Zuzendari Rola Enpresan: Egitura Formala eta Informala, Zuzendaritza Motak
Clasificado en Derecho
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,44 KB
Gaia: Zuzendari Rola
Enpresaren Egitura: Formala eta Informala
Jakina da enpresa orok egitura formal bat daukala eta haren arabera antolatzen dela. Baina egitura formal hori ez da ahalguztiduna; esan nahi baita, enpresako giza harremanak ez direla guztiz egokitzen eta doitzen egitura formal horrek agintzen duenera, eguneroko jardunak gainezkatu egiten baitu egitura formalaren hesia.
Horrela, egitura formalaren ondoan, egitura informala agertzen da: hots, antolatzeko eskema ofizialen alboan, eskema espontaneoak sortzen dira, berezkoak, bat-batekoak. Bi eskemok (formalak eta informalak) bata bestearekin nahastuta funtzionatzen dute; ez, ordea, harmonia betean. Izan ere, bien artean tirabirak agertu ohi dira.
Jarraian, gai honetan eta ondorengoetan, enpresaren barruko rol edo eginkizun ezberdinak deskribatuko ditugu, zuzendariarenetik hasita. Ikusi dugunez, rolak aurrez araututako eta esperotako jokabideak dira eta, hala izanik, enpresako rolak aztertzerakoan, kontuan izan behar ditugu bai antolakunde formalak araututako rolak, eta bai antolakunde informalak finkatutakoak ere. Ustez behintzat, antolakunde formalaren zehaztapenak betearaztea zuzendaritzaren rolari dagokion zeregina izango da; eta, aldi berean, mendekoen (langileen) rolari egokituko zaio antolakunde informala garatzeko ardura.
- Egitura formala: Erakundeak bere helburuak lortzeko taldekideen nahi pertsonalak ia kontuan izan gabe eratzen eta mantentzen dituen taldeak.
- Egitura informala: Pertsonak lantokian dituzten harremanen ondorioz berez sortzen diren taldeak.
Enpresaren Zuzendaritza: Ondarezkoa versus Profesionala
Garapen industrialaren lehendabiziko urratsetan dagoen herrialde batek, enpresak sortzeko beharrezko diren dirua (kapitala) eta gaitasun tekniko eta administratiboak dituzten norbanakoen ekimenean kokatzen du bere aurrerabide ekonomikoa. Horrelako ekonomia duen herrialdeko ardatz nagusia “industria kapitaina” deritzana da, hots, negozio bat jartzeko erronkari ekiten dion enpresaburua.
Herrialdearen garapen ekonomikoa aurrera joan ahala, enpresaburu mota horrek garrantzia galtzen du, nahiz desagertu ez. Eta aurrez aurre, beste “enpresaburu” edo “negozioburu” bat agertzen da, “zuzendari edo kudeatzaile profesionala”. Zuzendari edo kudeatzaile profesionalen agerpena enpresa handiaren sorrerarekin batera gertatzen da.