1839ko Urriaren 25eko Legea: Foruen Gainetik Gorteak
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,3 KB
Testuinguruan kokatzeko, esan bezala, lege hau argitaratu zen Isabel II.aren adingabetasun garaian, Maria Kristina erregeorde zela, I. Karlistaldiaren ondoren. Hobeto ulertzeko denboran atzera egin behar da Lehen Gerra Karlista hasierara arte hain zuzen.
Karlismoaren sorrera eta Lehen Karlistaldia
Karlismoa 1820an sortutako mugimendu politikoa izan zen, Fernando VII.a hil zenean hedatu zena. Fernando VII.aren garaian indarrean zegoen Espainian Lege Salikoa, emakumeak koroa jasotzea debekatzen zuena, baina Fernando VII.ak lege hori indargabetzeko Berrespen Pragmatikoa idatzi zuen. Horrela, bera hiltzean, tronua bere alabaren esku, Isabel II.aren esku, geratu zen. Orduan Karlos Maria Isidrok ez zuen onartu Isabel II. erregina bezala, bere burua tronuan jarri nahi baitzuen (Karlos V). Hortaz, “Abranteen Adierazpenen” bidez koroa eskatu zuen. Honengatik, lehen karlistada hasi zen.
Arrazoiak: Azalekoak eta Sakonak
Hala eta guztiz ere, aurrekoa azaleko arrazoia izan zen, tronuan zein jarri. Arrazoi sakona zein erregimen ezarriko zen, zeren Karlos Ma Isidroren aldekoek, karlistek, absolutismoa defendatzen zuten eta Isabel II.aren aldekoek, isabelinoek, liberalismoa.
Euskaldunak Karlisten Alde
Euskaldun gehienak karlisten alde jarri ziren, hauek Foruen alde agertu zirelako. Liberalismoak, berriz, haiek desegiteko asmoa zuen, batasun judiziala eta ekonomikoa, berdintasuna defendatzen baitzuen.
Lehen Karlistaldiaren Garapena eta Amaiera
Karlistada hau 1833tik 1839 arte luzatu zen. Hasieran Zumalakarregi nabarmendu zen baina zauritua izan zen Bilboko setioan eta hil zen. Hortik aurrera karlisten gainbehera hasi zen. Madril hartzen saiatu ziren Errege Espedizioan baina ezin izan zuten. Orduan, Marotok, general karlistak, galdu egin behar zutela ikustean, liberalak hobeto hornituta zeudelako, ezkutuan bakea sinatu zuen Esparterorekin, Bergarako Besarkada (1839). Hitzarmen honetan, karlistek Isabel II.a erregina onartu zuten eta Esparterok konpromezua hartu zuen Madrilgo Gorteen aurrean Foruak mantentzeko edo aldatzeko proposamena egiteko. Gorteen erantzuna hemen dugun legea izan zen, 1839ko urriaren 25eko legea.
Ondorioak eta Garrantzia
Konklusio moduan esan behar da Lege hau oso garrantzitsua izan zela; izan ere, lehenengo aldia izan zen Gorteak Foruen gainetik jartzen zirela. Hortik aurrera Foruak Gorteek onartutako zerbait izango ziren eta ez euskaldunek berezko zuten zerbait; ez zuten horrenbesteko indarrik izango. Nahiz eta dokumentu honekin garai hartako egoera baketu ez zuen arazo karlista konpontzea lortu eta gerra gehiago egongo ziren. Burges liberalak irten ziren irabazle, Foruak mugatzea (barne aduanak kentzea) lortu zutelako.
Konstituzioa eta Madrilgo Legea Nagusi
Momentu hartatik aurrera arazorik bazegoen, Konstituzioa eta Madrilgo Legea izango ziren nagusi eta horiek bete beharko ziren. Lege honen ondoren, ildo beretik joango diren beste dekretu batzuk argitaratuko dira; adibidez, Esparteroren erregeordetzaren garaiko dekretu bat. Honen ondorioz Foru-pasea indargabetu eta barne aduanak kostaldera eraman ziren. Hortik gutxira, Isabel II.aren adingabetasun garaian beste dekretu baten bidez Foruen aspektu batzuk berreskuratuko ziren baina ez galdutako pribilegioak. Era guztietan, Foruak 1876. urtera arte mantendu ziren.