Espainiako Errestaurazioaren Krisia eta Frankismoaren Ondorioak Euskadin

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,51 KB

1917ko Krisiaren Kausak eta Errestaurazioaren Ahultzea

Canovasek Espainian sortu zuen Errestaurazio sistema (1875-1923) krisian sartu zen Alfontso XIII.aren erregealdian (1902-1931), batez ere Bartzelonako Aste Tragikoa (1909) eta 1917ko krisiarekin. Azken honek arrazoi hauek zituen:

Militarren Desadostasuna eta Defentsa Batzordeak

1917an, militarrek beren haserrea adierazteko Militarren Defentsa Batzordeak sortu zituzten, lan-baldintzak hobetzeko asmoz (soldata baxuak, antzinatasuna errespetatu gabeko igoerak eta Marokoko ofizialen pribilegioak). Gobernuak batzordeak ilegalizatu zituenean, militarrek estatu-kolpearekin mehatxatu zuten. Honek gobernu liberalaren dimisioa eragin zuen, eta Eduardo Dato gobernuburu izendatu zuten. Datok militarren eskarien aurrean amore eman behar izan zuen, gobernuaren ahulezia agerian utziz.

Bartzelonako Asanblada eta Erreformarako Nahia

Bartzelonako asanblada ere beste arrazoi garrantzitsu bat izan zen. 1917ko uztailean, Gorteak itxita zeudela, Lligakoek, sozialistek eta errepublikanoek batzar bat antolatu zuten. Helburua konstituzioa eta gobernua berritzea zen, ustelkeriarekin amaitzeko. Guardia Zibilak batzarra modu baketsuan desegin zuen, baina Errestaurazio sistema ukituta utzi zuen.

Langile Mugimenduaren Protestak

Langile mugimenduaren desadostasuna ere garrantzitsua izan zen. 1916an, UGTk eta CNTk greba orokor arrakastatsua egin zuten. 1917an greba berriro egin zuten, baina nekazarien parte-hartze eskasak eta errepresio gogorrak arrakasta mugatu zuten. Hala ere, langileen protestak egoera larriaren adierazgarri izan ziren.

Hiru arrazoi hauek Errestaurazio sistema ahuldu zuten, hilzorian utziz. Krisi sakon baten ondorioz (politikoa, soziala, biolentzia eta Annualeko porrota), 1923an Primo de Riveraren estatu-kolpeak eman zion behin betiko amaiera.

Gerra Zibilaren Ondorioak Euskadin

Gerra Zibila (1936-1939) Euskadin 1937an amaitu zela esan daiteke, tropa altxatuek Bilbo hartu zutenean. Euskaldunek jasan zituzten ondorioak anitzak izan ziren:

Ondorio Politikoak eta Errepresioa

Politikan, galtzaileek sekulako errepresioa sufritu zuten (fusilamenduak, espetxeratzeak, langile-batailoiak, isunak, konfiskazioak, emakumeei ilea moztea...). Francok Errepublikako lorpen demokratikoak eta autogobernua (estatutua, Jaurlaritza, Bizkaia eta Gipuzkoako Kontzertu Ekonomikoa) ezabatu zituen. Errepublikarekin lortutako eskubide zibil eta politikoen amaiera eta diktadura frankistaren hasiera izan zen.

Ondorio Demografiko eta Ekonomikoak

Demografian beherakada egon zen, hildakoak, errepresiotik ihesi joandako erbesteratuak (umeak barne) eta jaiotze-tasa jaitsi zirelako. Ekonomia lur jota geratu zen Euskadin, geldialdi ekonomikoa eraginez (kontsumo falta, eskulan gaitua murriztua; azpiegitura asko suntsituta, nahiz eta Agirrek industria salbatu zuen). Lanpostuetan depurazioak ere gertatu ziren.

Ondorio Sozial eta Kulturalak

Sozialki, gizartea familia irabazle (garaileak) eta galtzaile (garaituak) sailkatuta geratu zen; bigarrenek umiliazioak eta lotsa sufritu zituzten. Gainera, jakien eta hornigaien eskasiak gosea eta estraperloa (kontrabandoa) ekarri zituen. Kultur arloan, sormen abangoardistak jazartzeaz gain, Euskadiko kasuan gure hizkuntza zapaldua eta baztertua izan zen, abertzaletasunarekin edo ezkerreko kutsuarekin zerikusia zuten adierazpen guztiekin batera.

Beraz, Gerra Zibilaren amaierak ia 40 urte iraun zituen Francok gidatutako erregimen autoritario, kontserbadore, pertsonalista, katoliko eta nazionalista espainiar sutsua ekarri zuen Euskadira.

Frankismoa Euskadin: Hazkunde Ekonomikoa eta Gizarte Aldaketa

Kausak eta Faktoreak

Frankismoa 1939-1975 artean egon zen diktadura autoritario, kontserbadore eta pertsonalista izan zen. Euskadin, garai honetan, ekonomia-hazkunde eta gizarte-aldaketa nabarmenak izan ziren.

Ekonomia Hazkundearen Bultzatzaileak

Ekonomian aldaketak gertatzeko, 1959ko Egonkortze Plana eta 60ko hamarkadan zehar gobernu frankistak egindako Garapen Planak aipatu behar ditugu. Bizkaian eta Gipuzkoan siderometalurgia indartsua zegoen aurretiaz, eta garai honetan industria mota hau bultzatu zen; aldiz, Araban (eta Nafarroan) industria berria sortzea ahalbideratu zuten. Gainera, Gipuzkoako kasuan, mugimendu kooperatibista sortu zuen Arizmendiarrietak. Faktore gehigarriak izan ziren inbertsioak erakartzea, azpiegiturak hobetzea eta kokapen geografiko estrategikoa.

Demografia eta Hiritartze Prozesua

Ekonomia-hazkundeak milaka etorkin erakarri zituen Euskadira Espainiako toki azpigaratuetatik (Extremadura, Andaluzia...), lan-esku merkea baitzen. Beraz, demografia-aldaketa eragin zuen, hiritartze-prozesu batekin batera eta azpiegitura egokirik gabeko auzuneak sortuz (adibidez, Otxarkoaga Bilbon).

Kontsumo Gizartearen Lehen Urratsak

Hazkunde ekonomikoak "ongizate" egoera ere ekarri zuen familia batzuentzat; euskal etxeetara apurka-apurka telebista, hozkailua edo labadora sartu ziren, kontsumo-gizartearen lehen urratsak emanez.

Elizaren Papela eta Oposizioa

Elizan aldaketak gertatu ziren Vatikanoko II. Kontzilioaren ondorioz, eta gizartearen laizizazio progresiboa eman zen. Elizako sektore abertzaleek indarra zeukaten, batzuk ETAren inguruan arituz. Ekonomian eta gizartean modernizazioa ematen zen bitartean, politikan erregimen errepresiboa izaten jarraitu zuen, oposizio indartsu bat sortuz euskal gizartean (elizako sektoreak, ETA, langile mugimendu indartsua...).

Frankismoa Euskadin: Hazkunde Ekonomikoa eta Gizarte Aldaketa

Ondorioak eta Eraginak

Frankismoa 1939-1975 artean egon zen diktadura autoritario, kontserbadore eta pertsonalista izan zen. Euskadin, garai honetan, ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta kultural nabarmenak izan zituen, bertako bizimodua aldatu baitzuten. Atal honetan, ekonomia-hazkundean eta gizarte-aldaketan izandako ondorioetan zentratuko gara.

Hiritartzea eta Migrazioak

60ko hamarkada hazkunde ekonomikoko garaia izan zen Euskadin ere, Egonkortze eta Garapen Planen ondorioz. Honek hiritartze-prozesu bat ekarri zuen (nekazal guneetatik hirietara), eta gainera, euskal industria-guneetara Espainiatik (Gaztela, Extremadura, Andaluzia...) milaka etorkin etorri ziren lan bila, tentsio soziala eta kulturala sortuz.

Lan Baldintzak eta Gatazka Laborala

Siderometalurgiako lantegietan, ontzioletan edo Gipuzkoan sortu ziren kooperatibetan lan asko zegoen. Ongizatea ere ekarri zuen honek hein batean (hozkailua, labadora... etxeetara sartuz). Ordea, lan-baldintzak ez ziren onenak, eta honek gatazka laborala (protestak, grebak...) ekarri zuen, sindikatu klandestinoak (CCOO, adibidez) sortuz. Askotan, protesta hauen atzean borroka politikoa ere bazegoen, diktadura errepresiboari aurre egiteko. ETA erakunde independentista ere atentatuak eginez aritu zen, eta Burgosko Prozesuan edo Txiki eta Otaegirekin solidarizatzeko euskal gizartearen eta langileen protestak entzutetsuak izan ziren (emaitza ezberdinekin).

Sekularizazioa eta Euskal Kultura

Bestalde, sekularizazioa indarra hartzen ari zen apurka; elizaren eragina, handia izan arren, gizartearen laizizazio-prozesua etengabea zen. Euskara eta euskal kultura bultzatzeko ikastolen mugimendua edo artista talde esanguratsuak ere sortu ziren (Ez dok Amairu; Txillida, Oteiza...).

1973tik aurrera, krisi ekonomikoaren lehen zantzuak nabaritu ziren, eta trantsizio garai istilutsuari bidea eman zion Francoren heriotzak 1975ean.

Entradas relacionadas: