinak, hemoglobinak, ematen die kolore gorria. Haien funtzioa oxigenoa biriketatik organismoko zeluletara garraiatzea da, baita zelula horiek eratutako karbono dioxidoa kanporatzea ere.
- Plaketak edo tronbozitoak
- Ez dira benetako zelulak, zelulen zatiak baizik. Ez dute nukleorik, eta odolaren koagulazioan hartzen dute parte, odol-hodietan gertatzen diren haustura txikiak itxiz.
5. Odol-hodi Motak
Hiru odol-hodi mota nagusi bereizten dira:
Kapilarrak
Tamaina mikroskopikoko hodiak dira eta sare moduko bat eratzen dute, arteriolak eta benulak lotzen dituena. Kapilarren paretek zelula lauez osatutako geruza bakarra dute: endotelio kapilarra. Geruza mehe hori zeharkatuz egiten da odolaren eta zelulen arteko gas-, mantenugai- eta hondakin-trukea.
Zainak
Organoetatik bihotzera eramaten dute odola. Bihotzera hurbildu ahala, zainek gero eta diametro handiagoa izaten dute; ehunak irrigatzen dituzten benuletatik bihotzera iristen diren zain lodietaraino. Zainen paretak ez dira arterienak bezain sendoak eta elastikoak, presio txikiagoa jasan behar baitute. Barruan balbulak dituzte odolak atzera egin ez dezan. Balbula horiei esker, odola errazago joaten da gorantz, giharren uzkurtze-mugimenduak baliatuz.
Arteriak
Bihotzetik gorputzeko organo guztietara eramaten dute odola. Bihotzetik urrundu ahala, mehetu egiten dira, eta ehunen barnean sartzen direnean, adarkatu egiten dira, arteriolak sortuz. Arterien paretak oso lodiak, gogorrak eta elastikoak dira; ezaugarri horiei esker, gai dira bihotzak bultzatutako odolaren presio handia jasateko.
6. Bihotz-zikloaren Faseak
Sistole Aurikularra
Aurikulak uzkurtu egiten dira eta odola bultzatzen dute. Horrela, bi bentrikuluak odolez betetzen dira.
Sistole Bentrikularra
Bentrikuluak uzkurtu egiten dira. Birika-balbula eta aorta-balbula ireki egiten dira, eta odola birika-arteriatik eta aorta-arteriatik irteten da, biriketarantz eta gorputzeko gainerako ataletarantz, hurrenez hurren. Balbula mitrala eta trikuspidea itxi egiten dira, odola aurikuletara itzul ez dadin.
Diastole Aurikularra eta Bentrikularra
Aurikulak eta bentrikuluak erlaxatu egiten dira. Arterietako odola ez da atzera itzultzen, aorta-balbula eta birika-balbula itxita daudelako. Aurikulak odolez betetzen dira. Balbula trikuspidea eta mitrala ireki egiten dira, eta bentrikuluak betetzen hasten dira.