Ekonomia Etikoa: Gizarte Justuago Baten Alde

Clasificado en Derecho

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,52 KB

Ekonomia etikorantz

Ekonomia, funtsean, gizabanakoen beharrak asetzeko eta baliabideak banatzeko egiten diren jardueren multzoa da. Sistema ekonomikoa ondasun eta zerbitzuak sortzeaz, banatzeaz eta kontsumitzeaz arduratzen da. Ekonomiek eta enpresek badute nolabaiteko boterea, eta, beraz, haiek ere badute erantzukizuna eginkizun demokratikoan.

Pentsalariak eta ekonomiaren ikuspegia

  • Aristoteles: Etxea zuzen administratzean datza ekonomia. Filosofo hark, dena den, ekonomia bera eta krematistika bereizten zituen. Ekonomiak bizitzearren baliabideak erabiltzea du helburu; krematistika, aldiz, bizio bat da bere esanetan: besteengan pentsatu ere egin gabe ondasunak pilatzekoa.
  • Adam Smith: Ekonomia modernoaren aita eta Filosofia Moraleko irakaslea zenak, ekonomiaren eta etikaren arteko lotura azpimarratu zuen. Haren iritziz, merkatua eta enpresa instituzio ekonomiko garrantzitsuenak izanagatik ere, haren funtzionamendua esplikatzeko ez da nahikoa interes partikular hutsa kontuan hartzea; interes hori justizia sozialaren esparruan sartu behar da, hor errealizatuko baitira gizabanakoak gizartean.
  • Amartya Sen: Ekonomilari eta filosofoa, pertsonon zerbitzura jarritako bestelako ekonomia batez mintzo zaigu: benetako askatasuna gauzatzeko bidea ekarriko digun ekonomia modu batez, alegia, norberak balioesten duenaren araberako bizitza egin dezan.

Ekonomiaren porrota eta etika

Ekonomia porrot itzeltzat har daiteke pobrezia-maila eta desparekotasun-maila handiak badira, ekonomia-hazkundea gertatuagatik ere langabezia eta bazterkeria sortzen direnean, edo hurrengo belaunaldien baliabideak suntsitzen ari direnean. Emaitza horiek izanda, ekonomia-hazkundeak ez du zerikusirik aurrerapen moralarekin.

Ekonomia etikoa oso bestelakoa da: gizarte-ordena ekitatiboago eta ekologikoago bat lortzearren diharduen ekonomia-modua, hain zuzen, pertsona orok aukera izan dezan nahi duen moduko bizia izateko.

Herritarron erantzukizuna: kontsumo arduratsua

Guk ere, herritarrok, egin dezakegu gure ekarpena ekonomia etikoa egite horretan, adibidez, kontsumitzaile garen aldetik arduraz jokatuz. Hainbat ondasun mota kontsumitu beharra daukagu, hilko ez bagara. Baina gure kontsumoaren zergatia ez denean oinarrizko beharrak asetzea, baizik eta gurari edo apeta hutsa, orduan kontsumismo gordinean gabiltza.

Joera hori, kontsumismoan aritzea, gizarte guztietan ari da gertatzen, bereziki herrialde garatuetan.

Entradas relacionadas: