Errestaurazioa: Oligarkia, Kazikismoa eta Industrializazioa
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,1 KB
Joaquín Costa eta Errestaurazioaren Kritika
Joaquín Costaren Oligarquía y caciquismo
1. Testuaren ingurua eta egilea
Testuaren gaia Errestaurazioaren sistema politikoari egiten zaion kritika da. Idatzia obra handiago baten zati bat da, “Oligarquía y Caciquismo” izenekoa. Testuaren egilea Joaquín Costa da, erregenerazionismo mugimenduaren ordezkaririk garrantzitsuena. Jurista, historialaria eta politikaria, sistema kanobistarekin oso kritikoa izan zen. Testua publikoa da, edonori zuzendua, eta izaera politikoa du. Madrilen argitaratu zen 1901ean, Alfontso XIII.aren erregealdiaren aurreko urtean, 1898ko hondamendiaren ostean Errestaurazioko sistema higatzen hasten ari zenean.
2. Ideia nagusiak: Oligarkia eta ustelkeria
Testuaren ideia garrantzitsuena Errestaurazioko elite gobernatzaileen kritika egitea eta sistema politikoa erreformatu beharraren aldarria da. Costaren ustez, sistema ustelkeriaz beterik dago, hasi bipartidismotik eta hauteskunde-sistemaren faltsifikazioarekin jarraituz. Horregatik, sistema ez dela bideragarria deritzo.
Gobernatzaileen taldeak kritikatzen ditu eta “atzerritar” balira bezala jokatzen dutela salatu du, herriari probetxua ateraz. Salatzen du, halaber, hauteskundeak iruzur bihurtzen dituztela eta botereaz baliatzen direla euren postuak eta aberastasunak ziurtatzeko. Agintariak hiru taldetan banatzen ditu:
- Oligarka boteretsuak: Madrilen bizi direnak.
- Kazikeak edo jauntxoak: Probintzietan boterea dutenak.
- Gobernatzaile funtzionarioak: Sare hori mantentzen dutenak.
Hiru talde horiek osatuko lukete Errestaurazioko sare ustela.
3. Testuinguru historikoa: Erregenerazionismoa
Testua Errestaurazioko sistemaren aldian bete-betean txertatu behar da. Lan hau idazten den urtean, 1901ean, Errestaurazioko lehen aldia amaitzear dago. Cánovas, sistemaren inspiratzaile nagusia, Angiolillo anarkistak hila zuen Arrasaten, eta 1898an Espainiako azken koloniek (Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam) independentzia prozesuak burutuak zituzten.
Costa erregenerazionismoaren ordezkari nagusia izan zen. Mugimendu intelektual eta politiko honek garaiko egitura politikoak kritikatzen zituen eta erreformak eskatzen zituen. Honekin batera, gobernu “gogor” baten eskaera egiten zuen, Espainiaren gaitzak konponduko zituena.
Errestaurazioaren sistema Seiurteko Demokratikoaren amaieraren ondorioz ezarri zen. Martínez Camposek estatu-kolpea gidatu eta Alfontso XII.ak Sandhursteko aldarria egin zuenean, Borboiek Espainiako monarkia berrezarri zuten. Cánovas del Castillok gidatutako prozesu batean, sistema moderatu, liberal eta kontserbadorearen oinarriak ezarri zituen. Sistema kanobistaren zutabe garrantzitsuena 1876ko Konstituzioa eta bipartidismoa izan ziren. Alderdi Kontserbadorea eta Sagastaren Alderdi Liberal Fusionista boterean txandakatuko ziren 1885eko Pardoko Itunaren arabera. Honen bidez, eta iruzur-teknikak erabiliz, lekuz lekuko kazikeek hauteskundeak kontrolatu eta emaitzak manipulatu zitzaketen.
Era honetan, hauteskundeak egiten ziren aldi guztietan aurretik jakiten zen zein izango zen irabazlea. 1890ean gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zenean ere, sistema honek ondo funtzionatu zuen. Oposizioko alderdiek (errepublikarrak, karlistak, nazionalistak...) zein langile-mugimendu berriek ez zuten aukerarik boterera heltzeko.
4. Ondorioak eta sistemaren higadura
Alfontso XIII.a erregetzara heldu zenean, sistema higatzen hasi zen. Kolonien galtzeari Marokoko arazo berria, agitazio soziala eta nazionalismoak gehitu zitzaizkion. Une liskartsuak gertatu ziren: 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa eta 1917ko greba orokorra. Testuak Errestaurazioaren oinarri politikoen ikuspuntu kritikoa erakusten du, eta langile-taldeek zein militarrek hurrengo urteetan (1909, 1917, 1923) egingo duten kritikaren aurrekaria da.
Protekzionismoa eta Euskal Industrializazioa
LIBREKANBISMOARI ETA PROTEKZIONISMOARI BURUZ (1893-12-09)
1. Testuaren jatorria eta testuingurua
Testu hau Federico Echevarría enpresari eta politikari bilbotarrak Bilbon emandako mitin baten zatia da. Eduki ekonomikoa du oinarrian, baina politikariei zuzentzen zaie argudio politiko eta legalak erabiliz. Protekzionismoaren aldeko arrazonamendua egiten du. 1893an egin zen ekitaldia, Euskal Herriko industrializazioa goren mailan zegoen unean. Espainiako politikari dagokionez, Errestaurazio borboitarraren garaia da, Maria Kristina erreginaordea dela.
2. Ideia nagusiak: Arantzelen defentsa
Echevarríak politika protekzionisten alde egiten du, aurreko urteetan ezarri diren aduana-zergekiko neurriak onetsiz. Horregatik, sinatzear dagoen Alemania eta Espainiaren arteko hitzarmen “librekanbistaren” kontra egiten du. Hitzarmen horrekin Alemaniako produktu industrialek Espainiako merkatua bereganatuko luketela dio, eta horrek “zoritxar handia” ekarriko liokeela herrialdeari.
Kalte hori bertako industriari egingo litzaioke (Bizkaikoari, baina baita Bartzelona eta Madril ingurukoari ere). Kaltetuen artean hiru enpresa mota aipatzen ditu:
- Muga-zergen aurretik zeudenak eta haiei esker zabaldu zirenak.
- Muga-zergei esker sortutakoak.
- Proiektuan daudenak.
Ekonomiari egingo litzaiokeen mina gelditzeko, Gobernuari eskatzen dio hitzarmen horri muzin egin eta bide protekzionistarekin jarrai dezala. Gainera, Nerbioi-Ibaizabal arroko enpresa nagusiak aipatzen ditu: Bilboko Labe Garaiak, metalurgiak eta ondasun-ekipoen fabrikak.
3. Euskal Herriko industria-garapena
Euskal Herriko industrializazio-prozesua XIX. mendearen azken laurdenean eman zen, Errestaurazioak ematen zuen egonkortasun politikoak babestua. Foru-sistemaren deuseztapenak eta Bigarren Gerra Karlistaren amaierak testuinguru egokia sortu zuten. Bilbo inguruko burdin mineralaren esportazioak (Bessemer bihurgailuetarako egokia) kapital-metaketa handia ekarri zuen.
Federico Echevarría burgesia berri horren partaide nabarmena izan zen. La Iberia lantegia sortu zuen eta Bilboko Merkataritza Ganberaren fundatzaileetako bat izan zen. XIX. mende amaierako krisia zela eta, Espainiako Gobernuak neurri protekzionista zorrotzak hartu zituen (1891ko muga-zergak), burgesiak egindako presioari erantzunez. Horrela, Bizkaiko burdingintzak eta Kataluniako oihalgintzak merkatu segurua lortu zuten Espainia barruan.
4. Ondorioak: Burgesiaren boterea
Testu honek euskal-bizkaitar burgesiaren helburuak ezagutzeko balio digu. Echevarríaren mitina interes ekonomikoen defentsa sutsua da. Era berean, erakusten du nola enpresari hauek oligarkiaren parte izaten amaitu zuten, botere ekonomikoa ez ezik, botere politiko eta soziala ere kontrolatuz. Mitin honen ondorioz sortuko zen “Liga Vizcaína de Productores”, euskal enpresarien elkarteen aitzindaria.