Elebitasuna eta Hizkuntzen Jabekuntza: Teoriak eta Praktika

Clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,91 KB

Cumminsen teoriak eta elebitasuna

Elkarrekiko mendekotasunaren teoria

Jim Cummins (1979) da teoria honen egilea. Berak dioenez, hizkuntzak ez dira gure buruan modu isolatuan funtzionatzen; hizkuntza bakoitzak bere azaleko gaitasuna (lexikoa, arau gramatikalak, ortografia...) duen arren, sakoneko gaitasuna (irakurmena, ideien antolaketa, arrazoimena...) hizkuntza batetik bestera transferitzen da. Horri transferentzia interlinguistikoa deitzen zaio (Gaspar, 2024), eta bi modutan gertatzen da: batetik, hizkuntza batetik bestera pasatzen diren elementu linguistikoen bidez eta, bestetik, hizkuntza batean garatzen diren abilezia kognitiboen trukaketaren bidez. Baina, transferentzia eman dadin, motibazio nahikoa eta bigarren hizkuntza erabili ahal izateko aukerak izan behar dira.

Atalasearen teoria

Atalasearen teoriak (Cummins, 1976) proposatzen du pertsona baten elebitasun-mailak eragin zuzena duela bere garapen kognitiboan, eta horretarako bi muga edo atalase nagusi bereizten ditu:

  • Bigarren atalasea: Hau gainditu ezean, ikasleak bi hizkuntzetan gaitasun eskasa du eta horrek adimen-gaitasunetarako desabantailak ekar ditzake. Behin muga hau gaindituta (hizkuntza batean maila ona lortzean), ondorioak neutroak dira.
  • Lehen atalasea: Hau gainditzean elebitasun orekatua lortzen da, hau da, maila altua bi hizkuntzetan. Egoera honek abantaila kognitibo onuragarriak dakartza, hala nola pentsaeraren malgutasuna, kontzientzia metalinguistikoa eta komunikaziorako sentimena.

Elebidun orekatua izateko hiru ezaugarri bete behar dira: independentzia (bi sistemak era independentean eta nahasi gabe erabiltzeko gaitasuna), alternantzia (hizkuntza batetik bestera berehala eta ahaleginik gabe aldatzeko gaitasuna) eta itzulpena (sistema batean esandakoa bestean adierazteko gaitasuna).

BICS eta CALP gaitasunak

Teoria honen autorea ere Jim Cummins (1981) da. Teoriak bi gaitasun mota bereizten ditu ikaslearen hizkuntza-garapenean:

  • BICS (Basic Interpersonal Communication Skills): Eguneroko harremanetarako hizkera informala da, aurrez aurreko elkarrizketetan "orain eta hemen" erabiltzen dena. Etxean ikasten da, maiztasun handiko hiztegia erabiltzen du eta testuinguruaren laguntza handia du (keinuak, irudiak...).
  • CALP (Cognitive Academic Language Proficiency): Eskolako hizkera akademiko eta formala da, adimen-operazio konplexuagoak egiteko balio duena. Abstraktoagoa da, hiztegi teknikoagoa du eta esanahia testuan bertan dago.

Gaitasun hauek lortzea bide grafiko bat bezala uler daiteke, non ikaslea errazetik zailera doan laguntza progresiboarekin:

  • A koadrantea: Zailtasun kognitibo txikia eta laguntza handia (irudiak, role-play-ak, jolasak, kantak...).
  • B koadrantea: Erronka akademikoa handitzen da, baina irakasleak oraindik babes-estrategiak ematen ditu (feedback-a, irakurketa gidatuak...).
  • C koadrantea: Saihestu egin behar da; laguntzarik gabeko lan mekanikoek ez dute benetako gaitasun akademikoa garatzen.
  • D koadrantea: Azken helburua da, ikasleak laguntzarik gabe kontzeptu zailak eta abstraktoak ulertzeko gaitasuna duenean (idazketa-prozesua, ulermenean oinarritutako irakaskuntza...).

Hizkuntzaren jabekuntza-prozesua

Jabekuntzan hiru faktorek eragiten dute: umearen berezko gaitasunak elkarrekintzan parte hartzeko, helduak umearen esanei ematen dien esanahia eta umeak jasotzen duen input-a (kalitatea, kantitatea, maiztasuna eta testuingurua). Kode linguistikoa ikasteko orduan, testuinguruak eta elkarrekintzak berebiziko garrantzia dute; prozesu honetan, umeak erregularizazioak egiten ditu eta helduak aldamiaje lana betetzen du.

Katalanaren jabekuntza-prozesuaren faseak

Maruny eta Molinak (2001) lau fasetan banatzen dute prozesua:

  1. 1. urtea: Oinarrizko ulermena eta hasierako ekoizpena (esaldi ohikoak).
  2. 2-3 urte: Ahozko ekoizpena garatzen da (elkarrizketak, bizipenak), baina diskurtso akademikoan zailtasunak daude.
  3. 3-5 urte: Ahozko adierazpena egonkortu eta gai konplexuagoak lantzen dira (testu narratiboak).
  4. 5 urtetik aurrera: Ahozko zein idatzizko gaitasun osoa garatzen da, jatorrizko hiztunen antzeko maila lortuz.

Murgiltze-ereduen arrakasta eta eskolaren erronkak

Murgiltze-ereduen arrakastarako gakoak honako hauek dira:

  • Ikaslearen identitatea eta ama-hizkuntza (H1) aitortu eta garatu: Gurasoen hautu askeak eta eskolan H1a baloratzeak hizkuntza galtzea saihesten dute.
  • H2 maila homogeneoa: Ikasle guztiek antzeko maila izateak diskriminazioa ekiditen du.
  • BICS eta CALP bereizketa: Irakasleek jakin behar dute BICS gaitasuna (1-2 urte) lortu arren, CALP gaitasunak (5-6 urte) laguntza behar duela.

Murgiltze eguneratua: Zer egin behar du eskolak?

Hizkuntzen transferentzia lortzeko, ama-hizkuntzarekiko motibazioa sustatu behar da metodologia komunikagarri eta inklusiboekin. Ahozkotasuna etengabe landu behar da input egokia emanez, elkarrizketa bultzatuz eta output-a (ikaslearen ekoizpena) pizteko estrategiak erabiliz. Gelan H1 guztiak baloratu behar dira eta hasieratik CALP gaitasuna landu.

Euskararen irakaskuntza planifikatu eta ebaluatu

Estimulazio linguistikoa eta ahozkotasuna

Irakaslea euskaraz aritzea ez da nahikoa; estimulazioa sistematikoki planifikatu behar da. Aurrebaldintza: Taldean onartua sentitzea ezinbestekoa da ikasteko. Ahozkotasuna sustatzeko tresnak:

  • Kontzientzia fonemikoa: Soinu eta silabekin jolastea.
  • Jariotasuna: Hitz egiteko arintasuna neurtzea.
  • Ulermena: Entzundakoa barneratu dela ziurtatzea.
  • Hiztegia: Hitz zehatzak erabiltzea.
  • Funtzio komunikatiboa: Beharrak adierazteko gaitasuna.
  • Kontzientzia metalinguistikoa: Hizkuntzen arteko loturak egitea.

Taldekatze motak

  • Talde handia: 2-3 urterekin, asanbladan gutxieneko input-a bermatzeko.
  • Talde txikia: Feedback eraginkorra eta eduki akademikoak (CALP) bakoitzaren mailatik lantzeko.

Praktikarako jarraibideak

  1. H1 guztiei presentzia eman: Klaseko ama-hizkuntza guztiak balioan jarri behar dira. Praktikan: Izenak ondo ahoskatu, agurrak hizkuntza askotan ikasi, hormetan hizkuntza guztiak jarri eta jatorrizko hizkuntzetako kideak gonbidatu.
  2. Konpetentzia eleaniztuna landu (75/2023 dekretua): Hizkuntzak errepertorio integratu baten bidez erlazionatu. Praktikan: Umeei ezagutzen dituzten hizkuntzak erabiltzen utzi, itzulpenak egiten lagundu eta elkar-laguntza sustatu.
  3. Ikuspegi komunikatiboa bideratu: Hizkuntza egoera errealetan erabili. Praktikan: Egoera dialogikoak sortu, esanahian zentratu, input ulergarria eman eta jarduera interesgarriak antolatu (erakusketak, jaialdiak...).
  4. Ahozkotasunaren lanketa etengabea:
    • Esapide funtzionalak: Baliabideak eman (baimenak eskatzeko, txandak hartzeko).
    • Input egokia (i+1): Ahoskera argia, abiadura motela, maiztasun handiko lexikoa eta laguntza kontestuala.
    • Output-ean eragiteko estrategiak: Galdera irekiak eta itxiak erabili, mezuan fokalizatu eta parte-hartzea erraztu.
    • Heldunaren aldamiaje lana: Haurraren hitzak esaldi konplexuagoetan osatu eta elkarrizketa hedatu.

Entradas relacionadas: