1967ko Estatuaren Lege Organikoa: Frankismoaren Oinarriak
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,82 KB
Aztertzen ari garen testua 1967ko Estatuaren Lege Organikoaren zati bat da, eta bere izaerari dagokionez, testu historikoa, politikoa eta juridikoa da. Lehen mailako iturria da, frankismoaren barne-antolaketa finkatu zuen testu gisa, eta lege bat izanik, balio juridikoa du. Egileak Gorte frankistak izan ziren, baina Francoren papera erabakigarria izan zen. Zirriborroa Carrero Blanco eta beste kide batzuek prestatu zuten arren, azken edizioa eta aurkezpena Francoren esku egon ziren, bere esku baitzeuden botere guztiak.
Testua publikoa da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta nazioari zuzendu zitzaion. Helburu nagusia aurretik frankismoak emandako legeak bateratzea zen, konstituzio baten antza izango zuen lege orokor baten bidez. Legea 1967ko urtarrilaren 11n eman zen, eta Gorteetan onartu ondoren, erreferendumean berretsi zen propaganda kanpaina handi baten laguntzaz. Legea frankismoaren bukaera aldera plazaratu zen, 60ko hamarkadako testuinguru soziopolitiko eta ekonomiko berezian. Francok lege honen bidez irudi demokratikoago bat erakutsi nahi izan zuen kanpora begira, baina bere helburua erregimenaren oinarriak finkatzea zen, frankismoa Franco hil ondoren ere bizirik mantentzeko.
Legearen Helburua eta Artikulu Nagusiak
Legearen helburua Estatuaren antolakuntza juridikoa egituratzea izan zen, aurreko lege guztiak artikulu bakarrean bilduz. Honako hauek dira garrantzitsuenak:
- 1. artikuluak Espainia Erresuma dela ezartzen du eta Estatua erakunderik gorenena dela.
- 2. artikuluak subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina dela adierazten du. Herritarren ordez, Espainiako Estatua da subiranoa.
- 3. artikuluan, Estatuaren erakundea botere-batasunean eta funtzioen koordinazioan oinarritzen dela azaltzen da, Mugimendu Nazionalaren printzipioak jarraituz.
- 6. artikuluan, Estatuburuaren botere zabala zehazten da: botere legegilea, betearazlea eta judiziala bere esku daude; armadaren eta alderdi bakarraren burua da, eta nazioaren ordezkari gorena. Hau da, boterearen metaketa nabaria da.
- 14. artikuluan, lehen aldiz, estatuburu eta gobernuburu karguak bereizi egiten dira, nahiz eta Francok berak izendatu behar zuen gobernuburua.
Testuinguru Historikoa eta Aurrekariak
Testuinguru historikoa ulertzeko, kontuan hartu behar da Estatu frankistaren zuzenbide-egitura Gerra Zibilean hasi zela, eta ondorengo legeekin sendotu zela. 1938an, gerra amaitu aurretik, Francok gobernua Burgosen finkatu zuen eta botere guztiak bere esku hartu zituen. Hasierako urteetan, botere hori indartzeko, indar politiko guztiak bat eginarazi zituen 1937an, FET-JONS alderdi bakarrean, eta Lanaren Forua (1938) aldarrikatu zuen, sindikatu bakarra ezarriz. 1942ko Gorteen Legea, 1945eko Espainiaren Forua, eta Erreferendum Legea ere frankismoaren egituraketa juridikoan garrantzitsuak izan ziren. Horrela, “Demokrazia Organikoa” deritzona ezarri nahi izan zuen erregimenak.
1947ko Ondorengotza Legeak Espainia erreinu gisa aitortu zuen, baina erregerik gabe, eta izendapenaren eskumena Francorena zen. Azkenean, 1958an, Mugimendu Nazionalaren Oinarrizko Printzipioen Legea onartu zen, eta 1967ko Lege Organikoa lege horien guztiaren jarraipena izan zen, haien edukia sistematizatuz eta sendotuz. 1960ko hamarkadan, Espainian hazkunde ekonomiko handia gertatu zen, baina aldi berean oposizioa ere handitzen hasi zen. Francok, egoera horretan, lege honen bidez irudi modernizatu eta demokratikoagoa eman nahi izan zuen. Hala ere, legeak ez zuen erregimenaren oinarria aldatu, baizik eta berriro berretsi zuen frankismoaren izaera autoritarioa. Zenbait aldaketa kosmetiko egin ziren: Gorteetako osaera zabaldu zen (familia, udalerri eta sindikatuetako ordezkariekin), eta estatuburu-gobernuburu funtzioak bereizi ziren, nahiz eta Francok zuen izendapen-ahalmena. 1969an, Francok Juan Carlos Borboikoa izendatu zuen bere ondorengo, eta 1973an, bere osasunaren gainbehera ikusita, Carrero Blanco izendatu zuen gobernuburu. Haren heriotzak (ETAk hil zuen) plan guztiak zapuztu zituen, eta Arias Navarro hartu zuen haren lekua, baina ez zuen gaitasunik erregimena egokitzeko.
Ondorioak eta Eragina
Laburbilduz, Estatuaren Lege Organikoak ez zuen frankismoaren oinarri politikorik aldatu. Sistema zentralista, katolikoa, autoritarioa eta errepresiboan oinarrituta jarraitu zuen. Nahiz eta lege honek konstituzio baten itxura hartu nahi izan zuen, benetan Francoren aginte osoa eta Mugimendu Nazionalaren printzipioak bermatzea zuen helburu. Francoren agintaldia amaierara iritsi arren, ez zuen egiturazko aldaketarik egin.
Azkenik, herritarren artean frustrazioa nagusitu zen, eta gero eta gehiago ziren benetako askatasunak eta eskubideak eskatzen zituztenak. Erregimenak, ordea, ez zituen eskaera horiek kontuan hartu, eta horrek eragin zuen oposizioaren indartzea, greba, protesta eta ekintza politikoen ugaritzea. Francok, hala eta guztiz ere, aginteari tinko eutsi zion hil arte, eta bere helburu nagusia frankismoaren iraunkortasuna bermatzea izan zen, nahiz eta azkenean horrek porrot egin zuen.