Enpresen Antolakuntza Egitura: Mota, Abantailak eta Desabantailak
Clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,86 KB
Enpresen Antolakuntza Egitura Ereduak
A) Eredu Lineala edo Hierarkikoa
Agintaritza printzipioan oinarritzen da; hau da, enpresako kide guztiak nagusi baten mende daude, hark ematen baitizkie aginduak eta hark bakarrik eman baitiezazkieke. Pertsona bakoitza bere gainekoaren mende egongo da. Eredu egokia da enpresa txiki eta ertainetan, bai eta ustiapen soilak edo produktu bakarreko prozesuak dituzten enpresa handietarako ere.
Abantailak
- Soiltasuna eta ulertzeko erraztasuna.
- Komunikazioak motelak izan arren, aginte eta erantzukizun arloak ongi zehaztuta egotea.
- Langile bakoitzak ongi jakitea noren esana bete behar duen eta nagusi bakar horren aurrean soilik izatea erantzukizuna.
Desabantailak
- Zuzendariak ez daude espezializatuta, eta arlo asko hartzen dituzte beren gain.
- Agintaritzaren gehiegizko kontzentrazioa pertsona bakar batengan.
- Aldaketetara egokitzeko malgutasun falta.
- Mendekoen motibazio falta.
B) Eredu Funtzionala
Espezialistak daude, eta horien ahalegin guztia enpresa jardueraren zeregin jakin batera mugatzen da. Mendeko maila guztiek hainbat nagusirekin dute lotura, eta horietako bakoitzak funtzio jakin bat betetzen du, espezialistak baitira funtzio horretan.
Abantailak
- Enpresak espezialistak izan ditzake.
- Langileek beren espezialitatean soilik jarduten dute.
- Komunikazioak zuzenean egiten dira, bitartekaririk gabe.
Desabantailak
- Langileek nagusi bat baino gehiagoren aginduak jaso ditzakete, eta, zenbaitetan kontraesankorrak izan daitezkeenez, bizikidetza arazoak eragin ditzakete.
C) Egitura Lineala eta Aholkularitza (Staff) Bateratzen Dituen Eredua
Eredu honek aurreko ereduek dituzten eragozpenak konpontzen saiatzen da. Egitura nagusia hierarkikoa da, eta aholkularitza sailek sostengua ematen diote. Sail horiek lagundu eta aholkuak ematen dituzte, baina ez dute inolako aginterik erakundearen baitan.
Abantailak
- Zenbait saili aholkuak ematen dizkieten espezialistek esku hartzen dute.
- Agintaritza harremana izaten jarraitzen du; pertsona bakoitza beste baten mende baitago.
- Nagusiaren aginduak jasotzen dituzte.
Desabantailak
- Erabakiak motel hartzen dira, aholkularitza sailei galdetu behar baitzaie.
- Langileen arteko harremanetan arazoak egon daitezke, aholkularitza saileko pertsonak beraiei ez dagozkien erabakietan sartzen badira.
Zuzendariaren Funtzioak
- Zer zeregin egin behar diren aukeratzea.
- Bere ardurapean dituen langileei zeregin horien berri ematea.
- Langileei jarraibideak ematea, zereginak metodo eta prozedura zuzenak erabiliz egin ahal izan ditzaten.
- Lan egoera egokiak sortzea, langileengan motibazioa pizteko.