Bullyinga Eskolan: Dilema Etikoa eta Esku-hartze Protokoloa
Clasificado en Magisterio
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,68 KB
Sarrera: Bullying Kasua eta Dilema Etikoa
10 urteko ikasle batek bullyinga jasaten ari dela aitortzen dio irakasleari eta laguntza eskatzen dio, baina gurasoei edo ikaskideei ezer ez esateko baldintzarekin, ondorioen beldur delako. Irakasleak, aldiz, gurasoen parte-hartzea eta ikastetxeko protokolo zorrotza aktibatzea beharrezkoa dela daki. Gatazka ikaslearen konfiantza eta konfidentzialtasunaren eta irakasleak duen babesteko eta araudia betetzeko betebeharraren artean dago.
Hezkuntza Eskubideak eta Ingurune Segurua
Hasteko, Hezkuntzarako eskubideak bermatzen du ikasle orok ingurune seguru, babestu eta indarkeriarik gabeko batean ikasteko eskubidea duela. Hala ere, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak urratzen dira; ikaslea bere ikaskide batzuen aldetik bullyinga pairatzen ari denez, tratu bidegabea jasotzen du eta bere kideen aldean beldurrean eta desabantaila-egoeran geratzen da. Gainera, osotasun fisiko eta psikologikorako nahiz nortasunaren garapen osoa lortzeko eskubidea ere jokoan dago; izan ere, hezkuntza-giro segurua eta irakaslearen babesa funtsezkoak dira 10 urteko haur honen segurtasun emozionalerako eta garapen pertsonalerako.
Printzipio Bioetikoen Analisia
- Ongintza: Irakaslearen ekintzek ikaslearen ongizatea bilatu behar dute. Bullyinga etetea eta ikasleari laguntza ematea "on" bat egitea da, bere prestakuntza integrala eta autoestimua sustatuz.
- Autonomia: Printzipio honek talka egiten du kasu honetan. Alde batetik, ikaslearen borondatea (sekretua gordetzea) errespetatu nahi da, baina 10 urterekin bere segurtasuna garrantzitsuagoa da. Bestetik, irakasleak bere autonomia profesionala erabili behar du protokoloa aktibatzeko erabaki etiko eta zuzena hartzeko.
- Justizia: Bullyingak berdintasunaren printzipioa urratzen du. Justiziak eskatzen du ikasle guztiek tratu zuzena jasotzea eta irakasleak esku hartzea bizikidetza demokratikoa eta eskubide-berdintasuna berrezartzeko.
- Ez-malefizentzia (Kalterik ez egitea): Irakasleak kalterik ez gertatzea bermatu behar du. Sekretua gorde eta ezer ez egiteak ikasleari kalte handiagoa ekarriko lioke, indarkeriak aurrera jarraituko lukeelako. Esku-hartzea kontu handiz egin behar da "kalte gehiagorik ez egiteko" (adibidez, erasotzaileen errepresaliak saihestuz).
Kode Etikoa eta Lanbide-betebeharrak
- 1.2, 1.3 eta 1.5 artikuluak: Irakasleak konfiantzazko harremana erabili behar du ikasleari bullyinga diskriminazio-praktika onartezina dela azaltzeko eta bere autoestimua babesteko.
- 1.7 artikulua: Hau da neurri nagusia: irakasleak beharrezko neurri guztiak hartu behar ditu ikaslearen segurtasun fisiko, psikologiko eta emozionala babesteko.
- 1.8 artikulua: Ikaslearen laguntza eskaerari ("bidezko erreklamazioa") erantzun eta modu ofizialean bideratu behar du.
- 1.9 eta 2.5 artikuluak: Datu pertsonalen lanbide-sekretua eta gurasoen konfidentzialtasuna zaindu behar dira, baina babes-beharrak informazioa partekatzea eskatzen du.
- 2.2 eta 2.4 artikuluak: Gurasoei informazioa eman behar zaie antzemandako "balizko zailtasunei" buruz, lankidetza eta erantzukizun partekatua sustatuz.
- 3.2, 3.3, 3.5 eta 3.6 artikuluak: Ikastetxeko protokoloa errespetatu eta aktibatu behar da, indarkeria saihestuz eta erakundearen prestigioa eta kalitatea zainduz.
- 4.2 artikulua: Beste lankideekin (orientatzailea, zuzendaritza) modu koordinatuan lan egin behar da.
- 5.1 artikulua: Lanbide-jarduna ezarritako araudiari (bullying protokoloari) egokitu behar zaio.
- 6.1, 6.2, 6.3 eta 6.4 artikuluak: Gizartearekiko leialtasunez jokatu behar da, justizia eta bizikidetza balioak defendatuz eta gizarte-bizitzaren baldintzak hobetuz.
Irakaslearen Erantzukizuna eta Ondorioak
Protokoloa aktibatzea irakaslearen betebehar legal eta etikoa da. Ez egiteak utzikeria ekarriko luke; bullyingak jarraituko balu, irakaslea izango litzateke arduradun. Ondorioei dagokienez, ikasleak hasieran traizionatua senti daiteke, baina irakasleak prozesu osoan lagundu behar dio. Protokoloak erasotzaileekin esku-hartzea eta biktima babestea dakar, epe luzera ikaslearen osotasuna bermatuz.
Balioak eta Virtuteak Jardunean
- Ausardia: Ikaslearen ezezkoari aurre egiteko eta, haren onerako, erabaki zaila (protokoloa aktibatzea) hartzeko.
- Zuhurtzia: Gurasoekin eta ikaskideekin hitz egiteko modu eta une egokiena aukeratzeko, egoerak okerrera egin ez dezan.
- Autodomeinua: Ikasleak sentitzen duen beldurraren aurrean lasaitasunari eutsi eta bide profesionalari jarraitzeko.
- Indarra: Prozesu osoan irmo jarraitzeko, bai erasotzaileen aurrean, bai ikasleari babesa emateko orduan.
Ondorioa: Protokoloa Aktibatzeko Erabakia
Irakasleak bullyingaren aurkako protokoloa aktibatuko du ezinbestean. Erabaki hau ikaslearen segurtasun fisiko eta psikologikoa babesteko (1.7) eta haren hezkuntzarako eskubidea ingurune seguru batean bermatzeko hartzen da. Prozesu honetan, Justizia eta Ongintza printzipioak lehenetsiko dira, gurasoei informazioa emanez (2.4) eta lankideekin modu koordinatuan jardunez (4.2), betiere ikaslearekin konfiantzazko harremana (1.2) eta konfidentzialtasuna (2.5) zainduz beldurra kudeatzeko. Ausardiaz eta zuhurtziaz jokatuz, irakasleak indarkeria saihesteko (3.3) eta gizarte-bizitzaren baldintzak hobetzeko (6.4) duen betebeharra beteko du.