Espainiako Berrezarkuntza: 1876ko Konstituzioa eta Erregenerazionismoa

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,89 KB

1876ko Konstituzioa (1876-06-30)

Testuaren analisia eta kokapena

Aurrean dugun testua testu juridiko bat da, artikulutan banatutako Konstituzio bat baita, indarrean jarri eta arautzeko egina. Testuak egile kolektiboa du: Gorte Konstituziogilea, hain zuzen ere. Horien artean, joera kontserbadorea nagusitzen zen.

Testua Espainiar Estatuko biztanle guztiei dago zuzendua, eta haren xedea nazioa arautu eta antolaketa juridiko berria ematea da, ordena bermatzeko. Testua Madrilen idatzi zen, Estatuko hiriburuan. Horrez gain, 1876. urtean idatzi zen, Borboitarren Berrezarkuntzan (1875-1923). Garai hartan Alfontso XII.a zen errege (1875-1885), eta Antonio Cánovas del Castilloren sistema politikoa zegoen indarrean. Konstituzio hau indarrean egon zen urte luzeetan zehar, zehazki 1923ra arte, ondoren diktadura etorri baitzen.

Konstituzioaren ezaugarri nagusiak

Testuaren hasieran, Alfontso XII.ak Gorteekin batera honako hau agindu zuela dio. Horren arabera, erlijio ofiziala katolikoa da, nahiz eta gainerako erlijioak ere onartzen diren (11. artikulua). Espainiar herritarrei biltzeko, elkartzeko eta adierazpen askatasunak bermatzen zaizkie (13. artikulua). Botere legegilea Gorteen eta Erregearen artean banatuko da (18. artikulua), eta Gorteak bikameralak izango direla adierazten da: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak osatuak (19. artikulua). Senatariak Erregeak izendatuko ditu (20. artikulua), eta diputatuak, berriz, legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatuko dira (28. artikulua). Bestalde, botere betearazlea Erregearen esku dagoela azpimarratzen da (50. artikulua). Azkenik, espainiar guztien legearen aurreko berdintasun juridikoa aipatzen da (75. artikulua).

Indarraldia eta garrantzia historikoa

Konstituzio hau Cánovasen sistema politikoak iraun bitartean egon zen indarrean (1923ra arte). Beraz, Borboitarren Berrezarkuntzako hiru erregetzatan egon zen indarrean: Alfontso XII.aren erregetzan (1875-1885), ondoren haren emazte Maria Kristinaren erregeordetzan (1885-1902), eta azkenik Alfontso XIII.aren erregealdian (1902-1931). Dena den, 1923an Primo de Riverak estatu-kolpea emanez diktadura ezarri zuen, Cánovasen sistema politikoa bertan behera utziz eta Konstituzio hau indargabetuz.

Azpimarratu beharra dago Konstituzio honek historian izan duen garrantzia, Espainiar Estatuan indarrean egondako konstituzio guztien artean luzeenetakoa izan baita. Bestetik, testua oso baliagarria izan zait garai hartako egoera sozial eta politikoa ezagutu eta ulertzeko. Gainera, ideiak oso modu garbian adierazita daudela uste dut, testua oso ulerterraza izanik.

Testuinguru historikoa: Seiurteko Demokratikoa eta Berrezarkuntza

Testu hau bere garaian kokatzeko, 1868. urtera egingo dugu atzera. Urte hartan La Gloriosa izeneko iraultza hasi zen Juan Bautista Topeteren eskutik, eta Prim eta Francisco Serrano bezalako progresistek eman zioten jarraipena. Erreginaren armadak Kordoban Alcoleako Gudua galdu ostean, Isabel II.ak erbestera ihes egin behar izan zuen, Seiurteko Demokratikoari hasiera emanez (1868-1874). 1868-1871 artean gobernu iraultzaileak izan zuen agintea, eta gobernu horrek Gorte Konstituziogileak bildu eta 1869ko Konstituzio aurrerakoia idatzi zuen. Hauteskundeak monarkikoek irabazi zituztenez, Amadeo Savoiakoa izendatu zuten errege (1871-1873). Dena den, ezegonkortasuna eta errege italiarrarekiko oposizioa zela medio, abdikatu egin zuen 1873an.

Horren ostean, Gorteek errepublika aldarrikatu zuten. Lehenik errepublika federala izan zen (lehenik Figueras eta gero Pi i Margall presidente). Ondoren, errepublika unitarioak boterea eskuratu zuen (Nicolás Salmerón eta ondoren Emilio Castelar presidente). 1874ko urtarrilean, aldiz, Manuel Paviak estatu-kolpea eman zuen, Gorteak deseginez. Horren ostean, Serranok zuzendutako diktadura ezarri zen, errepublika izena zuen arren. Ondorioz, herritarrak Alfontso XII.aren alde jarri ziren (Isabel II.aren semea), eta errege izendatu zuten (1875-1885), Borboitarren Berrezarkuntzari hasiera emanez (1875-1923).

Berrezarkuntzan, alderdi politikoen arteko oreka eta batasuna lortu nahi zen, eta Antonio Cánovas del Castillo Alderdi Kontserbadorearen sortzaileak eratu zuen sistema politikoa. Txandakatze politikoan oinarritutako sistema ezarri zuten, Alderdi Kontserbadorearen eta Alderdi Liberalaren arteko txandakako agintean oinarritzen zena. Txandakatzea bermatzeko, jauntxokeriaz baliatu ziren agintariak.

1876ko Konstituzioaren ezaugarri zehatzak

1876an, esku artean dugun Konstituzio kontserbadore berria idatzi zen, 1845ekoaren antzekoa. Batetik, Estatu konfesionala izendatu zuen (11. artikulua), erlijio ofiziala berriz ere katolikoa izendatuz eta horri babes ekonomikoa emanez. Botereari dagokionean, botere legegilea Gorteei eta Erregeari aitortu zitzaien (18. artikulua), eta horrez gain Erregeak botere betearazlea ere izango zuen (50. artikulua). Bestetik, 20. artikuluak dioenez, Senatuko kide gehienak Erregeak hautatuko zituen; beraz, Erregeak botere legegilea kontrolatu zezakeen. Azken ezaugarri hauek absolutismorantz hurbiltzen ziren. Gainera, bikameralismoa ezarri zen; 19. artikuluan ikus dezakegun moduan, alde batetik Senatua eta bestetik Diputatuen Kongresua zituen botere legegileak. 28. artikuluaren arabera, diputatuak sufragio bidez hautatuko ziren, baina hau oso zentsitarioa zen (gizonezko aberatsetara mugatzen zen). Dena den, Konstituzio honek neurri aurrerakoi batzuk ere bildu zituen. Batetik, adierazteko, biltzeko eta elkartzeko askatasuna aitortu zen (13. artikulua), zentsura deuseztatuz. Azkenik, berdintasun juridikoa ezarri zen (75. artikulua), legeak Estatuko toki guztietan kode berberak zituelarik. Horrela, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba gainerako probintzien pareko geratu ziren.


Joaquín Costaren Oligarquía y Caciquismo lanaren pasartea (1901)

Testuaren analisia eta kokapena

Aurrean dugun testua saiakera politiko kritiko bat dela esan dezakegu. Joaquín Costak idatzitako testua da, mugimendu erregenerazionistaren aitzindaria, eta Berrezarkuntza garaiko sistema politikoarekiko oso kritikoa. Espainiar Estatuko herritarrei zuzendutako testua da, eta haren xede nagusia gobernua eta Berrezarkuntzako sistema politikoa kritikatu eta salatzea da, gizartearen hobekuntza bultzatzeko. 1901. urtean idatzi zen, Borboitarren Berrezarkuntza garaian (1875-1923), eta Maria Kristinaren erregeordetzan (1885-1902). Garai hartan Cánovas zen gobernu buru, eta haren sistema politikoa zegoen indarrean. Madrilen idatzi zen, zehazki, Estatuko hiriburuan.

Testuaren edukiaren laburpena

Testuaren lehen paragrafoan, gobernua osatzen duten faktore batzuk daudela eta bakoitzak posizio bat okupatzen duela aipatzen da. Bigarren paragrafoan, berriz, kanpoko osagaiak azaltzen ditu: Batetik, «buruzagitza» osatzen duten oligarkak; bestetik, bigarren mailako jauntxoak; eta azkenik, gobernadore zibila, komunikazio-organo eta tresna dena. Ahuldutako nazioa aurrera eramateko trikimailua dela dio testuak. Hirugarren paragrafoak oligarka eta jauntxoz osatutako klase gobernatzailea kritikatzen du, gorputz arrotz bat besterik ez dela esanez, sistema politikoari kalte besterik ez baitiote egiten. Azken paragrafoan, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak kritikatzen dira, bozketa faltsifikatu eta sistema galbidera daramatela esanez.

Testuinguru historikoa: Berrezarkuntza eta krisia

Testua bere garaian kokatzeko, 1874. urtera egingo dugu atzera. Urte horretan, Seiurteko Errepublikarrak (1868-1874) hondoa jo eta ezerezean geratu zen. Ondorioz, herritarrak Alfontso XII.aren alde jarri ziren (Isabel II.aren semea), eta errege izendatu zuten (1875-1885), Borboitarren Berrezarkuntzari hasiera emanez (1875-1923).

Garai berri horretan, Antonio Cánovas del Castillo Alderdi Kontserbadorearen sortzaileak eratu zuen testu honetan kritikatzen den sistema politikoa, eta haren helburua alderdi politikoen arteko oreka eta batasuna lortzea izan zen. Horretarako, entzungor egin zien herritarren demokrazia-eskaerei, beraien eskubide indibidualak baztertuz. 1876an, Konstituzio kontserbadore moderatu berria ezarri zen indarrean, 1845ekoaren antzekoa. Alderdi guztien arteko batasuna lortzeko, bere Alderdi Kontserbadorearen eta Sagastaren Alderdi Liberalaren arteko txandakatzean oinarritutako sistema ezarri zuen Cánovasek. Txandakatzea bermatzeko, jauntxokeriaren bidez hauteskundeetako emaitzak manipulatzen zituzten, egokitzen zitzaion alderdiaren mesedetan. 1885ean, Alfontso XII.aren heriotzarekin, haren emazte Maria Kristina izendatu zen erregeorde. Cánovasek eta Sagastak txandakatze politikoarekin eta Berrezarkuntzaren erregimenarekin jarraitzea hitzartu zuten Pardoko Itunarekin. Sagastaren gobernu liberalaren agintaldian (1885-1890), 1868ko iraultzako zenbait ideia abian jarri eta askatasunak zabaldu zituzten: elkarteen legea, epaimahai bidezko epaiketa, gizonezkoen sufragio unibertsala... Era berean, Kode Zibila eraberritu zuten, erreforma militarreko proiektu bat prestatu eta lege liberalak onartu zituzten ekonomiaren hazkundea eta burdinbidearen zabalkundea sustatzeko.

90eko hamarkadan, ordea, krisi politiko eta sozioekonomiko gogorrek gizarte-gatazkak sortu zituzten: langile mugimenduak indarra hartzen hasi zen, eta manifestazioak eta atentatuak areagotu ziren. 1898an, Espainiak behin betiko galdu zuen itsasoz haratago zuen inperioa, eta horrek pesimismo handia ekarri zien espainiarrei. Pesimismo eta gutxiagotasun sentimendutik sortu zen erregenerazionismoaren mugimendua. Joaquín Costa izan zen haren aitzindaria, eskuen artean dugun testua idatziz.

Erregenerazionismoaren ideiak testuan

Testuan bertan ideia erregenerazionistak argi aurki ditzakegu. Batetik, sistema Cánovista osatzen duten faktoreei eta haien posizioari kritika gogorra egiten zaie. Horien artean, oligarkak ziren «buruzagitza» osatzen zuten gizon itzaltsu edo gailenak; bigarrenik, bigarren mailako jauntxoak zeuden; eta azkenik, gobernadore zibila, aurrekoen komunikazio-organo eta tresna zena. Mugimendu erregenerazionistak hori dena salatzen du, testuan ere ikus dezakegun moduan. Izan ere, hirugarren paragrafoan dio oligarka eta jauntxoz osatutako klase gidaria arrotza dela, nazioa intzirika eta etzanda daukana. Gainera, klase kontserbatzaile eta gobernatzaile hori bere botereaz baliatzen zen sistema politikoa nahierara moldatzeko, bozketa faltsifikatuz eta sistema galbidera eramanez. Bidegabekeria horiek guztiak aditzera ematea nahi zuen lortu Joaquín Costak testu honen bidez.

Ondorioak eta mugimenduaren eragina

1902an Alfontso XIII.a (Maria Kristina eta Alfontso XII.aren semea) izendatu zuten errege (1902-1931). Cánovasen sistema politikoak indarrean jarraitu zuen, baina erregenerazionismoaren aldeko jarrera nagusitu zen, eta iruzurrean oinarritzen zen sistema Cánovistak kritika gogorra jaso zuen. 98ko Belaunaldikoen eragina nabarmena izan zen, jarrera erregenerazionista zuen garaiko intelektual eta pentsalarien taldea. Modernizazio beharra aldarrikatzen zen: arlo sozialean, politikoan eta kulturalean. Mugimendu erregenerazionistari dagokionez, Espainia atzeratua eta «beltza» kritikatzen zuen: ignorantzia, pobrea, tradiziotan murgildua, superstiziosoa, etab. Faktore horien ondorioz, Espainia pixkanaka modernizatzen joan zen (eskolak sortuz...), baina horretarako belaunaldi asko behar izan ziren.

Entradas relacionadas: