Espainia eta Euskal Herria XX. Mendean: Gerra eta Diktadura
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 10,66 KB
Fronte Popularra: Kausak eta Ondorioak
Kausak
II. Errepublika 1931n aldarrikatu zen, konstituzio progresista eta hainbat erreforma abiaraziz. Hala ere, gobernu ezkertiarrak ez zuen denon babesa lortu, eta egoera politiko eta soziala gero eta gatazkatsuagoa bihurtu zen. 1933ko hauteskundeetan eskuinak, CEDA eta Alderdi Erradikalak, irabazi zuten, aurreko erreforma ugari atzera botaz. Sektore erreakzionarioek, hala nola erlijiosoek, militarrek eta Sanjurjadako parte-hartzaileek, amnistia jaso zuten. Horrek ezkerraren haserrea piztu zuen.
Garai honetan, talde politikoen erradikalizazioa nabarmendu zen: eskuinean faszistak, katolikoak eta monarkikoak gogortu ziren; ezkerrean, langile-mugimenduak erradikaltasuna areagotu zuen. Egoera gatazkatsuak 1934ko urriko iraultzan eztanda egin zuen. Lerrouxek CEDAko ministro batzuk izendatu zituen, ondorioz PSOEk eta UGTk greba orokorra deitu zuten, Asturias eta Katalunian gerra iraultzaile bihurtuz.
1935ean, gobernuaren ustelkeria kasuek (Estraperlo eskandaluak) egoera okertu zuten. Horrek hauteskunde berriak deitzera eraman zuen, horietan ezkerreko aliantza zabala, Fronte Popularra, nagusitu zen.
Ondorioak
1936ko hauteskundeetan, Fronte Popularrak garaipena lortu zuen, Manuel Azaña presidente izendatuz. Gobernu berriak 1931ko erreforma progresistak berrabiarazi zituen, 1934ko preso politikoen amnistia eman zuen, Kataluniaren autonomia itzuli zuen, eta euskal autonomia aztertzeko prozesua abiatu zuen. Baina, ezkerreko politikek egoera gehiago polarizatu zuten.
Gobernuak aurre egin zion hainbat arazo larriri. Eliza katolikoa, ezkertiar politikek mehatxatuta sentitu zen, horrek tentsioa handitu zuen. Jorralariak lurrak okupatzen hasi ziren, lurjabeen haserrea piztuz. Gatazka armatuak handitu ziren Falangeko aktibisten eta sozialisten artean. Egoera okertu zen faxistek Castillo jenerala hil zutenean eta ezkertiarrek Calvo Sotelo hiltzean.
Politika eta gizartea gero eta erradikalizatuago zeuden, eta estatu-kolpe baten zurrumurruak hedatu ziren. 1936ko uztailaren 17an militar sektoreek estatu-kolpea eman zuten, Gerra Zibila abiatuz. Gerra honek gizartea sakonki zatitu eta errepublikaren erorketa ekarri zuen.
Gerra Zibila Euskal Herrian: Kausak eta Ondorioak
Kausak
Bigarren Errepublika garaian, Euskal Herriak hainbat ahalegin egin zituen autonomia lortzeko. 1931n Lizarrako Estatutua proposatu zen, baina ez zen onartua izan, eta 1933an ez zen estatutu berririk aurkeztu. Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ondoren, 1936ko urrian Euskal Autonomia Estatutua onartu zen, eta Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu zen.
Gerra Zibilean, matxinoek Gipuzkoa hartu zuten. Aurrean, Defentsa Batzordea sortu zen, baina baliabide eta prestakuntza eskasak zirela eta, Gipuzkoa azkar erori zen. Bizkaian, Eusko Jaurlaritzak defentsa antolatu zuen, Eusko Gudarostea eta burdin hesia sortuz. Hala ere, frankistek Bizkaia lortu zuten.
1937ko abuztuan, euskal tropak Santoñako Ituna sinatu zuten italiar faxistekin, baina frankistek ez zuten akordioa errespetatu, eta euskal miliziano asko espetxeratu eta exekutatu zituzten. Horrek Euskal Herriaren erorketa bizkortu zuen, lurraldea frankisten kontrolpean geratuz.
Ondorioak
Gerra Zibilaren ostean, frankistak izan ziren garaile. Euskal Herrian errepresio politiko gogorra ezarri zen: milaka pertsona espetxeratu, exekutatu eta erbesteratu zituzten. Francoren erregimenak Bizkaia eta Gipuzkoa traidoretzat jo zituen, ondorioz, 1937an kontzertu ekonomikoa kendu zitzaien. Nafarroak eta Arabak mantendu zuten, matxinoen alde egin zutelako.
Eusko Jaurlaritza erbesteratu zen, eta Jose Antonio Agirrek euskal gobernuaren jarduna atzerrian jarraitu zuen. Euskal identitatea eta kultura zapalkuntza bortitzaren mende egon ziren: euskara debekatu zen, euskal ikurrak desagerrarazi ziren eta frankismoaren propaganda inposatu zen.
Hala ere, frankismoaren garaian Euskal Herriak industrializazio bizkorra izan zuen Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek migrazio handia ekarri zuen, landa-eremuetatik eta Espainiako beste eskualdeetatik. Aldi berean, erregimenaren aurkako erresistentzia mantendu zen, eta euskal oposizio politikoak frankismoaren aurkako mugimenduak sustatu zituen.
Autarkia Frankismoan: Kausak eta Ondorioak
Kausak
Gerra Zibilaren (1936-1939) ondoren, herrialdea ekonomia eta azpiegitura aldetik hondaturik geratu zen. Industria eta nekazaritza oso ahulduta zeuden, eta biztanleria egoera larrian bizi zen. Ondorioz, erregimen frankistak autarkia ekonomikoaren politika ezarri zuen, auto-hornikuntza eta burujabetza ekonomikoa helburu.
Autarkia ezartzeko arrazoi nagusietako bat nazioarteko isolamendua izan zen. Bigarren Mundu Gerran, Francok faxismoari sostengua eman zionez, NBEk Espainia baztertu zuen, eta Marshall Planaren laguntzarik jaso gabe geratu zen. Horrek atzerriko inbertsioak eta laguntzak galarazi zituen, eta Espainiak bere kabuz aurrera egin behar izan zuen.
Autarkia Frankismoaren ideologiarekin bat zetorren. Erregimenak nazionalismoa eta ekonomia-interbentzionismoa bultzatu zituen, barneko produktuak sustatzeko eta atzerriko merkataritza murrizteko. Neurri protekzionistak hartu ziren, hala nola inportazioen murrizketa, enpresa publikoen sorrera (RENFE), eta prezioen eta soldaten kontrola.
Hala ere, sistema ekonomikoak porrot egin zuen. Produktuen eskasia, merkatu beltza eta pobrezia nagusitu ziren. 1959ko Egonkortze Planarekin, erregimenak autarkiari amaiera eman zion, merkatu internazionalera irekiz.
Ondorioak
Francoren diktaduraren hasieran ezarritako autarkia politikak ondorio larriak izan zituen ekonomian eta gizartean. Inportazioak mugatu ziren, kanpoko produktuak saihestuz eta soilik ezinbestekoak ekarriz (petrolioa, kotoia, etab.). Industria sustatzeko, muga-zergak eta diru-laguntzak ezarri ziren, eta Estatuko enpresa publikoak sortu ziren, hala nola INI. Nekazaritzan ez zen erreforma handirik egin, baina ekoizpena estatuaren kontrolpean egon zen. Herritarrek errazionamendu liburuxkak erabili behar izan zituzten 1952ra arte, produktuen eskasia zela eta.
Honekin batera, inflazioa, estraperloa eta merkatu beltza hedatu ziren. Ondorioz, pobrezia eta bizi kalitatearen okertzea gertatu zen, haserrea eragin eta isolamendua handituz.
Azkenik, politika ekonomikoa aldatu behar izan zen (1959), kapitalismora irekiz (egonkortze planak, gobernuan teknokratak...).
Frankismo Berantiarraren Krisia: Kausak eta Ondorioak
Kausak
Frankismo berantiarraren krisia hainbat arrazoi ekonomiko, sozial eta politikoen ondorio izan zen. 1960-1970 hamarkadan, erregimen frankistak zailtasun handiagoak izan zituen egonkortasuna mantentzeko.
Ekonomikoki, 1960ko hamarkadan hazkunde nabarmena gertatu zen, batez ere turismoaren eta industrializazioaren bultzadari esker. Hala ere, 1973ko petrolioaren krisiak eragin latza izan zuen, inflazioa, langabezia eta zorpetze publikoa areagotuz.
Gizarte mailan, langileen eta ikasleen mugimenduak gero eta aktiboagoak ziren. Langileek bizi-baldintzak hobetzeko grebak antolatu zituzten, eta ikasleek erregimenaren aurkako protestak egin zituzten. Emakumeek eskubide berdintasuna eskatzeko borroka egin zuten.
Politikoki erregimenaren barnean tentsioak areagotu ziren, bi joeraren arteko talka zela eta: diktaduraren jarraipena bermatu nahi zutenak, eta aperturistak, sistema liberalizatzearen aldekoak. Oposizio politikoa handitu zen: Alderdi Komunista eta Sozialista indartu ziren, eta ETA erakunde armatua ekintza politiko eta militarretan murgildu zen.
Faktore hauek guztiek elkarri eraginez, frankismoaren krisia sakondu zuten. 1975ean, Francoren heriotzak diktaduraren amaiera ekarri zuen, Trantsizio Demokratikoari bidea irekiz.
Ondorioak
Krisialdiaren ondorioetako bat ondorio ekonomikoak izan ziren, okertu egingo zirenak. Honek herritarren haserrea eta protestak handitu zituen, gobernuaren errepresioa handituz, eta era berean haserrea eta protestak handituz, gurpil zoro baten moduan. Honek oposizioaren indartzea eragin zuen.
Nazioartean presioa izan zen diktaduraren aurka, gainerako herrialdeak faxismoaren aurka baitzeuden. Politika faxista zuen azken herrialdea Espainia zenez, bakarrik zeuden.
Frankismo berantiarraren krisia diktaduraren amaieraren aurrekaria izan zen, ondorioz, Espainiak aldaketa sakona izan zuen politikoki, ekonomikoki eta nazioartean. Franco hil ostean, Arias Navarro buru zuen gobernuak erregimenaren jarraitutasuna bermatu nahi izan zuen, baina oposizioaren presioa eta eraldaketa beharra gero eta handiagoak ziren. Horren aurrean, Adolfo Suárezek bultzatutako erreformen bidez, Espainiako Trantsizio Demokratikoa hasi zen.
Frankismoa Euskal Herrian: Hazkundea eta Aldaketa
Kausak
Frankismoaren ezarpenaren arrazoi nagusietako bat Gerra Zibileko garaipena izan zen. 1937an, tropak Bilbo eta Gipuzkoa bereganatu zituzten, eta errepresio gogorra ezarri zuten. Horrek Euskal Herriko autonomia ezabatzea ekarri zuen, 1936ko autonomia-estatutua bertan behera utziz. Gainera, Francok Espainia zentralizatzea zuen helburu, eta euskal nazionalismoa desagerraraztea estrategikoa zen.
Bestalde, frankismoak autarkia ekonomikoa ezarri zuen, ekonomia autosufizientea lortzeko. Euskal Herriak, industria sektore garrantzitsua izanik, ez zuen hainbeste suntsipen jasan. Hala ere, autarkiak geldialdi ekonomikoa eragin zuen. 1960ko hamarkadan, egonkortze eta garapen planekin, industrializazio prozesua azkartu zen. Horrek hazkunde ekonomikoa ekarri zuen, baina baita desberdintasun soziala eta immigrazioa ere. Espainiako eskualdeetatik langile ugari etorri ziren, hiri-hazkunde azkarra eta urbanismo deskontrolatua eraginez. Industria garapenarekin batera kooperatibismoa eta klase ertainaren hazkundea ere gertatu zen.
Ondorioak
Frankismoak ondorio sakonak izan zituen Euskal Herrian, politikan, ekonomian eta gizartean. Oposizio politikoa indartu zen, errepresioak eta eskubide politikoen urraketek askoren haserrea piztu baitzuten. 1960ko hamarkadatik, frankismoaren aurkako taldeak ugaritu ziren, ETA bezalako erakundeak sortuz, erregimenaren aurka borrokatzeko.
Frankismoak indarkeria politikoa eta tentsioa ekarri zituen. Oposizioaren hazkundeak erregimenaren errepresioa gogortu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesua bezalako gertaerek gatazka handitu zuten. Herritarren desadostasuna eragin zuen, greba eta manifestazio ugari sortuz.
Bestalde, frankismoak Euskal Herriko gizartean aldaketa demografiko eta sozial handiak eragin zituen. Immigrazioak biztanleriaren osaera aldatu zuen, eta langile-klasearen hazkundeak gatazka sozialak piztu zituen. Gainera, euskararen eta kulturaren zapalkuntza gertatu zen, gaztelania hizkuntza bakarra bihurtuz eta euskararen erabilera debekatuz.