Berrezarkuntza Espainian eta Euskal Herrian: Politika, Ekonomia eta Gizartea (1874-1923)

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,63 KB

gaia: Berrezarkuntzako sistema politikoa (1874-1923)

Alfontso XII.aren erregealdia (1874-1885):

1874ko abenduan hasi zen Berrezarkuntza, Seiurteko Demokratikoaren porrotaren ondoren. Borboikoen dinastia tronura itzuli zen, eta liberalismo kontserbadorea nagusitu zen (gobernu oligarkikoak). Antonio Cánovas del Castillo izan zen sistema berriaren antolatzailea. Saguntoko pronuntziamendutik Primo de Riveraren estatu-kolpera arteko sistema politikoak hiru oinarri zituen:

  1. 1876ko Konstituzioa: 1845ekoaren bertsio modernoagoa, tradizio liberal moderatuan oinarritua. Erregearentzako botere zabalak, herritarren eskubideak agintarien kontrolpean, eta sufragio zentsitarioa zituen ezaugarri.
  2. Bi alderdiko sistema (Txandakatzea): Bi alderdi ofizial txandakatu ziren boterean:
    • Alderdi Kontserbadorea: Cánovas buru, liberal moderatuak eta unionistak biltzen zituen.
    • Alderdi Liberal Fusionista (Alderdi Liberala): Sagasta buru, progresistak biltzen zituen.
    Oposizioa sistematik baztertuta zegoen (errepublikazaleak, langile-mugimendua, karlistak, periferiako nazionalistak...).
  3. Jauntxokeria: Txandaketarako hauteskunde-iruzurra bermatzen zuen sistema. Herrietako handikiek (jauntxoek) botoa kontrolatzen zuten. Hirietan, oposizioaren presentzia gero eta handiagoa zen.

Maria Kristina Habsburgokoaren erregeordetza (1885-1902)

Alfontso XII.a hil zenean, sistemaren iraupena arriskuan zegoen. Cánovas eta Sagasta bildu ziren, eta ordura arte bezala jarraitzea erabaki zuten (Pardoko Ituna). Maria Kristina erregina alarguna tronuan egongo zen, oinordekoa adinez nagusia izan arte.

Karlismoa menperatu arren, ez zen kolonietako independentismoa indargabetzea lortu. 1898an azken koloniak galdu izanak Espainiaren dekadentzia agerian utzi zuen (1898ko Krisia). Krisi honekin batera, Espainian hausnarketa sakona hasi zuten pentsalari batzuek, erregenerazionistak. Espainiaren gabeziak ikusi zituzten, baina ezin izan zuten egoera aldatu. Mugimendu honetako kideak R. Macías Picavea, Ángel Ganivet eta Lucas Mallada izan ziren. Haien ordezkari nagusia Joaquín Costa izan zen. Ideia erregenerazionistak garaiko politikariengana iritsi ziren, baina emaitza handirik gabe.

Alfontso XIII.aren erregealdia (1902-1923)

Alfontso XIII.aren erregealdiko lehen aldian, Berrezarkuntzako erregimenaren gainbehera nabaria izan zen. Bi alderdi nagusietan zatiketa handiagoa zegoen, eta lider historikoak desagertu ziren. Erreforma saio guztiek porrot egin zuten. Jauntxokeria ahulduz joan zen, eta oposizioak gora egin zuen, batez ere hiriguneetan.

Marokoko arazo kolonialek eta militarren ekintza errepresiboek militarren prestigio eskasa areagotu zuten. 1909ko Aste Tragikoa Marokoko arazoen ondorioz sortutako gatazka larria izan zen, Bartzelonan gertatua. Matxinada zapaltzeko errepresio handia egon zen.

Krisietan, erregeak militar kontserbadoreenei ematen zien babesa. 1917tik aurrera, sistemaren suntsipena azkartu zen. Urte hartan, agintarien kontra hiru protesta egon ziren: langile-mugimenduaren greba bat, militar batzuena, eta oposizioko beste alderdi batzuena. Kontzentrazio gobernuak egiten eta desegiten ziren. Nahasmen sozial handia eta egoera ekonomiko kaskarra izan ziren 1923ra arteko aldiaren ezaugarri nagusiak.

1921ean, Marokoko auziak unerik txarrena ezagutu zuen. Annualgo sarraskiak giro politiko txarra areagotu zuen. Picasso jeneralak gertatutakoari buruzko txosten bat idatzi zuen. Ez ziren ardurak eta zigorrak zehaztu. Handik gutxira, Primo de Rivera jeneralak zuzendutako estatu-kolpe batek krisialdia amaiarazi zuen.

Erregearen eta oligarkia tradizionalen babesarekin, Miguel Primo de Riverak boterea hartu zuen 1923an, ordura arteko antolaketa politikoa abolitu eta diktadura bat ezarriz.

gaia: Euskal Herria: Errestaurazio garaiko industrializazioa eta haren gizarte-ondorioak (1875-1923)

Kontzertu Ekonomikoa

  • Cánovasen gobernuak, foru-sistemaren galera leuntzeko, zergak kudeatzeko erregimen berezia onartu zien euskal probintziei: Kontzertu Ekonomikoa. Autonomia fiskala mantentzen zuten.
  • Diputazioek (ez gobernu zentralaren ordezkariek) zergak kobratzen zituzten.
  • Maria Kristina Habsburgokoaren erregeordetzan, gobernu zentralak kontzerturako erreforma kaltegarri bat egin nahi zuen, eta Euskal Herrian protestak piztu ziren. Matxinada haiek laster sortuko zen nazionalismoaren aurrekaritzat hartu dituzte adituek.

Industrializazioaren zergatiak

XIX. mendean, Espainiako ekonomian ez zen modernizazio esanguratsurik gertatu. Salbuespena periferiako lurralde batzuetako industrializazioa izan zen: Kataluniako ehungintza aitzindaria izan zen, eta, gero, burdingintzan saio batzuk egon ziren, eta Euskal Herrikoa arrakastatsua izan zen.

Euskal Herriko modernizazio ekonomikoaren aldeko faktoreak:

  • Tradizio industriala.
  • Lehengai garrantzitsu bat edukitzea (burdina). Honek enpresa britainiarrak erakarri zituen, Bessemer bihurgailuan erabiltzeko, eta euskal industrializazioari asko lagundu zion, teknologia eta industria berria sustatuz.
  • Kokapen geografikoa: kostaldean egoteak merkataritzatik bizi zen burgesia baten sorrera ahalbidetu zuen. Burgesia honek industrian inbertituko zuen geroago.

Bizkaia eta Gipuzkoaren industrializazioaren konparazioa

Bizkaiko eta Gipuzkoako industrializazioek eredu desberdinak jarraitu zituzten:

  • Bizkaia: Industria astuna eta tamaina handikoa, Bilbo aldean kontzentratua. Hastapenetan, eragin britainiarra erabakigarria izan zen.
  • Gipuzkoa: Dibertsitate handiagoa, enpresa txikiak eta ertainak, herrialdean sakabanatuta. Atzerriko kapitala ez zen garrantzitsua izan prozesua hasteko, kapital natiboaren ekimena izan zen.

Desberdintasun hauek iraunkorrak izan ziren.

Industrializazioaren garapena Berrezarkuntzan

Errestaurazio garaian, hazkunde industriala nabarmena izan zen, burdinaren erauzketak eta esportazioak handitu zirelarik. 1900. urtera arte, ustiapen-erritmo handia luzatu zen. Kapital handiak sortu zirenez, industria-iraultza finantzatzea posible izan zen. Kontzertuek ere lagundu zuten.

Motorea siderurgia izan zen. Britainia Handira burdina eramaten zuten ontziek ikatz ingelesa ekartzen zuten, hobea eta merkeagoa zelako. Britainia Handitik teknologia ere ekartzen zuten.

Denborarekin, enpresen kontzentrazioa areagotu zen. Adibidez, Vizcaya, Iberia eta Altos Hornos de Bilbao enpresak elkartu ziren, Altos Hornos de Vizcaya sortuz.

Euskal burgesia beste jarduera batzuetan ere interesatu zen (ontzigintza, industria elektrikoa...), eta sektore finantzariora ere sartu zen, banku batzuk fundatuz.

Gizarte-ondorioak

Industrializazioarekin batera, Euskal Herrian gizarte kapitalista bat finkatu zen. Burgesia industrial sendo bat sortzeaz gain, lantegietan eta meategietan lan- eta bizi-baldintza gogorrak pairatzen zituen langile-klase bat ere agertu zen. Langile horietako asko etorkinak ziren, eta biztanleriaren hazkunde nabarmena izan zen industriguneetan. Haien alde borrokatzeko, langile-mugimendu bat sortu zen.

Testu motak

Testu politikoak

  • Manifestua: Talde baten pentsaera (ideologia) adierazten duen idazkia.
  • Hitzaldia: Norbaiten ikuspuntuaren ahozko adierazpena.
  • Programa: Talde politiko baten egitasmoak adierazten dituen idazkia.
  • Pronuntziamendu baten manifestua: Botere politikoa indarrez hartu nahi dutenen adierazpena, altxamendua zilegi egiteko eta aliatuak lortzeko.

Testu juridikoak

  • Legea: Gizarte bateko arlo jakin baten funtzionamendurako promulgatzen den arau juridikoa, herritar guztiek (agintariek barne) errespetatu behar dutena.
  • Konstituzioa: Estatu baten funtzionamendua arautzen duen lege nagusia, haren oinarri juridiko-politikoak eta herritarren eskubideak adierazten dituena.
  • Autonomia-estatutua: Espainiako erkidego baten autogobernua zehazten duen arau juridikoa.
  • Dekretuak: Lege berri bat indarrean jartzen duen Gobernuaren agindua.
  • Ituna: Zenbait talde politikoren artean adosten den hitzarmena, non sinatzaileek bete beharreko printzipioak dauden.

Testu narratiboak

  • Saiakera: Norbaitek gai baten inguruan duen ikuspegia adierazteko idazten duen liburua.

gaia: Langileen mugimendua eta nazionalismoa Euskal Herrian (1890-1923)

Euskal Herriko egoera nazionalismoa agertu zenean

Euskal Herrian, Berrezarkuntza garaian, askotariko joera politikoak egon ziren. Gizarte-talde bakoitzean, talde nagusi bat identifikatzen zen:

  • Oligarkia industriala Espainiako botere zentralisten aliatua zen.
  • Langile-klasean sozialismoa zabaldu zen.
  • Karlismoa leku batzuetan mantendu zen, eta beste batzuetan nazionalismoa zabaldu zen.

Industrializazioaren ondorio sozialak

Industrializazioarekin batera, Euskal Herrian gizarte kapitalista bat finkatu zen. Burgesia industrial sendo bat sortzeaz gain, lantegietan eta meategietan lan- eta bizi-baldintza gogorrak pairatzen zituen langile-klase bat ere agertu zen. Langile horietako asko etorkinak ziren, eta biztanleriaren hazkunde nabarmena izan zen industriguneetan. Haien alde borrokatzeko, langile-mugimendu bat sortu zen.

Langile-mugimenduaren sorrera eta bilakaera Euskal Herrian

Errestaurazio garaian, Espainiako langile-mugimendu nagusia anarkismoa izan zen (politikaren etsaia). Euskal Herrian, ordea, tradizio marxistako mugimendua (borroka politikoa defendatzen zuen ildoa) nagusitu zen, sozialismoa, PSOE alderdiaren eta UGT sindikatuaren inguruan antolatua. Facundo Perezagua, Pablo Iglesiasen laguntzailea, izan zen buru, ildo erradikala defendatuz.

UGT sindikatua erakunde nagusia izan zen Euskal Herrian, eta haren joera oso borrokalaria zen, beste talde batzuekin aliantzarik nahi ez zuena. Euskal federazioa madrildarrarekin eta asturiarrarekin batera federazio nagusietakoa izan zen.

1890eko greba langile-mugimenduaren sorreran abiapuntu nabarmena izan zen. Mugimenduak Bilboko itsasadarreko ezkerraldean eta Eibar bezalako udalerri industrialetan presentzia izan zuen.

Sozialistak jatorri antikapitalista iraultzailetik joera erreformistago batera mugitu ziren apurka-apurka. Bilakaera honek barne-gatazkak sortu zituen. Perezagua erradikalaren lidergoa Indalecio Prieto moderatuak bereganatu zuen, beste alderdi batzuekin aliantzak sustatu nahi zituena. Mugimendu sozialista hura euskal nazionalismoarekin batera sistema ofizialaren oposizioko talderik garrantzitsuenetako bat izango zen hurrengo urteetan.

Euskal Herriko egoera nazionalismoa agertu zenean

Industrializazioak Euskal Herrira ekarritako aldaketa sozial eta ekonomiko sakonek euskal nortasun tradizionalari kalte handia egiten zioten. Gainera, azken gerra karlistaren ostean foru-sistema ezabatu zutenez, horrek guztiak egonezin handiagoa eragin zuen herritar askorengan. Egoera berriari erantzuteko eta euskal nortasuna defendatzeko, mugimendu abertzalea agertu zen. Bizkaitik beste euskal lurraldeetara zabaldu zen (Gipuzkoan arrakastarekin; Arabak eta Nafarroak, ordea, eragin-eremu karlista izaten jarraitu zuten).

Hastapeneko nazionalismoa

Sabino Arana Goiri, Bilbo aldeko klase ertaineko kide eta tradizio karlistako familiakoa, pentsaera berriaren bultzatzaile nagusia izan zen. Aurreko ideia batzuk moldatu zituen, eta bereak ziren beste batzuk landu. Karlismo foruzaletik abiatuta, ikuspegi erradikalago bat garatu zuen:

  • Bizkaiak edota Euzkadik nazio bat izateko beharrezko elementuak ditu: arraza, hizkuntza, legeak eta gobernu-erakundeak, nortasun historikoa...
  • Estatu zapaltzaileen kontrako independentzia lortzeko eskubidea dute nazio guztiek.
  • Foruak (edo Lege Zaharra) euskal lege nazionalak ziren. Nazionalismoa berrindartze nazionala lortzeko mugimendu bakarra zen.
  • Kapitalismoa eta sozialismoa gaitzesten ditu. Lehenengoak esplotazioa eta ustelkeria dakartzalako, eta bigarrena kanpotarren doktrina arrotza delako.
  • Katolizismoaren garaipena eta euskal nazionalismoarena bat datoz, erlijioaren nagusitasuna aldarrikatuz.
  • Bere proiektu politikoa "Jainkoa eta Lege Zaharra" esaldian laburbiltzen zen (hortik izendatu zuen hark 1895ean fundatutako Eusko Alderdi Jeltzalea, EAJ).

S. Aranak, bere bizitzako azken aldian, joera autonomista bat onartu nahi izan zuen (Kataluniako Lligan inspiraturik). Hura gazte hil zen 1903an, eta bere proiektu berria bertan behera geratu zen.

Militarren arazoa Espainian

Pretorianismoa oso sustraituta egon zen Espainian. XIX. mendean eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan, militarrek protagonismo edo eragin nabarmena izan zuten herrialdeko politikan. Adibidez, XIX. mendean, gobernu-aldaketa gehienak indarrez egin ziren; pronuntziamenduak oso ohikoak izan ziren. Militarrak alderdietako liderrak edo gobernuburuak izaten ziren ("ezpata handien" garaia, batez ere Isabel II.aren denboran).

Berrezarkuntza garaian, militarren autonomia indartzeaz gain, haien ofizialen artean oso ikuspegi politiko kontserbadorea nagusitu zen. 1898ko krisiak oso gogor jo zituen, eta gizartean haien aurkako kritikek gora egin zuten.

Marokoko iparraldean arazo kolonial berri bat sortu zenean (1913tik 1956era bitartean protektoratu espainiar bat antolatu zen han), lurralde gatazkatsu hura menperatzeko, militar profesionalak ez ziren aski, eta soldadutza egin beharreko gazteak edo erreserbistak* ere erabili nahi izan zituzten. Horrek protesta handiak ekarri zituen, eta iritzi antimilitaristen gorakada nabarmena egon zen. Penintsulako militarrek, haien interesak defendatu eta agintari zibilak presionatzeko, elkarte batzuk (Defentsa Batzordeak) antolatu zituzten (Alfontso XIII.a erregearen babesa izan zuten).

Primo de Rivera jeneralak diktadura erregearen sostenguarekin gobernatu zuen 1923tik 1930 arte. Armada hura errege militarista baten eta oligarken aliatua zen, "ordenako jendearen" defendatzailea.

II. Errepublikako agintariek armada erreformatu nahi izan zutenean, horrek militar eskuindar batzuen amorrua piztu zuen. Armadaren barruan, talderik arriskutsuena "afrikanistak" izango ziren. Afrikako iparraldean, Espainiako bilakaera sozial eta politikoa amorruz ikusita, gero eta pentsaera autoritarioago bat garatu zuten militar batzuk elkartu ziren. "Afrikanista" horiek 1936an errepublikaren kontra armak hartu zituen bando "nazionalaren" oinarria izango ziren. Militar horiek eta haien aliatu zibilek 36ko gerran lortutako garaipena diktadura frankista luzearen abiapuntua izango zen.

* Espainian, soldaduak errekrutatzeko, kintak egon ziren. Terminoaren jatorria: soldadutza egiteko adinean zeuden belaunaldi bateko mutil gazteen artean zozketa bat egiten zuten; haren ondorioz, haietako bostenari soldadutza egitea tokatuko zitzaion. Familia dirudunek haien semeak arma-zerbitzutik askatzeko ordaintzen zuten, behe-mailako klaseko gazteen kaltetan, haiek gazte aberatsek utzitako hutsune hori bete behar zuten-eta.

Espainiako gizartea eta ekonomia XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran

Oro har, Espainiako gizartean eta ekonomian atzerapena adierazten zuten ezaugarriak ikusten dira. Modernizazio sozioekonomikoa prozesu geldoa izan zen, eta ez zen uniformea izan.

  • Gizarte polarizatua zen. Desberdintasun sozioekonomiko handiak zeuden taldeen artean:
    • Klase ertain txikia zegoen.
    • Herritar gehienak politikoki baztertuta egon ziren (gobernu oligarkikoak).
    • Analfabetismo handia zegoen.
  • Biztanleria landa-inguruan bizi zen nagusiki.
  • Nekazaritza jarduera nagusia zen, eta ez zen aldaketa esanguratsurik egin:
    • Iraupeneko nekazaritza zen (etekin murritzak).
    • Ez zegoen oso teknifikaturik (langile askoren beharra).
    • Latifundismoaren arazoak jarraitu zuen, desamortizazioek areagotu zutena.
  • Nekazaritzak ez zion behar bezala industrializazioari lagundu:
    • Industriara joango ziren langileak askatuz.
    • Industrian inbertitzeko kapital berriak izan litezkeen etekinak sortuz.
    • Industriari makineriaren eskari bat sortuz.
  • Industria gutxi zegoen, eta oso kokatuta (industrializazioa periferiako gune jakin batzuetan hasi zen). Espainia ez da XX. mendearen bigarren erdialdera arte herrialde industriala izango:
    • Kataluniako ehungintza (industrializazioan, lurralde hau aitzindaria izan zen).
    • Asturiasen, burdingintza apur bat (han, ikatzaren meatzaritza izan zen jarduera nagusia).
    • Euskal Herriko siderurgia.
  • Langile-mugimendua sortu zenean, ildo sozialista nagusia anarkismoa izango zen*; anarkismoa Katalunian, Levanten eta Andaluzian errotuta zegoen. Joera marxistako sozialismoa Madrilen, eta, geroago, Asturiasen eta Euskal Herriko industriguneetan zabaldu zen.

* Europako herrialde aurreratuetan (Alemanian, Britainia Handian...), marxismoa sozialismo nagusia zen; anarkismoa garapen urriko herrietan (Errusian, Italian...) handiagoa zen. Espainiako sozialismo libertarioa munduko handienetakoa izan zen.

# Gaztelerari dagokionez, Euskal Herriko analfabetismo-maila Espainiakoa baino txikiagoa zen: 1860. urtean, Espainiako batez besteko analfabetismo-maila %74,4koa bazen, Hego Euskal Herrian %63,2koa zen, baina oraindik oso urrun zegoen Frantzia (%37) eta Britainia Handitik (%31).

Entradas relacionadas: