1839ko Legea eta Pertsiarren Manifestua: Azterketa Historikoa
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,27 KB
1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA
1839ko urriaren 25eko Legea testu juridiko bat da, artikulutan banatutako lege bat, indarrean jarri eta arautzeko egina. Egile kolektiboa du, botere legegilea zuten gorteetako ordezkariak, ideologia liberal moderatukoa.
Testua herritar guztiei zuzendua dago, eta xede nagusia Euskal Foruen egoera berria arautu eta zehaztea da, espainiar konstituzioarekiko menpekotasuna azpimarratuz. 1839ko urriaren 25ean idatzi zen, Maria Kristina Napolikoaren erretordetzaren (1833-1840) azken garaian. Orduan, liberal moderatuak zeuden agintean (1837-1840). Lehen Karlistaldia amaitu eta bi hilabetera idatzi zen, Madrilgo gorteetan.
Azalpena
Testuaren hasieran, Isabel II.a adingabea dela aipatzen da, eta bere ama Maria Kristina erretore dela. Gorteek lege hau agindu dutela ere esaten du.
1. artikuluak Euskal probintzietako eta Nafarroako Foruak berresten direla dio, batasun konstituzionalari utzi gabe. 2. artikuluan, Foruetan aldaketak emango direla esaten da, Estatu espainiarraren interes orokorrarekin bat eginez eta Konstituziora egokituz.
Aurrekariak
Testua bere garaian kokatzeko, 1830. urtera egingo dugu atzera. Urte hartan, Fernando VII.ak ez zuen oinordeko garbirik. Bere anaia Carlos Maria Isidro zen ondorengoa, baina 1830ean Isabel jaio zen. Fernando VII.ak Berrespen Pragmatikoaren bidez Lege Salikoa indargabetu zuen, emakumeei tronua ezeztatzen ziena. Hortaz, Isabel II.ak zuen oinordekotza. Egoera honen aurrean, bi alderdi sortu ziren: absolutistak (Karlisten taldea) eta liberalak (Isabeldarren taldea). Fernando VII.a hil zenean (1833), Isabelek 3 urte besterik ez zituen, beraz, Maria Kristinak hartu zuen erretordetza. Karlistek ez zuten hori onartu, eta gerra-bidea hartu zuten, lehenengo Karlistaldia hasiz (1833-1839).
Gerra hau hego Euskal Herrian izan zen gordinen. Euskaldun gehienak, katoliko eta foruzale sutsu zirelarik, Karlisten alde jarri ziren. Bazeuden euskaldun liberalak ere, hirietan gehienbat.
Lehen Karlistaldiak hiru fase izan zituen:
- Lehen fasean (1833-35), karlistek gerrillen taktika erabili zuten, Tomas Zumalakarregi buru zutelarik. Zumalakarregi 1835ean hil zen.
- Bigarren fasean (1835-37), karlisten saiakerek porrot egin zuten, eta 1837az geroztik liberalen armada indartuz joan zen.
- 1839an, karlisten sektore transakzionistak gerra galdutzat jo zuten, eta irtenbide hitzartuaren alde jarri ziren, Maroto jenerala buru zutelarik.
Karlos Maria Isidro armadarik gabe geratu zen, eta erbestera ihes egin behar izan zuen. 1839ko abuztuaren 31n, Maroto karlistak eta Espartero jeneral liberalak Bergarako besarkadarekin eman zioten amaiera gatazkari, Bergarako ituna sinatuz. Bertan, Karlistek Isabel II.a erregina onartu zuten, eta ordainetan Esparterok foruak defendatzeko hitza eman zuen. Gainera, militar karlistei ejerzitu liberalean sartzen utzi zien, beren postu eta soldatak mantenduz. Karlisten sektore apostolikoak gerran jarraitu zuen, 1840an dena galdu zuten arte.
2. PERSIARREN MANIFESTUA
Pertsiarren Manifestua manifestu politiko bat da. Egile kolektiboa du: Gorteetako diputatuen herenak idatzi zuen, absolutistek hain zuzen ere.
Fernando VII.ak 1813an koroa eskuratu zuenez, Espainian erregimen absolutista berrezartzea eta 1812an idatzitako legedi liberala (1812ko Konstituzioa) indargabetzea da manifestu honen xedea. Madrilen idatzi zen, 1814ko apirilaren 12an. Momentu horretan, Independentzia gerra amaitu berri zen, eta Napoleonek Valençayako ituna sinatuz, 1813an, Fernando VII.ari itzuli zion koroa. Manifestua bere erregetzaren lehenengo garaiaren hasieran idatzi zen; Seiurteko Absolutistaren (1814-1820) hasieran.
Testuaren hasieran, antzinako pertsiarren ohitura bati erreferentzia egiten zaio, hemendik baitator “Pertsiarren manifestua izena”. Ohitura hau Fernando VII.a gatibutasunean egondako urteekin alderatzen dute. Bestalde, monarkiko kontserbadore bezala aurkezten dira manifestuaren idazleak. Jarraian, monarkia absolutua goraipatzen dute, arrazoian eta adimenean oinarriturik dagoela esanez, eta Espainiaren tradizioaren zati gisa aurkezten dute absolutismoa. Azkenik, Espainiako usadio eta ohiturak errespetatzeko, Cadizen ezarritako arautegi sistema eta erregimen liberala bertan behera uztearen beharra azpimarratzen da.
Aurrekariak
Oso garai ezegonkorrean idatzi zen testu hau. 1808an, Godoy ministrariak eta Carlos IV.ak baimena eman zioten Napoleoni bere tropak Espainiatik igarotzeko. Hauek ordea, herrialdea okupatzeari ekin zioten. Hala, matxinada eta altxamenduak hasi ziren, Aranjuezko matxinada lehenengoa izanik. Honen bitartez Godoy epaitua izatea eta Carlos lV.ak abdikatzea lortu zuten. Barne liskarrez baliatuta, Napoleonek Carlos IV.a eta bere seme Fernando VII.a Baionan bildu eta biek abdikatzea lortu zuen, eta bere anaia Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege. Frantsesen tropak Espainiara sartu izanaren eta espainiar erregetza frantsesen esku geratu izanaren aurkako errekazio gisa, Independentzia gerra hasi zen Espainian (1808-1813). Egoera latzari aurre egin eta erregea kanpoan zen bitartean herrialdea nola gidatu erabakitzeko, 1810ean Gorteak bildu ziren Cadizen. Bertan ideologia desberdinetako jendea bildu zen, baina ideia liberalak gailendu ziren, eta lehen konstituzio liberala idatzi zuten 1812an: subiranotasun nazionala, botere banaketa, berdintasun juridikoa eta beste hainbat printzipio liberal aldarrikatu ziren.
Hala ere, Cadizko Konstituzio liberal eta absolutisten arteko akordioa izan zenez, absolutistek herrialdeak konfesionala izaten jarraitzea eta ordurarteko klase pribilegiatuen jabetza pribatuak aitortzea lortu zuen. Esan beharra dago, ordea, Cadizen liberalismoaren oinarriak berretsi baziren ere, herritar gehienek monarkia eta katolikotasunaren aldeko izaten jarraitzen zutela Espainian.
1813an, Independentzia Gerraren amaieran, Napoleonek koroa itzuli zion Fernando VII.ari Valençaiako itunarekin (1813). Hau ikusita, Gorteetako diputatuen herenak, zati absolutistak, Pertsiarren Manifestua sinatu zuen 1814ko apirilaren 12an Madrilen. Ikus dezakegunez, bertan beraien leialtasuna adierazi zioten erregeari, eta monarkia absolutua sutsuki defendatu zuten, Cadizko legedia gaitzetsiz eta beraien monarkia absolutua eta Erregimen Zaharreko printzipioak berrezartzeko nahia erakutsiz. Gainera, testuaren izenburuak adierazten duen bezala, antzinako Pertsian erregea hiltzean bost eguneko anarkia ezartzen zuten, seigarren egunetik aurrera, herritarrak ondorengo erregearekiko leialagoak izan zitezen, eta horrekin alderatzen du Fernando VII.ak 1808tik 1814ra Baionan gatibutasunean igarotako garaia. Ondoren, absolutismoa sutsuki defendatzeari ekiten diote, Jainkoaren Legearekin alderatuz, eta arrazoia eta adimenaren aparteko erabilera dakarrela esanez. Hala, Fernandok estatu kolpea eman zuen 1814ko maiatzean, manifestuaren babesarekin eta herritar absolutista, lur jabeen eta nobleen laguntzaz. Behin aginte absolutura iritsita, Konstituzioa eta lege liberal guztiak indargabetu eta Erregimen Zaharra berrezarri zuen: gizarte estamentala, jauntxoen erregimena, inkisizioa, eta baita euskal foruak ere.
Bere agintaldian zehar, Fernando VII.aren kezka nagusia botere absolutua mantentzea izan zen, nahiz eta gerraren ondorioz herrialdea lur jota egin, ogasunaren zorra handitu eta arazo ekonomiko handiak zeuden. Hau dela eta, 1820ko Riego eta Quiroga-ren matxinadaren ostean 1823 arte iraungo zuen hirurteko liberala hasi zen. Bertan, Fernandok zin egin behar izan zuen 1812ko Konstituzioa, eta Cadizko legedi liberala berrezarri zen. Dena den, Aliantza Santuak bidalitako San Luisen Ehun Mila Semeak armadaren laguntzarekin, Fernando VII.ak aurrea hartu zien liberalei Cadizen, 1823ko apirilean. Eta haren erregetzako azken hamarkadan, Hamarraldi Gaitzezgarrian (1823-33), monarkia abosolutista berrezarri zuen, beste behin ere Cadizko legedi osoa bertan behera utziz.
Ondorioak
Pertsiarren Manifestuarekin monarkia absolutista eta Erregimen Zaharra berrezarri ziren Espainian, Cadizen lortutako aurrera pausu guztiak berriz atzean utziz. Atzerakoia izanda ere, Pertsiarren Manifestua baliagarria da garai hartako egoera ulertzeko. Izan ere, testua espainiarren jarrera kontserbadorearen adierazgarri da, uzkur agertu baitziren ideia liberal eta iraultzaile berrien aurrean.