Añoveros Sermoiari Buruzko Azterketa: Frankismoa eta Euskal Herria

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 12 KB

Kokapena

Elizetan irakurritako sermoi bat da, lehen mailako dokumentua. 1974an egin zen, eta Añoveros da egilea, Bilboko gotzaina. Frankismoak ia 35 urte zeramatzan indarrean, eta diktadorea oso gaixo zegoen. Bizkaiko meza guztietan irakurtzeko xedean idatzi zen. Bizkaiko katolikoak ziren hartzaileak, eta garai hartako biztanleria gehiena katolikoa zela eta mezetara igandero joaten zela esan dezakegu.

Analisia

Gotzainaren idatziak arazo bat aipatzen du hasieran: euskal gatazka. Hori zer den azaltzen jarraitzen du ondoren. Hainbat herritarrek Euskal Herria zapalduta dagoela ikusten dute, eta eskubideak aitortzea nahi dute. Baina badira afirmazio horrekin ados ez daudenak, eta bide horretatik doan saio oro gizarte sistemari egiten zaion eraso larria dela uste dute. Hirugarren paragrafoan, euskal herriaren ezaugarri kultural eta espiritualez ari da, eta euskarari egiten dio aipamen berezia. Berariazko nortasun bat aitortzen dio, Espainiako beste herrien artean. Eskubide osoa duela nortasun hori mantentzeko dio, “bidezko askatasuna aitortuko dion antolamendu soziopolitiko baten barruan”. Azkenaurreko paragrafoan, euskal herriak dituen oztopoez ari da, eta euskararen erabilera mugatua azpimarratzen du. Amaieran, Elizak aholkua eta adorea behar duela esaten du gure herriko egoera behar bezala aldatzeko.

Testuingurua

Gerraosteak suposatu zuen kultura haustura sakonaren eraginez, 1950eko hamarkada arte ez ziren indartu kultur proiektu berriak. 1960ko hamarkadatik aurrera, euskal kulturaren susperraldiaren harira, Arantzazuko bilera eta euskara batuaren sorrera aurki genitzake, Koldo Mitxelena sustatzaile nagusia zelarik. Horrek euskaraz idatzitako literaturaren produkzioaren bizkortzea ekarri zuen, hezkuntza sisteman eta musikan eragina izan zuena. Gainera, ikerketa maila berrindartu zen, artegintza plastikoaren berreskurapenarekin eta euskal folklore taldeak agertzearekin batera. 1969-1975 bitartean, agerikoa zen frankismoaren aurkako oposizioaren sendotasuna areagotuz zihoala. Horren adierazleak ziren erakunde sindikal eta politikoak, Elizako sektore batzuk, intelektualak… Euskal Herriko egoeraren bereizgarria aldarrikapen politikoei estu loturiko gizarte mugimendu garrantzitsu batzuk gorpuztea izan zen: amnistia, euskara eta askatasun orokorren aldeko borrokan protagonismo berezia izango dutenak. 1970eko Burgosko Epaiketa izan zen diktaduraren historian mobilizaziorik handienak sortarazi zituen gertaera. Protestak Euskal Herrian eta Espainian ez ezik, atzerrian ere ugaritu ziren. Greba eta manifestazio asko izanda, Gobernuak salbuespen egoera behin eta berriro ezarri zuen. Horrela, Francok indultua eman behar izan zien. Erakunde armatuaren ekintzarik ikusgarriena 1973ko abenduaren 20an egin zen, Luis Carrero Blanco almirantea hil zutenean. Frankismoaren azken uneetan, erregimenaren bortizkeria geroz eta nabariagoa zela eta, Añoveros Bilboko apezpikuak sermoi bat irakurri zuen, sistema politikoa eta haren ekintzak kritikatuz. 1974ko abuztuan, terrorismoaren aurkako Lege-Dekretu bat sinatu zen, atzeraeraginezko izaera zuena, ETAko eta oposizioko beste talde armatu batzuetako kideak epaitzeko. Unerik gogorrena 1975eko irailean izan zen, ETA eta FRAPeko kideen hilketen ondorioz.

Testuaren Garrantzia

Garrantzi handiko testua dugu hau, Frankismoaren azken urteetako krisia ikusteko. Eliza beti izan du ondoan, baina orain berak ere aurre egiten dio. Legitimitatea gero eta larriagoa zuen Francok. Testu hau Bizkaiko eliza gehienetan irakurri zuten, eta euskaldunak horren jakitun izan ziren. Garaiak aldatzen ari ziren.

1. Erbestea eta Errepresio Politikoa

Gerra Zibilean, 1937an, Iparraldeko frontea erori zenean, euskal abertzale eta sozialista ugarik Ipar Euskal Herrira alde egin zuten. Eusko Jaurlaritzak Frantzian egin zuen denboraldi bat. Agirre lehendakaria zela, Frantziako hegoaldetik Francoren erregimenari gogor egin zion aurka. Alemaniarrek Frantzia hartu zutenean Bigarren Mundu Gerran, euskaldun asko deportatuak izan ziren, eta beste hainbatek erresistentzian parte hartu zuten aliatuen alde. Estatuko gainerako lurraldeetan bezalaxe, Francoren diktadurak eragindako errepresioa guztiz bortitza izan zen Euskal Herrian. Frankistek Bizkaia menderatu ondoren, erbesteratze masiboa gertatu zen (150.000 pertsona inguru, eta gerra garaian 32.000 haur erbesteratu ziren), eta 36.000 espetxeratu zituzten lehenengo unean bertan (1937). Munduko Gerra amaitu ondoren, erbesteko espainiar gobernu errepublikarrean zeresan handia izan zuten Eusko Jaurlaritzak eta bertako lehendakariak, Jose Antonio Agirrek. EAJ alderdiak diktadura frankistaren aurkako erresistentzian jardun zuen, eta Agirre pertsonaren irudira bildu ziren Eusko Jaurlaritzaren barnean zeuden beste alderdi eta erakundeak (PC, PSOE, CNT eta errepublikarrak). Zuzeneko eragina izan zuten Eusko Jaurlaritzaren dinamikan erbesteko oposizio talde desberdinen arteko harreman zailek; izan ere, monarkia zaleenganako hurbiltze politikak baldintzatu zuen sozialisten jarduna (Prietok eta atzerriko sozialistek gerra bukatu bezain laster defendatu zuten bide hura), eta oztopo handia izan zen hura euskal fronte sendo bat osatzerakoan. Frankistek 1937an Euskadi kontrolatu zutenean hasi zen errepublikanoen eta nazionalisten aurkako errepresioa. Gipuzkoak eta Bizkaiak kontzertu ekonomikoa galdu zuten, eta Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean (1939) areagotu egin zen erregimenaren legedi errepresiboa. Alderdi politikoak eta sindikatuak debekatu zituzten. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak eutsi egin zion Euskadirekiko harremanari, eta, horri esker, Erresistentzia Batzorde bat eta Eusko Jaurlaritzaren Kontseilu Delegatu bat sortu ziren. Lehen urteetan, erregimena agintetik kentzeko aukera aztertu zen, eta horretarako Bigarren Mundu Gerrako aliatuen eta barneko oposizioaren laguntza baliatu zen. Helburu horrekin egin zen Baionako Ituna 1945ean.

Errepresioa

Espainian, Iparraldeko frontea erori zenean, nazionalek harturiko lurretan bi bando —irabazleena eta galtzaileena— argi eta garbi bereizi ziren. Egungo Euskadin gehienak galtzaileak ziren, eta horregatik, gerraren ondorio latzenak jasan behar izan zituzten: epaiketak, fusilamenduak, kartzelaratzeak, erbestaldiak, lapurketak... Hala ere, lehenengo bi urteko errepresioa ez zen beste probintzia batzuetakoa bezain gogorra izan, Santoñako errendizioagatik eta Agirrek Bizkaiko industria guneak kaltetu gabe nazionalen esku uzteagatik. Beranduago, ordea, 1939az geroztik, nazionalek erabateko garaipena eskuratu zutenean, euskal lurretan eskubide eta ideiak zapaldu ziren gordinki eta laztasun handiz, eta euskal abertzaleek eta ezkertiar guztiek jasan zituzten horren ondorioak (Erantzukizun Politikoen Legea). Dena den, karlista, kontserbadore eta falangista askok altxamendua babestu zuten, eta Francoren erregimenaren alde egin zuten hasieratik. Garbiketa politikoa eta soziala oso sakona izan zen administrazioan (Diputazio eta udaletan) zein irakaskuntzan (“Comisión depuradora del Magisterio Español”). Apaiz nazionalisten aurkako errepresioa ere gogorra izan zen: 16 fusilatu, 278 preso hartu, 1.300 erbesteratu… Giza eskubideek eta eskubide politikoek ez ezik, euskara eta euskal kulturak ere (bai eta kataluniarrak, galiziarrak eta komunitate guztietakoek ere) zapalkuntza handia jasan zuten, eta beren agerraldi publikoak debekatuak izan ziren maiz. Errepublikari leial irauteagatik, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidoretzat hartu, eta beraien Kontzertu Ekonomikoak zigor modura ezabatuak izan ziren; ez, ordea, Nafarroan eta Araban, altxamendu faxistari emandako babes handiagatik. Izan ere, euskaldun askok (karlista, kontserbadore...) altxamendua babestu eta erregimen frankistaren aldeko sektorea osatu zuten. Euskal goi-burgesiak bere indarra berreskuratu zuen, erregimenarentzat ezinbesteko oinarria bilakatuz.

2. Frankismoaren Oposizioa: Itxaropena eta Frustrazioa

Eusko Jaurlaritzak, Jose Antonio Agirre buru zuelarik, erbesteko beste gobernuek baino modu bateratuagoan jardun zuen. 1939an Frantziara lekualdatu zen, eta 1941etik aurrera, II. Mundu Gerra amaitu arte, New Yorken kokatu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren baitan bildu zen oposizio antifrankista. Politikoki, errepresio handia jasan arren, itxaropenezko urteak izan ziren. Izan ere, erbestean zirauen Eusko Jaurlaritzak eta barnean geratu zen oposizio ahulduak, Bigarren Mundu Gerra aliatuek irabaziz gero Espainian erregimen frankista kendu eta Errepublika berrezarriko zela pentsatzen zutelako. 1945ean, indar antifrankistek Baionako Hitzarmena sinatu zuten, Errepublikarekiko leialtasuna berretsiz, Eusko Jaurlaritzari sostengua emanez, diktadurari aurka eginez eta monarkiaren berrezarkuntza galaraziz. Barne oposizioari dagokionez, PCEk, PSOEk eta CNTk berrantolatzeko ahaleginak egin zituzten, eta makien gerrillari dagokionez, ez zuen ia ezarpenik izan. Horregatik, lan gatazken ondorioz indarra hartu zuen langile mugimendua izan zen protesta garrantzitsuenak bideratu zituena. 1947an, Erresistentziarako Batzordeak grebarako deia egin zuen UGT, ELA eta CNTren babesarekin, lan baldintzak, erosahalmenaren jaitsiera… eragileak izan zirelarik. Erregimenak oso gogor erreprimitu zuen. Greba honen arrakasta ikusirik, 50eko hamarkadan frankismoaren aurkako protestetan helburu sindikalak nagusitu ziren, eta beste greba batzuk burutu ziren. 1950-1955 bitartean, ordea, kanpo zein barne oposizioaren itxaropen guztiak erabat zapuztuta geratu ziren, erregimen frankistaren sendotzea eta nazioarteko onartzea etorri zirenean. Gerra Hotzak eta komunismoaren aurkakotasunak bide eman zuten Francoren erregimena mundu zabalean onartu eta behin betiko sendotzeko. Franco Estatu Batuek babesturiko aliatu erabilgarri eta seguru bihurtuko zen. Eusko Jaurlaritzak susperturiko diplomaziaren bideak porrot egin zuen, beraz. 1950etik 1955era bitartean, Vatikanoarekin Konkordatua sinatu zen, AEBekin Hitzarmenak egin ziren, eta Espainia NBEn onartu zuten. Euskal gobernuak komunistak kanporatu zituen, eta EAJren barnean lehenengo desadostasunak itzuli ziren. Euskal Herrian oposizioko mugimendu berriak sortuz joan ziren, eta, pixkanaka, alde batera utzi zuten erbesteko oposizio ofizialaren ekimena.

3. Garapen Ekonomikoa: Industrializazio Aro Berria

Euskal Herriko gizarteak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan bizi izan zituen aldaketa eta itxuraldatze prozesu sakonaren erakusgarri nagusiak hauek dira: industrializazioa, ekonomia hazkundea, barnealdeko landa-eremuetako biztanle-hustutzea, immigranteen etorrera masiboa eta urbanizazio-prozesu sakona eta kaotiko samarra. Izan ere, Egonkortze Planaren bidez (1959) erregimenak autarkiari amaiera ematea erabaki zuenetik, euskal ekonomiak hazkunde biziko sasoi bati hasiera eman zion, 1973ko krisia etorri arte iraungo zuena. Hazkundea bereziki nabarmena izan zen ordurako industrializatuta zeuden eremuetan, hots, Bizkaian eta Gipuzkoan, industri hazkunde honen arrazoiak honakoak izanik:

  • Eskulan ugari eta merkea. Hamarkada hauetan immigranteen etorrera masiboa gertatu zen, eta industria eskualdeetan egokitu ziren nagusiki etorkin horiek. Horrek eta biztanleriaren hazkundeak zuzeneko eragina izan zuten euskal biztanleria aktiboaren tasan. 1960 eta 1975 artean, biztanleria aktiboa %25,2 hazi zen Euskal Herrian.
  • Finantziazio egokia. Alde batetik, barneko aurrezkia eta euskal bankaren dinamismoa. Bestetik, atzerriko inbertsioen garrantzia, sektore metalurgikora eta, batez ere, kimikora zuzendua.
  • Teknologiaren inportazioa, garapen teknikoa ahalbidetu zuena.
  • Euskal esportazioen hazkunde nabarmena.

Eredu honek, ordea, arazo batzuk zituen: dibertsifikazio eta lehiakortasun maila apala, energiaren gehiegizko kontsumoa, kutsadura maila handiak… Debako arroan, gainera, kooperatibismoaren sorrera eman zen, 1956an katolizismo sozialaren eskutik, Arizmendiarrieta apaizak Arrasaten ULGOR (FAGORen aurrekaria) kooperatiba bultzatu zuenean. 1959an, bestalde, Araba eta Nafarroako industrializazio prozesua sustatu zen inbertsio publikoen bidez eta erakunde publikoek bultzatuta. Arazo nagusia lurralde desoreka izan zen, hiriburuen inguruan ezarri baitziren enpresa guztiak.

Entradas relacionadas: