Zuzenbidea eta Giza Eskubideak: Oinarrizko Kontzeptuak

Clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,79 KB

Zuzenbidea: Zer den eta motak

Zuzenbidea gizabanakoen arteko harremanak arautzen dituen eta instituzio politikoen botere hertsagarriaren babesa duen arau publikoen sistema da.

Zuzenbide motak

  • Zuzenbide naturala: Unibertsalak eta lehentasunezkoak diren printzipioetan oinarritzen da.
  • Zuzenbide positiboa: Estatu bakoitzean une jakin batean indarrean dagoen lege multzoa da.

Giza Eskubideak: Definizioa eta Belaunaldiak

Giza eskubideak gizakiei, soilik gizaki izateagatik, dagozkien eskubideak dira. Beste izen batzuk ere ematen zaizkie: eskubide naturalak, gizabanakoaren eskubideak, funtsezko eskubideak eta eskubide moralak.

Onartuta ez badaude, eskakizun moralak izaten dira: gizabanakoek agintari publikoei aldarrika diezazkiekete, eta agintariek, herriak legitimotzat hartzea nahi badute behintzat, eskakizun horiek bete beharko dituzte. Positiboki onartuta egonez gero, estatuak babestu beharreko legezko berme bihurtzen dira.

Giza Eskubideen Belaunaldiak

Hiru belaunaldi nagusi bereizten dira:

Lehen Belaunaldia: Eskubide Zibil eta Politikoak

XVII. eta XVIII. mendeetan monarkia absolutuen kontra aldarrikatutako gizabanakoaren askatasunak eta parte-hartze politikorako eskubideak dira. Honako hauek barne hartzen dituzte:

  • Bizitzeko eta norberaren segurtasunerako eskubidea.
  • Pentsaera eta kontzientzia askatasuna.
  • Intimitatea eta izen ona izateko eskubidea.

Eskubide horiek tradizio liberalak sortutako zuzenbide-estatua kontzeptuarekin lotuta daude. Zuzenbide-estatuan, inor ez dago legearen gainetik.

Bigarren Belaunaldia: Eskubide Ekonomiko eta Sozialak

Eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak dira. Besteak beste:

  • Osasun-zaintzarako eskubidea.
  • Hezkuntzarako eskubidea.
  • Langabeziaren kontrako babeserako eskubidea.
  • Soldata duinerako eskubidea.
  • Atsedenerako eta aisialdirako eskubidea.
  • Kultura-ondareez gozatzeko eskubidea.
  • Erretiro duinerako eskubidea.

XIX. eta XX. mendeetan, langile-mugimenduak borrokatu du eskubide hauen alde. Hauek zuzenbide-estatu soziala kontzeptua garatzen lagundu dute, herritarrak legearen aurrean berdinak izatea bilatzen duena.

Hirugarren Belaunaldia: Elkartasun Eskubideak

Kolektiboagoak diren eskubideak dira, hala nola:

  • Bakean bizitzeko eskubidea.
  • Ingurumen osasuntsu eta kutsatu gabean bizitzeko eskubidea.
  • Ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik bizi-maila atzeratua duten herrialdeen garapenerako eskubidea.

Eskubide horiek betetzeko, ezinbestekoa da munduko nazio eta herri guztien arteko elkartasuna.

Entradas relacionadas: