Arte Abstaktuaren Sorrera eta Bilakaera
Clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en
con un tamaño de 2,26 KB
Sarrera
Lehendabiziko abangoardiek lengoaia klasiko figuratiboa hausten lagundu zuten:
- Fauvismoak kolorearen balio subjektiboa eta emozionala indartu zuen.
- Kubismoak errenazimentuak utzitako espazio monofokala deuseztu zuen.
- Futurismoak abiadura eta aldiberekotasuna azpimarratu zituen.
- Espresionismoa, azkenik, helburuak galduta zituen munduaren samintasunean murgildu zen.
Lengoaia figuratiboarekin berarekin haustea baino ez zen geratzen, natura imitatzeari uztea, eta hau abstrakzioaren bidez lortu zuten.
Abstrakzioa
Arte abstraktua errealitatekoak ez ziren formak irudikatzen hasi zen, irudiak eta objektuak konposizioetatik kanpo utziz. Ordura arteko mugimendu artistiko guztiak figuratiboak izan ziren, nahiz eta kasu batzuetan errealitatea zen bezala ez irudikatu. Pintura abstraktuak, aldiz, bere berezko bideak besterik ez zituen erabili: formak, kolorea eta konposizioa.
Postinpresionistek hasi zuten abstrakziorako bidea, beraiek izan baitziren errealitatea alde batera utzita pintatzeari ekin zioten lehenak. Ondoren abangoardiak etorri ziren eta, lengoaia klasikoarekin hautsiz, pintura figuratiboari ere amaiera eman zioten. Abangoardia guztietatik espresionismoak izan zuen eragin handiena, Kandinsky pintore errusiarrak zehazki esatearren, lengoaia formalaz gain edukiak eman zizkiolako lehen aldiz abangoardia bati. Honen ondorioz bi abangoardia berri jaio ziren: neoplastizismoa eta konstruktibismoa.
Lehen Abstrakzioak
Kandinskyk 1910ean egin zuen lehen abstrakzioa. Espresionista zelarik ere, barneko beharrak adierazteko balio zuen arte bakarra abstrakzioa zela defendatuko zuen; beraz, espresionismoan aritu ondoren abstrakziora pasa zen. Bi garai bereiz daitezke bere obran:
- 1910-1921: Gauza materialei baino gehiago, musikari eta izpiritualtasunari loturik zegoen bere obra. Koloreak eta hauen arteko erlazioak izan ziren elementu nagusi urte hauetako lanean.
- 1921-1944: Pentsamolde razionalista izan zen nagusi garai honetan Kandinsky artistarengan. Puntua eta lerroa izan ziren oinarrizko elementu bere konposizio guztietan.