1855eko Espainiako Trenbideen Lege Orokorra: Analisia eta Testuingurua
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,95 KB
IRUZKINA 4: 1855eko Espainiako Trenbideen Lege Orokorra
Lokalizazioa eta Klasifikazioa
Hona hemen 1855eko ekainaren 3an argitaraturiko Trenbideen Legearen artikulu sorta bat. Lege hori Isabel II.aren erregealdiaren biurteko aurrerakoian onartu zen, eta trenbide-sarearen sorrera antolatu eta sustatu nahi zen. Izaera juridiko-ekonomikoa duen testua da. Juridikoa, lege bat delako, eta ekonomikoa, bere edukiak inbertsioak sustatzea eta ekonomia dinamizatzea duelako helburu.
Lehen mailako iturri historiko zuzena da. Francisco Luxan Sustapen ministroak proposatutako legea izan arren, egile kolektiboa dela esango dugu, Gorteetan egin zelako. Legea den aldetik, hartzailea publikoa da, eta horregatik argitaratu zen hiru egun geroago Madrilgo Gazetan.
Analisia
Testuaren helburu nagusia trenbidea Espainian ezartzen laguntzea da, eta ideia nagusiak Gobernuaren lidergoari, inbertitzaileentzat eskatzen diren baldintzei eta inbertsiogileek lor ditzaketen irabaziei buruzkoak dira. Ideia horietako bakoitza laburki azalduko dut.
4. artikuluak adierazten du trenbideak, zerbitzu orokorrekoak direnean, Gobernuak edo ekimen pribatuak eraiki ahal izango dituztela. Ideia horrek liberalismo aurrerakoiaren oinarrizko printzipioetako bat islatzen du: ekintzailetza pribatua sustatuko duen askatasun ekonomikoa, hain zuzen ere. Hala ere, trenbidegintzaren sektorea «liberalizatzen» bada ere, hori egin ahal izateko sustatzaile pribatuek baimena eskatu beharko diote gobernuari (6. artikulua).
Gobernuak trenbidea sustatzeko duen borondatea argi eta garbi ikusten da 8. artikuluan, non, horri eutsiko dioten enpresa edo partikularrentzat dirulaguntzak emateko hainbat formula onartzen diren. Zehazki, hiru aipatzen dira: eraikuntzan gobernu berarekin elkarlanean arituz; enpresei inbertitutako kapitalaren zati bat itzuliz edo inbertitutako kapitalarekiko interes txiki bat bermatuz.
19. artikuluak gerra-egoera batek eragin litzazkeen kalteetatik babesa eskaintzen die atzerriko kapitalei; ziurtasun hauek ez dira nolanahikoak, kontuan badugu dagoeneko mende honetan hiru gerra-egoera bizi izan dituen herrialde batez ari garela (independentzia, eta lehen bi gerra karlistak) eta egoera sozio-politikoa, gainera, ez dela bereziki lasaia.
20. artikuluak hainbat abantaila jasotzen ditu eraikitzeko baimena lortzen duten enpresentzat: behar duten lursail publikoa; larre eta basoen erabilera; harrobiak ireki eta ustiatzeko ahalmena; inportatutako materialetarako muga-zergen ez ordaintzea eta abar.
Oro har, orain arte esandakoak bistan uzten du Gobernuak merkatua irekitzeko eta dinamizatzeko interesa duela. Horretarako, pertsonen eta salgaien garraioa ulertzeko modua aldatuko duen eta industria-jarduera hasi berriari lagunduko dion eta aberastasuna sortuko duen trenbide-sare bat eraikitzeari ekingo dio. Azken batean, testuak gizarte berri baten iritsiera jakitera ematen du, ekoizpen-modu, harreman ekonomiko eta bizitzeko modu berriekin.
Azken artikuluak, trenbide guztiek metro eta 80 zentimetro bitarteko zabalera izango dutela adierazten du, Europako trenbide-sarea baino zabalagoa. Honek, trenbidea inbasio-tresna bezala erabiltzeko arriskua saihesteko balioko zuena, ekonomi jarduerarentzat oztopo bihurtuko zen.
Azken batean, lege honen edukian argi eta garbi azaltzen da trenbide-sarea lehen mailako proiektua dela, eta horretarako beharrezko neurriak hartzen direla, kapital pribatuaren edo atzerritarraren inbertsioa babesteko eta laguntzeko, funtsezko sektore bat liberalizatuz eta Europako gainerako lurraldeetan gertatzen denarekin bat eginez.
Testuinguratzea
Isabel II.aren erregealdiko faseetako bat biurteko aurrerakoia izan zen (1854-1856). O'Donell jeneralaren pronuntziamenduak, Vicalvaron alde batetik, eta argitaraturiko Manzanaresko Manifestuak bestetik, altxamendu militarra erradikalizatu zuten. Honek jeneral gehiagoren batasuna ekarri zuen, eta herritarren babes zabalak “kolpearen” arrakasta eragin zuen. Ondorioz, Espartero progresista buru izango zuen gobernua osatu zen. Gobernu aldi hau laburra baina emankorra izan zen: 1855ean Madozek bultzaturiko herri-lurren desamortizazioa; aplikatzera iritsiko ez zena, baina izaera progresista nabarmena izango zuen Konstituzio berri baten sorkuntza; edo herriaren modernizazio ekonomikoa bultzatuko zuen Trenbideen Legea.
XIX. mendearen erdian, Espainian, beste herrialde askotan bezala, jarduera bizia garatu zen trenbidearen eraikuntzaren inguruan. Hasiera eman zitzaionean, 1848an, Bartzelonatik Matarora zihoan 28 km-ko trenbide luzera baino ez zen inauguratu; hiru urte geroago Madrildik Aranjuezerako trenbidea jarraitu zion.
1855eko Trenbideen Legea erabakigarria izan zen trenbide-sarearen garapena bultzatzeko; lege horrek eraikuntza gauzatzeko beharrezkoak ziren atzerriko kapitalak erakartzea erraztu zuen, Espainiako industriako sektore batzuen interesen kaltetan (siderurgiarena, kasu). Beharrezko baliabideak lortzeko eta atzerriko kapitala erakartzeko bitartekoak jarri ziren, izan ere, Espainiako ogasuna eta jaiotzen ari zen industria nazionala ez zeuden proiektu horri aurre egiteko moduan.
Lege horren ondorioz, eraikuntzaren lehen fasean (1856-1866) 4.000 km sortu ziren, urtean 431 km eginez. Cadiz-Madril-Irun eta Atlantiko-Zaragoza-Mediterraneo lineak osatu ziren. Horrela, 1860 inguruan, trenbide-sareen oinarrizko egitura eratu zen konpainia garrantzitsuenekin. Osatzen joango den trenbide-sareak aukera emango du Espainia bere hiriburutik antolatzeko; garraio denborak eta ahalmenak aldatuko ditu; bidelapurreria oso presente zegoela Espainian, bidai-segurtasuna areagotuko du; eta inoiz ez bezalako tropen mugimendua ahalbidetuko du (hortik hainbat mesfidantza).
Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, zirkulazio-eskasiaren ondorioz, zerbitzuan jarritako lineek lortutako errendimendu eskasek eta egoera politiko ezegonkorrak inbertsioak geldiarazi zituzten: ez zegoen merkantziak garraiatzeko eskaera nahikorik, jaiotzen ari zen industria-jardueraren partetik; herritar gehienen bizimoduak ere, ez zuen trenak eskaintzen zuen mugikortasunean erakargarri handirik sortzen. Hori guztia gutxi balitz, trenbide-lanak gauzatzeko esleipen-moduak, sarritan espekulazio-ustelkerietarako bidea ematen zuen, eraikuntza-prozesu osasuntsua oztopatuz eta finantza-krisi garrantzitsua eraginez.
Garrantzia eta Ondorioak
Espainiako siderurgiarentzat porrot nagusia suposatu zuen burdinbidearen eraikuntzak, izan ere, legeak ezarritako muga-zergarik gabeko burdinen inportazioaren ondorioz, enpresak atzerrian hornitu ziren. Hala ere, epe laburrean, industrializazio-prozesuaren garapena eta horrek gizarte-ereduan ekarriko lukeen paradigma-aldaketa (egoera jakin horretan jarraitu behar den sistema) sustatzeko balio izan zuen.
Bestalde, baimenak esleitzeko eta emateko sistemak, alde batetik, eta bide horiek eraikitzearen ondoriozko espekulazioak, bestetik, krisi ekonomiko gogorra eragingo dute, besteak beste, Isabel II.aren erregealdiari amaiera emango dion iraultza beharra elikatuz.