Argi-uhinen islapena eta errefrakzioa: Oinarriak

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,53 KB

Argi-uhinen islapena eta errefrakzioa

Uhina ingurune batetik hedatzen dabilela, beste ingurunetik banantzen duen gainazalera iristean, energiaren parte bat jatorriko ingurunera itzultzen da: uhinen islapena gertatu dela esan ohi dugu. Aldi berean, uhin erasotzailearen energiaren beste partea bigarren ingurunera transmititzen da, uhinaren errefrakzioa sortuz.

Adibidez, argi-uhin bat mota desberdineko bi ingurune gardenen arteko bananketa-gainazalera iristean, parte bat islatu egiten da, eta beste parte bat errefraktatu.

Argi-izpiak eta norabide-aldaketak

Islapen- eta errefrakzio-fenomenoak aztertzeko, oso baliagarria da argi-izpiak kontsideratzea (uhin-frontearen perpendikularrak diren norabideak), argiak jasaten dituen norabide-aldaketak erakusten baitizkigute.

Errefrakzioaren oinarrizko printzipioak

Gainera, argiaren errefrakzio-fenomenoak aztertzeko oso garrantzitsua da honako puntu hauek kontuan izatea:

  • Argiaren abiadura handiagoa da hutsean ingurune materialetan baino.
  • Hutsean, argi-erradiazioen abiadurak ez du uhin-luzeraren mendekotasunik: konstantea da. Hala ere, ingurune materialetan uhin-luzeraren mendekotasuna du.
  • Argi-erradiazioen maiztasuna berdina da hutsean eta ingurune materialetan; baina uhin-luzera ez da berdina.

Errefrakzio-indizea

Argiaren abiadurari dagokionez, ingurune material bakoitzari errefrakzio-indizea deritzon zenbaki berezia dagokio. Ingurune baten errefrakzio-indize absolutua (n), argiak hutsean duen hedapen-abiaduraren (c) eta ingurune horretan duen hedapen-abiaduraren (v) arteko erlazioa da: n = c / v.

Hutsean errefrakzio-indizea n = 1 da, eta airean ere bai, gutxi gorabehera. Beste ingurune materialetan n unitatea baino handiagoa da, c abiadura v abiadura baino handiagoa baita beti.

Magnitudeen aldaketa

Aurrekoa laburbilduz, hauxe esan dezakegu: uhina ingurune batetik beste batera igarotzean aldatuko diren magnitudeak v (abiadura) eta λ (uhin-luzera) dira, eta f (maiztasuna) ez da aldatuko (T = 1/f ere ez da aldatuko).

Errefrakzio-indizearen formulan abiaduren ordez uhin-luzeraren bidezko adierazpideak ordezkatuz, ikusiko dugunez, maiztasunak ingurunearen mendekotasunik ez duenez, abiadura aldatzean, uhin-luzera ere aldatuko da.

λ₀ = argi-erradiazioaren uhin-luzera hutsean; λ = uhin-luzera ingurune materialean.

Entradas relacionadas: