Antzinako Erregimenaren Krisia eta Estatu Liberalaren Eraikuntza

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 12,9 KB

Antzinako Erregimenaren Krisia

Aurrekariak: Antzinako Erregimena

Erdi Aroaren amaieratik XVIII. mendera arte Europan nagusi izan zen egitura politikoa (monarkia absolutista), soziala (gizarte estamentala) eta ekonomikoa (nekazaritzan oinarritua) izan zen.

Krisiaren Arrazoiak

Egiturazko faktoreak

  • Absolutismo ilustratuaren mugak: "Dena herriarentzat, baina herririk gabe" leloak adierazten duen bezala, botere guztia erregearen eskuetan zegoen.
  • Arazo ekonomikoak: Ogasunaren defizita larria zen, diru-sarrerak gastuak baino askoz txikiagoak baitziren.
  • Burgesiaren gorakada: Burgesak aberatsak ziren, baina ez-pribilegiatuak. Pribilegiatuekin berdintasuna eskatzen zuten.

Faktore koiunturalak

  • Krisi ekonomikoa: Gobernuaren kontrako herriaren ezinegona areagotu zuen.
  • Frantziako Iraultzaren eragina:
    • Barne politikan: Gobernuaren jarrera itxia eta ideia iraultzaileen hedapena.
    • Kanpo politikan: Espainiak Frantzia iraultzailearen aurka parte hartu zuen Konbentzio Gerran. Gero, Frantziarekin aliatu zen Erresuma Batuaren aurka, eta porrot handiak jasan zituen, Trafalgarko guduan esaterako.

Fontainebleauko Ituna (1807): Frantziaren (Napoleon) eta Espainiaren (Godoy) artean sinatua. Helburua Portugal konkistatzea zen, Erresuma Batuaren aliatua zena. Itunaren bidez, tropa frantsesek Espainia zeharkatzeko baimena lortu zuten. Ondorioz, Frantziak Portugal konkistatu ondoren, Espainia ere inbaditu zuen.

Monarkiaren krisi politikoa

  • Familia-tirabirak zabaldu ziren Karlos IV.a, Fernando semea eta Godoyren artean. Erregea eta bere balidoa ez ziren gai arazoak konpontzeko.
  • Godoyren aurkaritza handitu zen: goi-noblezia, kleroa, intelektualak eta herri xehea haren aurka jarri ziren.
  • Ekintzak:
    • El Escorialeko prozesua: Porrot egin zuen konspirazioa.
    • Aranjuezeko altxamendua: Pribilegiatuek bultzatuta, Godoyren erorketa eta Karlos IV.aren abdikazioa eragin zituen.

Baionako Abdikazioak (1808): Karlos IV.ak eta Fernando VII.ak tronuari uko egin zioten Napoleonen presiopean. Enperadoreak bere anaia Jose Bonaparte jarri zuen Espainiako errege. Gertaera honek Independentzia Gerra piztu zuen.

Jose I.aren Erregealdia eta Independentzia Gerra (1808-1814)

Jose I.aren Gobernua (1808-1813)

Jose Bonapartek modernizazio plan bat zuen: estatu zentralizatuagoa, lege-sistema uniformea eta neurri liberal batzuk ezarri nahi zituen. Hala ere, gehiengoak arbuiatu zuen, "errege arrotza" zelako. Bere aldeko gutxiengoari "frantsestuak" deitu zitzaion, eta intelektual, noble eta ilustratu erreformazaleek osatzen zuten.

Baionako Estatutua (1808): Jose I.ak emandako gutun aitortu bat izan zen. Absolutismoari eusten zion, baina zenbait askatasun aldarrikatzen zituen.

Independentzia Gerra (1808-1814)

Independentzia Gerra Espainiak 1808 eta 1814 artean Napoleonen tropen inbasioaren aurka bizi izan zuen gatazka izan zen. Espainiako herria armetan altxatu zen, gerrillen eta armaden bidez, Cadizen Gorteak antolatzen ziren bitartean. Gerra 1814an amaitu zen, frantziarren porrotarekin eta Fernando VII.a tronura itzultzearekin.

  • Baionako Abdikazioen ondorioz, 1808ko maiatzaren 2an Madrilen altxamendua piztu zen, eta mugimendu antifrantsesak herrialde osora hedatu ziren.
  • Botere hutsunearen aurrean, Defentsarako Batzar Probintzialak eta, ondoren, Batzorde Zentral Gorena sortu ziren, frantsesen aurkako erresistentzia koordinatzeko.
  • Gerrilla taldeek etengabe eraso zieten frantsesei.
  • Britainiarrek, Wellingtonen gidaritzapean, laguntza militarra eman zuten eta garaipen erabakigarriak lortu zituzten: Arapiles (1812), Gasteiz (1813) eta San Martzial (1813).
  • Gerra Valençayko Itunarekin (1813) amaitu zen, Fernando VII.a Espainiara itzuli eta errege bihurtuz.

Valençayko Ituna (1813): Frantziaren (Napoleon) eta Espainiaren (Fernando VII.a) artean sinatua. Gerra amaitzea eta Fernandori koroa itzultzea zuen helburu.

Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa

Cadizko Gorteak (1810-1814)

Cadizko Gorteak 1810ean Cadiz hirian Espainiako eta Ameriketako ordezkarien bilera bat izan ziren, Napoleonen aurkako erresistentzia antolatzeko sortua. Bertan, 1812ko Konstituzioa onartu zuten, Espainiako lehen konstituzio liberala, subiranotasuna herriarena zela, legearen aurreko berdintasuna eta hainbat askatasun moderno ezartzen zituena.

  • Helburuak: Botere hutsunea betetzea, gerra antolatzea eta Amerikako gertaerei erantzutea.
  • Osaera: Noble eta elizgizon gutxi, hirietako erdi-mailako klasea, estatuaren zerbitzariak, lanbide liberalekoak eta merkatariak.
  • Ideologiak: Liberalek gehiengoa zuten, eta haiei esker Gorteek subiranotasuna beren gain hartu eta Konstituzioa prestatzen hasi ziren. Absolutistak eta ilustratuak ere bazeuden.
  • Jarduera legegilea: Antzinako Erregimena desegiteko legeak onartu zituzten, pribilegioak kenduz eta askatasunak bermatuz.

1812ko Konstituzioa ("La Pepa")

  • Subiranotasun nazionala aldarrikatzen zuen.
  • Monarkia konstituzionala ezartzen zuen (Fernando VII.a errege gisa).
  • Botereen banaketa jasotzen zuen.
  • Oinarrizko eskubideak onartzen zituen: adierazpen- eta prentsa-askatasuna, askatasun pertsonala, etxebizitzaren bortxaezintasuna.
  • Erlijio katolikoa ofizial bihurtzen zuen, tolerantzia erlijiosorik gabe.

Gerra zela eta, eragin praktiko txikia izan zuen. Hiru alditan egon zen indarrean: 1812-1814, 1820-1823 eta 1836-1837.

Fernando VII.aren Erregealdia (1814-1833)

Frantziako tropek Independentzia Gerra galdu ondoren, Fernando VII.a Espainiara itzuli zen errege gisa.

Seiurteko Absolutista (1814-1820)

Persiarren Adierazpena (1814): 69 diputatu absolutistek sinatutako agiria izan zen. Horren bidez, erregeari absolutismoa berrezartzeko eskatu zioten, eta hark onartu egin zuen.

Valentziako Dekretua (1814): Cadizko Gorteen lan legegile guztia deuseztatu eta Antzinako Erregimenera itzultzea agindu zuen.

Garai honen ezaugarriak ezegonkortasuna, Ogasunaren porrota, frantsestuen eta liberalen aurkako errepresio gogorra eta liberalen konspirazio ugariak izan ziren.

Riegoren Pronuntziamendua (1820): Matxinada militar arrakastatsu honek Fernando VII.a 1812ko Konstituzioa zin egitera behartu zuen.

Hirurteko Liberala (1820-1823)

Liberalek konstituzioa berreskuratu zuten, eta eztabaida politikoa zabaldu zen prentsa eta elkarte patriotikoen bidez. Horrek liberalen arteko zatiketa ekarri zuen:

  • Moderatuak: Erregearekin adostasunetara iristearen aldekoak ziren eta Konstituzioa erreformatu nahi zuten.
  • Progresistak (edo asaldatuak): Erreforma erradikalagoak babesten zituzten, 1812ko Konstituzioa aldatu gabe.

Absolutistek hasieratik konspiratu zuten, eta azkenean Fernando VII.ak botere absolutua berreskuratzea lortu zuten, armada frantses baten laguntzarekin.

San Luisen Ehun Mila Semeen Inbasioa (1823): Frantziatik bidalitako armada bat izan zen, Espainiako liberalak suntsitzeko eta Fernando VII.a errege absolutu gisa berrezartzeko. Horrela amaitu zen Hirurteko Liberala.

Zorigaiztoko Hamarkada (1823-1833)

Liberalismoaren aurkako errepresio gogorra izan zen, baina, aldi berean, Antzinako Erregimena berrezartzeko ahaleginak modernizazio administratibo eta ekonomikorako premiarekin talka egin zuen.

  • Erreformak: Ogasunean aurrekontuak egituratu ziren, eta administrazioan Ministroen Kontseilua sortu zen. Hala ere, emaitzak mugatuak izan ziren.
  • Oposizioa: Liberalek matxinadak antolatzen jarraitu zuten, eta absolutista erradikalenak (geroago karlistak) Karlos Maria Isidro infantearen inguruan biltzen hasi ziren, Fernandori erreforma batzuk egitea leporatuz.

Ondorengotza auzia

1830ean, Fernando VII.ak Berrespen Pragmatikoa aldarrikatu zuen, Lege Salikoa indargabetuz eta emakumeei erreinatzeko aukera emanez. Horrela, bere alaba jaioberria, Isabel, oinordeko bihurtu zen. Bere anaia Karlosek ez zuen onartu, eta horrek gatazka dinastikoa piztu zuen. 1833an Fernando hil zenean, Lehen Karlistaldia hasi zen.

Isabel II.aren Erregealdia (1833-1868)

Maria Kristinaren Erreginaordetza (1833-1840)

Garai hau Lehen Karlistaldiak (1833-1839) eta liberal moderatuen eta progresisten arteko lehiak markatu zuten.

  • Errege Estatutua (1834): Gutun aitortu oso moderatua, trantsizioko lehen urratsa izan zena.
  • Mendizabalen desamortizazioa (1836): Elizaren lurrak saldu ziren gerra finantzatzeko eta erregimen liberala sendotzeko.
  • La Granjako Sarjentuen Matxinada (1836): Progresistak gobernura eraman zituen eta 1812ko Konstituzioa berrezarri zen aldi baterako.
  • 1837ko Konstituzioa: Progresista, baina moderatuekin adostua. Subiranotasun nazionala eta eskubide zabalak jasotzen zituen.

Esparteroren Erregeordetza (1841-1843)

Erregimen autoritarioa ezarri zuen. Ingalaterrarekin sinatutako akordio librekanbistek Bartzelonan protesta handiak sortu zituzten, eta hiriaren bonbardaketak bere ospea suntsitu zuen. Altxamendu militar batek bere erregeordetzari amaiera eman zion, eta Isabel II.aren adin-nagusitasuna aurreratu zen.

Hamarkada Moderatua (1844-1854)

Narváez jenerala izan zen pertsonaia nagusia. Estatu liberala modu zentralista eta kontserbadorean antolatu zen.

  • 1845eko Konstituzioa: Subiranotasun partekatua (Gorteak eta erregea), errolda-sufragioa eta eskubide mugatuak ezarri zituen.
  • Beste neurri batzuk: Guardia Zibila sortzea, zerga-sistema erreformatzea, hezkuntza-sistema bateratzea eta 1851ko Konkordatua Vatikanoarekin sinatzea.
  • Bigarren Karlistaldia (1846-1849) ere garai honetan gertatu zen.

Vicalvarada (1854): O'Donnellek bultzatutako altxamendu militarrak, progresisten eta herritarren babesarekin, Hamarkada Moderatuari amaiera eman zion.

Biurteko Progresista (1854-1856)

Espartero eta O'Donnell izan ziren gobernuburuak. Erreforma ekonomiko sakonak egin ziren.

  • Madozen desamortizazioa (1855): Udalen eta estatuaren ondasunei eragin zien.
  • Burdinbideen Lege Orokorra (1855): Trenbide-sarearen eraikuntza bultzatu zuen atzerriko kapitalarekin.

Ezinegon sozial handia eta krisi politikoak zirela eta, biurtekoa O'Donnellen estatu-kolpe batekin amaitu zen.

Batasun Liberalaren Gobernua eta Krisia (1856-1868)

O'Donnellen Batasun Liberala alderdi zentrista bat zen. Egonkortasun politiko erlatiboa lortu zen, baina hauteskunde-ustelkerian oinarrituta. Kanpo-politikan, prestigioa bilatzeko espedizioak egin ziren, Afrikako Gerran (1859-1860) esaterako. 1866tik aurrera, krisi ekonomiko eta politikoak erregimenaren gainbehera bizkortu zuen.

Ostendeko Ituna (1866): Progresistek eta demokratek Isabel II.a tronutik kentzeko sinatutako akordioa izan zen. Horrek 1868ko Iraultza Loriotsua ekarri zuen, erreginaren erbestearekin amaitu zena.

Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)

Iraultza Loriotsuaren ondoren, Espainian lehen erregimen demokratikoa ezartzeko saiakera egin zen.

1869ko Konstituzioa

Espainiako lehen konstituzio demokratikoa izan zen.

  • Subiranotasun nazionala eta gizonezkoen sufragio unibertsala.
  • Monarkia demokratikoa botere mugatuekin.
  • Eskubide eta askatasunen adierazpen zabala, kultu-askatasuna barne.

Amadeo I.aren Erregealdia (1871-1873)

Serranoren erregeordetza baten ondoren, Amadeo Savoiakoa errege hautatu zuten. Bere erregealdiak ezegonkortasun handia izan zuen, babes politiko faltagatik eta oposizio gogorragatik (karlistak, alfontsinoak, errepublikanoak). 1873an abdikatu zuen.

Lehen Errepublika (1873-1874)

Amadeoren abdikazioaren ondoren aldarrikatua, ezegonkortasun handiko aldia izan zen. Errepublikanoen arteko zatiketak, arazo sozialek, Hirugarren Karlistaldiak eta kantonalismoaren matxinadak markatu zuten. Urtebetean lau presidente izan zituen (Figueras, Pi i Margall, Salmerón, Castelar) eta Pavía jeneralaren estatu-kolpe batekin amaitu zen.

Entradas relacionadas: