Borboien Absolutismoa eta Ilustrazioa Espainian eta Euskal Herrian
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,25 KB
1.7. Borboien Absolutismoa eta Espainiako Ondorengotza Gerra
1700. urtean, Karlos II.a hil zen ondorengorik gabe, baina testamentuan Anjouko Filipe, Borboiko etxekoa, izendatu zuen oinordeko. Borboitarren presentziak Frantzian eta Espainian nahigabea eta beldurra eragin zituen Europako hainbat potentziatan: Austria, Portugal, Savoia, Erresuma Batua, Probintzia Batuak eta Prusia. Potentzia horiek Frantziaren nagusitasuna Europan sendotuko zelakoan zeuden. Horrela hasi zen 1701ean Ondorengotza Gerra.
Gerran bi alde nagusi zeuden:
- Anjouko Filiperen aldekoak: Borboiko etxekoak, Frantziako Luis XIV.aren biloba, Frantzia eta Gaztela.
- Karlos Habsburgoko artxidukearen aldekoak: Austria, Probintzia Batuak, Erresuma Batua, Portugal, eta Espainian Aragoiko Koroa.
1711n, Karlos artxidukea Inperio Santu Erromatarreko enperadore izendatu zuten, eta Filipek uko egin zion Frantziako tronuari. Bi gertaera horiek gatazka nazioartekoa amaitzeko bidea ireki zuten. Utrechteko bakean (1713), Filipe V.a aitortu zuten Espainiako errege. Ordainetan, Espainiak lurraldeak galdu zituen:
- Flandrian eta Italian zituen lurraldeak Austriari eman zizkion.
- Gibraltar eta Menorka Erresuma Batuari eman zizkion.
- Erresuma Batuari Amerikarekiko merkataritzarako abantailak ere eman zizkion.
Espainian, ondorengotza-gatazkak gerra zibila eragin zuen. Gaztelaren zatirik handiena Filipe V.aren alde agertu zen, eta Aragoiko Koroa, Karlos artxidukearen alde.
Oin Berriko Dekretuak Aragoin eta Valentzian (1707)
Dokumentuan azaltzen den arrazoi nagusia dekretu hori aldarrikatzeko hauxe da: “Aragoiko eta Valentziako erresumek egin zuten matxinadagatik eta leialtasun-zinari erabat huts eginda”. Beraz, erregeak Aragoiko eta Valentziako erresumek Ondorengotza Gerran Karlos artxidukea babestu izana adierazten du arrazoi nagusitzat. Dekretu horren bidez, Aragoik eta Valentziak beren foru eta pribilegio guztiak galdu zituzten, eta Gaztelako legeen arabera izango ziren gobernatuak.
1.8. Despotismo Ilustratua Espainian
Espainian, Karlos III.a (1759-1788) izan zen despotismo ilustratuaren ordezkaririk esanguratsuena. Hark alderdi hauek uztartu zituen, beti botere absolutuari eutsita: herrialdearen ekonomia eta bere mendekoen ongizatea hobetzeko kezka, eta Estatuaren antolaketa hobetzeko nahia.
Erregealdiaren hasieran, ministro italiarrak izendatu zituen, hala nola Esquilache eta Grimaldi. Haiek talde pribilegiatuen aurkako erreformak ezarri zituzten. Garai hartako biziraupen-krisiaz baliatuz, pribilegiatu horiek bultzatu zuten Esquilacheren aurkako matxinada (1766), hau da, Esquilache ministroaren aurkako herri-altxamendua.
Azkenik, Esquilache kargutik kendu eta erregeak ministro espainiarrak hartu zituen ondoan, besteak beste, Aranda kondea, Campomanes, Floridablanca eta Jovellanos. Ministro horiek hainbat neurri ezarri zituzten Espainia modernizatzeko:
- Erreforma ekonomikoak: Amerikarekiko merkataritza liberalizatu zuten, errege-fabrikak sortu zituzten eta nekazaritza bultzatu zuten.
- Erlijioa: Jesuitak Espainiatik bidali zituzten.
- Hezkuntza: Herrialdearen Adiskideen Elkarte Ekonomikoak sortu zituzten. Hauek ilustratuek ideiak trukatzeko eratutako bilguneak ziren.
Erreformak erreforma, despotismo ilustratuak eragin mugatua izan zuen; izan ere, hartutako neurriek Antzinako Erregimenaren egiturei eragiten zietenean, talde pribilegiatuek haien aurka egiten zuten.
Kanpo-politikan, Espainiak porrot egin zuen Gibraltarren gaineko boterea berrezartzeko ahaleginean, baina Menorka berreskuratu zuen. Gainera, Estatu Batuetako Independentzia Gerran, Erresuma Batuaren aurka jokatu zuen, kolono amerikarren alde eginda.
1.9. Ilustrazioa Euskal Lurraldeetan
XVIII. mendeko bigarren erdialdean Ilustrazioaren ideiak zabaldu ziren euskal lurraldean, jauntxoen talde ez oso zabal batean. Antzinako Erregimenaren ideiekin eta ohiturekin kritikoak ziren, eta haien iritziz euskal gizarteak aurrera egin zezan herritarren artean hezkuntza eta jakintza sustatu behar ziren.
Gutxiengo ilustratu berriak, Peñafloridako kondea buru zela, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (RSBAP) eratu zuen 1764an Azkoitian, Espainiako lehen elkarte ilustratua izan zena.
Euskal lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzea zen helburua. Plan bat ere bazuten: Nekazaritza, Zientzia, Arte Erabilgarri eta Merkataritzako Akademia bat sortzea, nekazaritza eta burdingintza berritzeko eta suspertzeko, Europako herrialde garatuagoetako teknika berrien bidez.
Los Extractos Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortutako Penintsulako lehen aldizkari zientifikoetako bat izan zen, Ilustrazioaren balioak eta elkartearen jarduerei eta proiektuei buruzko albisteak hedatzeko sortua. Elkartearen lema “Irurac bat” zen, eta hiru lurraldeak (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba) bateratuta egotea adierazten zuen.
Bergarako Errege Mintegia
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek Bergarako Errege Mintegia sortu zuten 1776an, ikerkuntzan eta hezkuntzan erakunde berritzailea izan zena.
Europan eta Amerikan sortzen ari ziren ezagutzak eta hezkuntza-programa berriak bere ikasketa-planetan sartu zituen. Horretarako, atzerriarekin harremanak indartu zituen: ikasleei beka bidez kanpoan ikasteko aukera eman zien eta hainbat arlotako irakasle ospetsuak kanpotik ekarri zituen. Juan Jose eta Fausto Elhuyar kimikariek Wolframa aurkitu zuten bertan. Aurkikuntza horrek Mintegiaren ospea areagotu zuen.
Azkoitiko Zalduntxoak
Azkoitiko Zalduntxoak hauek ziren: Peñafloridako kondea, Narrosko markesa eta Manuel Ignacio Altuna.
XVIII. mendearen azken bi herenetan, elite ilustratu «frantsestua» Azkoitian biltzen zen, Peñafloridarena zen Insausti jauregian. Kezkatuta zeuden Frantziako pentsamendu ilustratu berria euskal lurraldean ez zelako ezartzen, eta gau-solasaldiak antolatzen zituzten Insausti jauregian. Hauetan, Entziklopedian jasotako ezaguerei buruzko ideiak eta iritziak trukatzen zituzten, eta horiei Bilera akademikoak esaten zieten.