Arte Erromanikoa: Ezaugarriak eta Arkitektura
Clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en
con un tamaño de 2,55 KB
Arte Erromanikoa: Sarrera
Erreforma klunitarrak Europa osoko kristau erresumei –Iberiar Penintsula barne– ekarri zien erlijiozko aire berria, baita dekorazio eta arkitektura estilo berria ere; horri, oro har, erromanikoa esaten zaio.
Arkitektura erromanikoa erlijiozkoa da batez ere, eta horren mendeko dira eskultura eta pintura; horiek dekoraziozkoak dira. Erromanikoak izen hori XIX. mendean hartu zuen; izan ere, uste zen (gaizki uste ere), formak arte erromatarraren ondorioz zehaztuta zeudela. Italiako iparraldean jaio zen, Lombardia eskualdean, X. mendean, eta XIII. mendearen hasierara arte mantendu zen, arte gotikoarekin batera bizi izan zelarik.
Ez ahaztu: Arte Erromanikoaren faktoreak
Arte erromanikoa zenbait faktorek baldintzatzen dute:
- Gizarte feudala: batez ere landa-eremuko ezarpenarekin.
- Elizaren botere handia: monasterioen bidez gauzatzen zen botere hori.
- Arkitektura: Eliza, txikia zein handia izan, arkitekturako adierazpenik orokorrena da.
- Iraunkortasuna: arkitektura sendoa eta iraunkorraren aldeko interes berezia.
- Erromesaldiak: Europan zehar estiloa zabaltzen lagundu zutenak.
Arkitektura Erromanikoa
Ezaugarriak
Arkitektura erromanikoak zenbait ezaugarri homogeneo ditu Europa osoan:
- Horma, arkua eta estalkia estiloaren hiru elementurik nabarmenenak dira.
- Forma desberdinak ditu, garatzen den herrialdearen eta eskualdearen arabera.
Materialak
Oinarrizko materiala harria da, silarri erregularretan ebakia. Hormak kalitate gutxiagoko materialez betetzen dira (betegarria), hormak sendo irauten laguntzen duten harri txikiekin.
Elementu eraikitzaileak
Puntu erdiko arkua
Erdizirkularra da eta alboko bultzadak ditu.
Kanoi ganga
Egurra ordezkatzen du, suterik egon ez dadin. Puntu erdiko arku bat luzetarako ardatz batean zabalduz eratzen da.
Parpain arkua
Ganga sendotzeko balio du. Zeharka, nabearen ardatzean jarritako arkua da.
Kontrahorma
Hormak sendotzeko erabiltzen da. Obra trinkoa da eta pilastra-forma du, hormari erantsia; hormak bultzadarik handienei eusten dien puntuetan sendotzeko erabiltzen da.
Pilareak
Elementu bertikal eusleak dira. Sendoak eta funtzionalak dira, orokorrean zabalak eta sekzio poligonalekoak.
Kapitelak
Zutabeen fustean jarritako elementuak; arkuari edo arkitrabeari eusten diote zuzenean.