Boterea eta Legitimitatea: Nork Agindu Behar Du?
Clasificado en Griego
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,11 KB
Boterea eta legitimitatea
Nork agindu behar du?
Gizarte guztietan bada era bateko edo besteko antolamendu kolektiboren bat, taldearen funtzionamendua iraunaraztearren eginkizunak banatzeko. Gizarte konplexuetan, gizabanakoen kopurua handia denetan, koordinazioko eginkizun horiek botere politikoaren bidez betetzen dira.
Botere politiko deritzo besteak modu jakin batean jokatzera behartzeko ahal edo indarrari. Botere politikoaren kontrolak bizilagun guztiei zer egin behar duten agintzeko ahala ematen dio gizabanako, talde edo instituzio bati. Botere politikoa legitimoa da obeditu behar dutenek baliozkotzat daukatenean hura gauzatzeko modua.
Horrek zer esan nahi duen argitzeko, bi kontzeptu bereizi behar dira aurrena: boterea eta autoritatea. Norbaitek autoritatea duela esaten dugu haren aginduak obeditu behar dituztenek errespetatu eta balioetsi egiten dutenean hura. Boterea ez bezala, autoritatea ezin da inposatu; besteen onespenetik eta aitorpenetik baizik ezin sor daiteke autoritatea.
Botere politikoaren legitimazioa
Boterea denboran eutsi eta iraunarazi nahi bada, indarrez inposatzea baino askoz eraginkorragoa da besteen onarpena eta aitorpena izatea. Horregatik da boterearentzat hain garrantzitsua besteengan duen agintea justifikatzeko legitimazio modu bat aurkitzea.
Max Weberren esanetan, botere politikoa legitimatzeko hiru modu izan dira historian:
- Legitimazio tradizionala: Denboraren joanean aldaezin iraun duten ohituren prestigioan oinarrituta. Gizarte tradizionaletan, belaunaldiz belaunaldi indarrean egon diren arauak errespetatzen badira hartzen da baliozkotzat boterearen erabilera.
- Legitimazio karismatikoa: Aparteko norbaiti lotuta dago legitimazioa: itzelezko nortasuna duela-eta besteengan mirespena eta errespetua sortzen duen norbaiti lotuta.
- Legitimazio arrazional-legala: Boterea gauzatzeko modua arautzen duten zenbait lege eta arau arrazional izatean oinarritzen da legitimazioa.