Biziaren eboluzioa eta hominizazio prozesua

Clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,69 KB

1. Biziaren jatorria

Berezko sorreraren arazoa

Antzinaroan ideietako baten arabera, izaki bizidunak berez sortzen ziren materia bizigabetik. Louis Pasteur frantziar kimikariak bere esperimentuen bidez egiaztatu zuen izaki bizidun guztiak ez direla berez sortzen, baizik eta denak datozela aurreko beste izaki bizidun batetik.

Biziaren jatorriari buruzko teoria modernoak

Lurra orain dela 4.500 milioi urte sortu zen. Teoria nagusiak hauek dira:

  • Panspermia: Bizia espazioan sortu zen eta meteoritoek garraiatuta etorri zen Lurrera. Gaur egun ez dago Lurretik kanpo bizia dagoela egiaztatzen duen frogarik.
  • Abiogenesia edo sintesi prebiotikoa: Molekula ez-organikoetatik molekula organiko bakunak sortzea, molekula konplexuak garatzea eta lehen zelulak agertzea; hau da, eboluzio kimikoa deritzon prozesua.

Jatorrizko zopa edo saldaren teoria

Oxigenorik gabeko jatorrizko atmosfera bat egon zela dio. Erradiazio ultramorea eta ekaitz handietatik eratorritako energia elektrikoa energia-iturri izan ziren molekula bakun mota asko sortzeko. Ondoren, egitura konplexuagoak osatzen joan ziren, mintzak garatzeraino, eta horrela sortu ziren lehen zelulak. Ozono-geruzarik ez zenez, erradiazio ultramore handiak jatorrizko zopa horren konposatu organiko asko deuseztatuko zituen.

Iturri hidrotermalen teoria

Gaur egun onartuena da. Bizia ez zen Lurraren gainazalean sortu, baizik eta iturri hidrotermaletan, itsas hondoetan, eguzki-izpirik sartzen ez zen lekuan.

2. Biodibertsitatearen jatorria

Bi joera ideologiko nagusiak kreazionismoa eta fixismoa ziren. Bi joera horiek elkartuta, baieztatzen zen izaki bizidunen espezie guztiak, Lurrean denak batera agertuak, Jainkoak sortuak zirela eta aldaketarik izan gabe mantendu zirela.

3. Lamarck eta hartutako karaktereen herentzia

Eboluzioaren lehen teoria koherentea XIX. mendean proposatu zuen. Gaur egungo espezieak desagertutakoak baino konplexuagoak dira, eta beraz, denboran zehar konplexutasuna areagotuz zihoala proposatu zuen.

  • Ingurunearen garrantzia: Ingurunearen baldintzen aldaketak eragin ohi du organismoen aldaketa.
  • Erabiltzearen eta ez erabiltzearen legea: Ingurune naturalak ezarritako beharren arabera, organoak hazi eta garatu egin daitezke, bai eta formaz aldatu ere.
  • Hartutako karaktereen herentzia: Bizitzan egindako aldaketa abantailatsuak ondorengoei transmititzen zaizkie herentzian.

4. Darwin eta Wallace: Hautespen naturala

  • Espezie guztiak beste espezie batzuetatik eratorriak dira, eta loturik daude beren artean arbaso komun bat dutelako.
  • Espezieak aldatu egiten dira denboran zehar; eboluzio bat izaten dute, jarraitua, geldoa eta pixkanakakoa izan ohi dena. Teoria horri gradualismoa deritzo.
  • Espezieak zer modutan alda daitezkeen azaltzeko mekanismo nagusia hautespen naturala da.

Nola eragiten du hautespen naturalak?

  • Aldakortasun heredagarria: Populazio bat osatzen duten banakoen artean badira desberdintasunak, ondorengoei transmititzen zaizkienak.
  • Aldaketadun ondorengotza: Ondorengoak ez dira beren gurasoen erreplika berdin-berdinak.
  • Ugalketa diferentziala: Izaki bizidunek bizirauteko eta ondorengotza izateko ahalegin guztiak egiten dituzte.

Sexu-hautespena eta eboluzio partekatua

  • Sexu-hautespena: Ugaltzea ez dago bizirik irauteko ahalmenaren mende soilik; bikotekidearen arreta erakartzeko baliabideek edota arren arteko borrokek ere eragiten dute.
  • Bilakaera partekatua: Espezie asko beste batzuei estuki loturik bizi dira. Espezie batean izandako aldaketak besteari eragiten dio.

5. Aldakortasunaren oinarri genetikoak

XX. mendeko lehen hamarkadara arte ez zen egiaztatu geneak zirela belaunaldi batetik bestera informazio genetikoa transmititzen zutenak.

Mutazioak: Aldaera heredagarrien iturria

Mutazioak material genetikoaren aldaketak dira. Mutazioen ondorioz sortzen dira geneetan aldaerak (aleloak). Aldaera horiek gametoetan gertatzen direnean, ondorengoei transmititzen zaizkie.

Mutazio motak ondorioen arabera

  • Onuragarriak: Nolabaiteko onura dakarkiote eramaileari; beraz, ondorengotza izateko eta geneak transmititzeko probabilitate handiagoa izango du.
  • Kaltegarriak: Ugaltzeko aukerak murriztea dakarkiote; beraz, transmititzeko aukera gutxi izango du.
  • Neutroak: Ez dute ondoriorik printzipioz; horregatik, hautespen naturalak ez du eraginik mutazio hauetan.

6. Sexu bidezko ugalketa

Sexu bidezko ugalketaren bidez banako berriak sortzen dira. Prozesu honek geneen konbinazio berriak sortzen ditu, hau da, genotipo berriak.

  • Elkargurutzaketa: Kromosoma homologoen artean nukleotido-sekuentzietako zatien trukeak gertatzen dira.
  • Bereizketa: Banaketa ausazkoa da; zelula haploide bakoitzak guraso bakoitzaren kromosoma-nahasketa izango du.
  • Ernalketa: Sortutako zigotoak gurasoenak ez bezalako gene-konbinazioak eramango ditu.

7. Eboluzioaren teoriaren aldeko frogak

  • Froga anatomikoak: Hainbat espezieren ikerketa konparatzailean oinarritzen da.
    • Aztarna-organoak: Gorputzean daude baina ez dira erabiltzen, arbaso beretik datozela erakutsiz.
    • Organo homologoak: Egitura berbera baina funtzio desberdinak dituztenak.
    • Organo analogoak: Egitura desberdina baina funtzio berdintsuak dituztenak.
  • Froga biogeografikoak: Espezieen banaketa geografikoa ikertzen du. Uhartedietako espezie desberdinek arbaso bakar bat izan ohi dute.
  • Froga paleontologikoak: Fosil-erregistroan oinarritzen da, nahiz eta askotan osatugabea izan.
  • Froga biokimikoak: Populazioak isolatzen direnean, denboraren poderioz desberdintasun biokimikoak areagotu eta espezie berriak sortzen dira.

8. Moldaera eta espeziazioa

Banako bati bizirauteko eta arrakastaz ugaltzeko probabilitatea handitzen dion ezaugarriri moldaera deritzo. Espeziazioa espezie berriak sortzeko prozesua da, eta kausa nagusia ugaltze-isolamendua izan ohi da.

9. Eboluzioaren egungo teoriak

  • Teoria sintetikoa edo neodarwinismoa: Lamarckismoa ukatzen du eta hautespen naturala, mutazioak eta sexu-ugalketaren ausazko nahasketa defendatzen ditu eboluzioaren oinarri gisa.
  • Teoria neutralista: Mutazio gehienak neutroak direla dio eta eboluzioan zoriak (jito genetikoa) duen garrantzia azpimarratzen du.
  • Oreka Puntuatuaren teoria: Espezieek estasi-tarte luzeak dituztela eta aldaketak une jakin batzuetan modu azkarrean gertatzen direla dio.
  • Sinbiogenesia: Espezieen arteko gene-transferentzia eta harreman sinbiotikoak proposatzen ditu eboluzio-mekanismo gisa.

10. Hominizazioa

Gizaki modernoen ezaugarriak prozesu luze baten ondorio dira. Afrikako ekialdean izandako klima-aldaketa batekin hasi zen, primate-populazioak ingurune lehor eta epelago batera egokitu zirenean.

Bipedismoa: Aldaketa anatomikoak

Beheko gorputz-adarrak luzatu egin dira eta bizkarrezurrak S forma hartu du. Foramen magnuma burezurreko oinarrirantz mugitu da. Eskuak objektuak erabiltzeko espezializatu dira, hatz lodiaren tamaina eta zehaztasuna handituz. Oinek arku handia dute eta behatz lodia paralelo geratu da.

Bipedismoaren abantailak eta desabantailak

  • Abantailak: Eguzki-erradiazio gutxiago, ikusmen-eremu zabalagoa, eskuak aske objektuak garraiatzeko eta energia-kontsumo txikiagoa distantzia luzeetan.
  • Desabantailak: Tentsioak bizkarrezurrean eta giltzaduretan. Pelbisaren estutzeak erditze-prozesu konplexuagoa eta mingarriagoa dakar.

Hominizazioaren beste aldaketa batzuk

  • Garezur-edukiera handitzea eta gaitasun kognitiboen garapena.
  • Aldaketak burezurrean eta hortz-haginen eraldaketa.

11. Giza eboluzioa

Hominidae familiaren barruan egungo tximino handiak eta desagertutako arbasoak daude. Hankabiko hominidoak Afrikan sortu ziren, orain dela 5,5 eta 7 milioi urte artean. Homo sapiens-en aztarnarik zaharrenak Etiopian aurkitu ziren (duela 195.000 urte), eta handik mundu osora zabaldu zen.

Entradas relacionadas: