Cadizko Konstituzioa (1812): Analisia eta Testuinguru Historikoa

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,54 KB

Aurrean dugun testua Cadizko Konstituzioarena da. Testu hau Antzinako Erregimenetik Erregimen Liberalera pasatzeko helburuz egin zen, 1812ko martxoaren 19an, Cadizen. Cadizko Gorteek idatzi zuten, Fernando VII.aren izenean. Testu publikoa, nazionala eta ofiziala da, Espainiako nazioari zuzendua. Ideologiaren aldetik liberala da. Informazio zuzena eta garaikoa eskaintzen duenez, izaera historiko eta politikoa duela esan dezakegu.

Testuaren Analisia: Izaera eta Egitura

Testua bi atal nagusitan banatua dago: ataria eta artikuluak.

  • Ataria: Fernando VII.a atxilotuta zegoen bitartean, Gorte Nagusiek Konstituzioa agindu eta berretsi zutela adierazten da.
  • Artikuluak: Konstituzioaren oinarrizko printzipioak eta antolaketa zehazten dira.

Konstituzioaren Ezaugarri Nagusiak

Artikuluen bidez, honako printzipio hauek ezartzen dira:

  • Espainiako nazioa espainiarren eta kolonietako biztanleen batasuna da, hau da, bi hemisferioetako batasuna (1. art.).
  • Subiranotasuna nazioan dago (3. art.).
  • Espainiar guztiek zergak ordaindu behar dituzte (8. art.).
  • Espainiako erlijioa katoliko, apostoliko eta erromatarra da, eta ez dago erlijio askatasunik (12. art.).
  • Espainiako gobernua monarkia konstituzionala da, eta botere banaketa dago:
    • Botere legegilea: Erregearen eta Gorteen esku dago (15. art.).
    • Botere betearazlea: Erregeak du (16. art.).
    • Botere judiziala: Auzitegiek dute (18. art.).
  • Espainiar guztiek beren ideiak idatzi, argitaratu eta inprimatzeko eskubidea dute (adierazpen askatasuna) (371. art.).

Testuinguru Historikoa: Independentzia Gerra

Napoleonek bi helburu zituen gogoan: Erresuma Batua bakartzea, Blokeo Kontinentala ezarriz, eta Espainia eta Portugal Frantziako estatuaren satelite bihurtzea.

1807an, Espainiak eta Frantziak Fontainebleauko Ituna izenpetu zuten; haren bitartez Portugalen inbasioa eta konkista hitzartzen zen.

Aranjuezeko matxinadaren ondorioz, Karlos IV.ak Godoy bere kargutik kendu eta abdikatu egin behar izan zuen, bere seme Fernando VII.aren alde.

Gerraren Hasiera eta Baionako Abdikazioak

Napoleonek, bere tropak Espainian zeudela aprobetxatuz, Espainiako errege-familia Baionara deitu zuen bilera egiteko, apirilean. Maiatzaren 2an, errege-familiako kide batzuk Madrildik irteteko asmoa zutela eta, Madrilgo herritarrak Murat jeneralaren tropa frantsesen aurka altxatu ziren. Errepresioa oso bortitza izan zen (Mamelukoen karga eta maiatzaren 3ko fusilatzeak).

Bien bitartean, Baionan, Napoleonek tronuari uko egitea behartu zituen Karlos IV.a eta Fernando VII.a (Baionako abdikazioak). Gero, bere anaia izendatu zuen Espainiako errege, Jose I.a izenarekin. Borboiek erregetzari uko egin zioten, eta egoera benetako okupazio militar bihurtu zen.

Madrilgo herri altxamenduen ondoren, Espainiako beste lekuetakoak etorri ziren Fernando VII.aren izenean, bai periferian (Murtzia, Asturias, Katalunia...), bai barnealdean (Zaragoza, Ávila, Salamanca...).

Espainian botere-hutsunea zegoenez, Probintzia Batzarrek bete zuten funtzio hori, subiranotasuna bereganatuz. Batzar horiek aristokratez, elizgizonez eta legegizonez osatuta zeuden, eta Erreinuko Batzar Gorenak koordinatu zituen.

Gerraren Garapena eta Cadizko Gorteen Deialdia

1808ko ekainean, herri matxinadak apaltzeko eta Jose Bonaparteren erregimena ezartzeko helburuz, 170.000 gizoneko armada Espainian sartu zen. Jose I.ak Baionako Estatutua argitaratu zuen Espainia gobernatzeko.

Hala ere, espainiarren ustekabeko erresistentzia gertatu zen Zaragozan, Kataluniako Brucheko haizpitartean, Gironan eta, bereziki, Bailenen. Duponten armadak, Andaluzia hartzeko betebeharra zuenak, Castaños jeneralaren milizia aurkitu zuen aurrez aurre eta Bailenen errenditu behar izan zuen. Jose I.a, Madrilera iritsi berria zela, Gasteizera itzuli zen.

Napoleonek espainiarren erresistentzia behin betiko zapaldu nahi izan zuen, eta Espainian sartu zen (1808ko azaroan) 250.000 gizoneko armada batekin. Frantsesek urrats sendoz egin zuten aurrera eta Jose Bonaparte Madrilera itzuli zen.

Erreinuko Batzar Gorenak Aranjuezetik alde egin behar izan zuen eta Sevillara jo zuen lehenago eta gero Cadizera. Bitartean, Britainia Handia ere nahasi zen gerran Napoleon gelditzeko asmoz.

1809an, Napoleon Europara joan zen bere helburu inperialistak betetzera. 1810etik 1812ra, Napoleonek penintsulan inoiz lortutako kontrolik handiena izan zuten bere tropek, Andaluziaraino helduz.

1810eko otsaileko dekretu inperialaren bitartez, Ebro iparraldean zeuden lurraldeak Estatutik banatu (dirua biltzeko beharra zuela) eta Jose Bonaparteren jurisdikzioaren menpera igaro ziren. Lau gobernu eratu ziren beraz: Kataluniakoa, Aragoikoa eta Euskal Probintzietakoa (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa).

1810ean, Erreinuko Batzar Gorenak (Cadizen zegoena) desegin eta Taldeko Erregentziari utzi zion lekua, behin-behineko gobernu gisa. Hauek salbuespeneko Gorteak deitu zituzten Cadizen (1810), Espainia monarkia liberal eta parlamentario bihurtzeko helburuarekin. Gorteen joera nagusienak bi hauek izan ziren:

  • Liberalak: Berrikuntza iraultzaileen aldekoak.
  • Absolutistak: Ordena monarkiko zaharraren aldekoak.

Cadizko Gorteak eta Konstituzioaren Printzipioak

Gorteetako Diputatuak eta Legegintza Lana

Cadizen parte hartu zuten diputatuak hainbat gizarte-taldetakoak ziren: antzinako estamentuetako kideak (kleroa eta noblezia), hirietako eta erdiko klaseen ordezkariak, Estatuaren zerbitzariak (militarrak, funtzionarioak) eta lanbide liberaletako kideak eta merkatariak.

Cadizko Gorteen jarduera legegilea nabarmena izan zen: lehen dekretuan subiranotasuna nazioari zegokiola eta Gorteek haren ordezkaritza bere gain hartzen zutela adierazi zuten. Legearekiko berdintasuna ere aldarrikatu zuten.

Erreforma multzo bat proposatu zuten:

  • Inprenta askatasuna onartu zen.
  • Tortura, Inkisizioa eta jaun-erregimena deuseztatu ziren.
  • Kleroaren ondasunak desamortizatu ziren, besteak beste.

1812ko Konstituzioaren Oinarriak

1812ko martxoaren 19an Konstituzio berria aldarrikatu zen. Hauek izan ziren haren printzipio nagusiak:

  • Subiranotasun nazionala.
  • Banakoaren eskubideak eta askatasunak onartzea.
  • Legearekiko berdintasuna.
  • Gorteek ganbera bakarra zuten, eta Gorteetako ordezkariak gizonezkoen sufragio unibertsal zeharkakoaren bidez hautatu behar ziren.
  • Botere banaketa: legegilea Erregearen eta Gorteen esku, betearazlea Erregeak du eta judiziala auzitegiek.
  • Erlijio katolikoa Espainiako nazioko erlijio bakarra zela ezarri zen.
  • Milizia Nazionala sortu zen.

Gerraren Amaiera eta Konstituzioaren Patua

1812an, Napoleonek tropa ugari mobilizatu behar izan zituen Errusiako kanpainarako. Horregatik, tropa batzuk Espainiatik erretiratu zituen, Napoleonen nagusitasunaren beheraldia hasiz. Horren ondorioz, Nafarroa, Kataluniako Pirinioa, Maestrazgoa, Cazorlako edota Rondako mendiak gerrilla gune garrantzitsu bihurtu ziren.

Ciudad Rodrigoko eta Arapileseko (Salamanca) guduetan tropa frantsesak garaitu ondoren, Wellington jenerala izendatu zuten Espainiako armaden buru. Wellingtonen tropek aurrera egin ahala, Jose I.ak eta frantsesek ihes egin behar izan zuten penintsulatik. Ordutik aurrera, gerraren egoera anglo-espainiar tropen aldekoa izan zen, Gasteizko guduan eta Irunen, besteak beste. Azkenean, Jose I.aren armadak Espainia eta Frantziaren arteko muga zeharkatu behar izan zuen.

1813ko abenduaren 11n, Napoleonek Valençayko Ituna izenpetu zuen Fernando VII.arekin, eta bertan errege biak askatu eta Fernando VII.a Espainiako errege gisa berrezarri zuen, gerrari amaiera emanez. Horrela amaitu zen Independentzia Gerra edo Frantsesaren Aurkako Gerra.

Gerraren ondorioz, oso zaila izan zen Konstituzioa praktikan jartzea, eta ia ez zen aplikatu. 1814an absolutismoa berrezarri zenean, indargabetu egin zen. Hala ere, haren ezaugarriak eta programa erreferentzia garrantzitsua izan ziren Espainiako historia garaikidean. Espainiako lehen konstituzioa mugarri garrantzitsua izan zen Antzinako Erregimenaren eta Erregimen Liberalaren artean. Geroago, 1820-1823 urte bitartean, berriro indarrean jarri zen Konstituzioa.

Entradas relacionadas: