Coulomb-en Legea, Eremu Elektrikoa eta Giza Begiaren Optika

Clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,54 KB

Coulomb-en Legea

Bi karga elektriko puntualen arteko erakarpen- edo aldarapen-indarra bi kargen biderkaduraren zuzenki proportzionala da, eta bien arteko distantziaren karratuaren alderantziz proportzionala.

Indar elektrikoaren ezaugarriak

  • Norabidea: Indarra kargak biltzen dituen lerro zuzenaren norabidekoa da. Kargak zeinu berekoak direnean indarra aldaratzailea da; aurkako zeinua badute, orduan, elkar erakarriko dute.
  • Ingurunea: Distantziarako indarrak dira eta, beraz, ez da inolako ingurune materialik behar kargen artean indar horiek eragin dezaten.
  • Akzio-erreakzioa: Beti binaka agertzen dira, akzio-erreakzio printzipioa jarraitzen duten indarrak baitira; hau da, modulu eta norabide berdineko indarrak dira, baina elkarren aurkako noranzkoa dute.

Eremu Elektrikoa

Gorputz kargatu batek karga elektrikoa edukitzeagatik bere inguruko espazioan sortzen duen perturbazioari eremu elektrikoa deritzogu.

Eremu elektrikoaren intentsitatea

Espazioko puntu bateko eremu elektrikoaren intentsitatea, puntu horretan jarriz gero karga positiboaren unitateak jasango lukeen indarra da. Bere unitatea, SI sisteman, newton zati coulomb da (N/C).

Giza Begiaren Sistema Optikoa

Begien helburua objektuen irudi estigmatikoak eta akatsik gabekoak sortzea da. Begien forma ia esferikoa da, eta ikusmen-eremu zabala dute (180º-koa); fokapena oso bizkor aldatzeko gai dira —hurbil eta urrun dauden gauzak ikusteko egokituz— eta bereizmen-ahalmen handia dute.

Irudiaren eraketa

Objektuei dagokienez, ikusten dugun tamaina erretinan eraturiko irudiaren (erreala eta buruz beherakoa) tamainaren araberakoa da: objektua zenbat eta hurbilago egon, irudi hori hainbat eta handiagoa izango da; eta zenbat eta urrunago egon, irudia hainbat eta txikiagoa.

Egokitzapena eta fokapena

Gure begia honako elementu hauek osaturiko sistema optiko modura har daiteke: dioptrio esferiko bat (kornea) eta lente bat (kristalinoa). Normalean, infinituan fokaturik dago; horregatik, infinitua urruneko puntua dela esan ohi dugu.

Objektu hurbil batean fokatzeko, gihar ziliarrak uzkurtu egiten dira, kristalinoaren forma aldaraziz (esferikoagoa bihurtuz) eta distantzia fokala zein kurbadura-erradioa txikiagotuz. Fokatze-gaitasun horri egokitzapena deritzo. Horri esker, giza begiak 25 cm-ra dauden objektuak argi eta garbi ikus ditzake; puntu horri begiaren puntu hurbila deritzo.

Entradas relacionadas: