Espainiako II. Errepublika eta Gerra Zibila: Dokumentu Iruzkinak

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 13,7 KB

Iruzkina: Clara Campoamor diputatua

Kokapena

Clara Campoamor diputatuak, Espainiako II. Errepublikaren Gorte Konstituziogileetan, 1931ko irailaren 1eko saioan emandako hitzaldiari buruzko dokumentua aztergai dugu. Jatorri historikoa da, hau da, lehen mailako iturria; formaren aldetik narratiboa eta gaiari dagokionez soziala, helburu politikoarekin. Egileak emakumeek politikan parte hartu ahal izatea eskatzen du: boto emateko eskubidea, hain zuzen ere. Emakumeen eskubideak aldarrikatzen dira. Clara Campoamorrek emakumeen sufragio eskubidea defendatu zuen. Victoria Kent diputatu kideak, ordea, emakumeei boto ematearen aurka egin zuen, uste baitzuen erabaki horrek ez ziela mesederik egingo. Gorte Konstituziogileen saioetako egunkarian agertu zen; beraz, publikoa da.

Analisia

Gaia emakumeen eskubideen errebindikazioa da; beraz, soziala. Bi ideia nagusi daude: eskubide hauen proposamenaren arrazoiak eta emakumeen sufragio eskubidearen defentsa. Lehenengo paragrafoan gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna bermatzen duten zenbait printzipio zaharren aurka argudiatzen du eta gizon eta emakumeek eskubide berak dituztela adierazten du. Bigarren paragrafoan, emakumeen sufragioa bere gain hartzera eta Konstituzioan txertatzera bultzatzen ditu parlamentariak. Horretarako, goretsi egiten ditu Behin-behineko Gobernuaren erabaki batzuk eta Konstituzioak izan ditzakeen onurak. Gainera, berdintasun hori onartuz, Espainia emakumeen sufragio eskubidea onartuko zuen lehen herrialde latinoa izango litzatekeela dio.

Garai Historikoa

1931ko apirileko udal-hauteskundeetan monarkikoek lortu zuten zinegotzi gehien, kazikeek kontrol handia baitzuten landa-eremuetan. Baina hiri handietan errepublikanoen eta sozialisten koalizioak irabazi zuen, eta horrek monarkiaren babes-falta utzi zuen agerian. Donostiako Itunean parte hartu zutenek behin-behineko gobernua osatu zuten. Eztabaidak oso gogorrak izan ziren: gai erlijiosoa eta gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasunaren gaia, sufragioari dagokiona. Clara Campoamor izan zen Kongresuaren aurrean emakumezkoen boto-eskubidearen proposamena defendatu zuena. Bere borrokari esker lortu zen sufragio eskubidea Konstituzioan txertatzea. 1931ko abenduaren 9an onetsitako Konstituzioaren bidez, Espainia estatu laiko eta demokratikoa bihurtu zen; sufragio unibertsala ezarri zen; jabetza-eskubidea interes publikoaren menpe zegoen; eskualdeetako arazoak autonomia-estatutuen bidez bideratuko ziren. 1933an bozkatu zuten lehen aldiz emakumeek. Boto-emate horretan eskuinaren garaipena egon zen. Benetako arazoa ezkerreko alderdien estrategia eta batasun-falta izan zen. 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeetarako ezkerrak eta indar aurrerakoienek Fronte Popularraren Ituna sinatu zuten. Koalizio baterako gutxieneko printzipioen inguruko akordioa sustatuz, gobernatzeko behar zen gehiengo osoa lortu zuten.

Testuaren Garrantzia

Hitzaldi hau klabea izan zen emakumeen sufragioa onartzeko. Neurri horren alde egin zuen defentsa-lanari esker, emakumea politikaren agertokian jarri zuen, gizonaren maila berean. Horregatik, Espainiako feminismoaren historiako mugarri bat da. Ondorioz, berrikuntza garrantzitsuak lortu ziren emakumearen mesedetan: guraso-aginpidea desagertu zen, dibortzio-legea eta baterako hezkuntza neurri iraultzaileak izan ziren garai hartan. Eskubide horiek ukatu egin ziren Gerra Zibila eta frankismoa iritsi zirenean.

Iruzkina: Fronte Popularraren Programa

Kokapena

Aztergai dugun dokumentua Madrilen 1936ko urtarrilaren 16an, PSOEren aldizkarian agertutako Fronte Popularraren programaren zatia da. Jatorriaren aldetik testu historikoa da; formari dagokionez, manifestu bat; gaiari dagokionez, politikoa du. Egilea: kolektiboa, ezkerreko alderdien ordezkariak Fronte Popularraren izenpean batuta. Helburu publikoa du; beraz, hartzaile kolektiboa da. Fronte Popularra sozialisten eta errepublikanoen koalizioa izan zen. Desadostasunak alde batera utzita, koalizioa otsaileko hauteskundeetarako prestatu zen.

Analisia

Gaia: Fronte Popularraren programa. Koalizioaren plan politikoa. Koalizioan elkartutakoek hartutako konpromisoa. Bi ideia nagusi: alde batetik, herriarekiko konpromisoa (amnistia, eskubideen defentsa Konstituzioan bermatzea); bestetik, haien arteko adostasunak eta desadostasunak. Testuan koalizioaren helburuak azaltzen dira. II. Errepublikako 1931-1933ko biurtekoan garaturiko politika erreformatzailearen berrezarpena eta Konstituzioari berriz ere indarra ematea. Fronte Popularraren programan, banka-sisteman erreformak eta nekazaritza-erreformak eskatzen dira. Ez da sozialismoa ezartzea, erregimen demokratikoa berrezartzea baizik, langileen baldintzak hobetzeko, interes publikorako eta aurrerapen soziala lortzeko.

Garai Historikoa

1931ko udal-hauteskundeetan hiri handietan koalizio errepublikano-sozialistak irabazi zuen. Alfontso XIII.ak erregetza utzi zuen eta II. Errepublika aldarrikatu zen. Eratu zen behin-behineko gobernuak Gorte Konstituziogileetarako deialdia plazaratu zuen eta zenbait erreforma bultzatu zituen. Lehen Biurteko Erreformistan errepublikano eta sozialisten koalizio-gobernuko presidentea Azaña izan zen. Koalizio gobernua krisian murgiltzen zen bitartean, eskuina berrantolatzen hasi zen; horrela, 1933an Azañak dimititu egin zuen; hauteskundeetan, CEDAk eta Alderdi Erradikalak irabazi zuten. Zentro-Eskuineko biurteko honetan aurreko erreformen kontrako politika burutu zen. Neurri horiek ondorio larriak izan zituzten, indar politikoak berregituratzeaz gain, gizarte-gatazkak areagotu ziren. Ezkerreko alderdiek aliantza handi bat osatu zuten 1936ko urtarrilean (Fronte Popularra: ezkerreko alderdien koalizioa). Haien arteko desberdintasunak alde batera utzi eta programa bat adostu zuten eskuinari aurre egiteko hauteskundeetan. Fronte Popularrak programa moderatua aurkeztu zuen: amnistia orokorra 1934ko urrian altxatutakoentzat, Lehen biurteko politika erreformista martxan jartzea, Konstituzioa berrezartzea, Autonomien auzia negoziatzea. Eskuineko alderdiak eta zentrokoak bananduta aurkeztu ziren. Hauteskundeetan Fronte Popularrak irabazi eta ezkerreko errepublikanoek osatu zuten gobernua. Gertakari ugari sortu ziren Espainiako hainbat tokitan: lurren okupazioak, grebak eta desordena publikoak. Eskuin muturreko taldeek kanpaina gogor bat jarri zuten abian, Gerra Zibila bihurtuko zen matxinada prestatzen hasi ziren.

Testuaren Garrantzia

Testua garrantzitsua da, haien arteko desadostasunak alde batera utzi eta programa elektorala (moderatua) honekin Fronte Popularrak 1936ko hauteskundeak irabazi zituelako. Horrek erakusten du batasunak duen garrantzia garaipena lortzeko. Fronte Popularrak irabazteak tentsioak areagotu zituen. Eskuinak ez zuen inola ere onartu eta, lehen esan dugun bezala, Gerra Zibila bihurtuko zen matxinada prestatzen hasi ziren.

Iruzkina: Euskal Herriko Autonomia Estatutua

Kokapena

Aztergai dugun testua historikoa da, lehen mailako iturria; formaren aldetik juridikoa eta gaiari dagokionez politikoa. Egilea kolektiboa da; Prieto eta Agirreren akordioaren emaitza izan arren, Prietok bultzatu zuen eta Kongresuko diputatuek onetsi zuten. 1936ko urriaren 7an Gazeta de Madrid aldizkarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen; beraz, helburu publikoa duen testua da. Estatutuaren onespenaren eragile nagusia 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularraren garaipena izan zen, baina bestelako interesak ere egon ziren.

Analisia

Gaia Estatutua bera da. Estatutuaren artikulu batzuk, hain zuzen. Ideia nagusiak hiru dira:

  1. Estatutuaren aplikazio-eremuari egiten dio erreferentzia: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarriko da indarrean, Errepublikako Konstituzioarekin bat eginez.
  2. Herritarren segurtasunari buruzko eskumenak: ordena publikoa eta babes juridikoa bermatzeko bertako polizia-sistema ezarriko da (5. atala).
  3. 10. atalean liberalismoaren oinarrizko printzipioak biltzen dira: herriaren subiranotasuna eta boterearen banaketa.

Garai Historikoa

Primo de Riveraren diktadura erori bezain pronto (1930eko abuztuan) alderdi errepublikanoak, nazionalista katalanak eta sozialistak bildu ziren Donostian eta bertan itun bat sinatu zuten, Donostiako Ituna, monarkiaren aurka eta Errepublikaren alde egiteko. 1931ko apirilaren 12ko udal-hauteskundeetan, koalizio errepublikano-sozialistak lortu zuen garaipena probintzia-hiriburu eta hiri garrantzitsuetan. Alfontso XIII.a erregeak abdikatu egin zuen eta Errepublika aldarrikatu zen. Errepublika ezartzearekin batera, autonomien auzia mahaigaineratu zen. 1934tik 1936ra bitartean CEDAk ezezkoa eman zion estatutuaren onartzeari. 1936ko uztailaren 18an Errepublikaren aurka egin zen altxamentu militarraren porrotak Gerra Zibila ekarri zuen. Gerra Zibilak azkartu egin zuen Autonomia Estatutuaren onarpena eta lehen Eusko Jaurlaritza eratzea. Adostutako testua aurreko proiektuetakoa baino askoz ere laburragoa zen, Kataluniako estatutuaren antzekoagoa, errepublikanoen arauetara molda zedin eta parlamentuan eskuinak blokeatu ez zezan nahi baitzuten. Eskumenen artean: polizia autonomoa izatea, askatasun erlijiosoa, euskararen koofizialtasuna, antolakuntza judiziala (militarra izan ezik), hezkuntzaren antolakuntza. Estatutua indarrean egon zen bakarrik Bizkaian, Eibar aldean eta Arabako iparraldeko hainbat haranetan; baina, beste alde batetik, gerra zela eta, Madrilgo gobernuarekiko komunikazioak nahiko zailak zirenez, Eusko Jaurlaritzak hartu behar izan zituen Estatutuari egokitzen ez zitzaizkion betebehar batzuk. 1937ko ekainean frankistek Bizkaia osoa menperatu zutenean (Bilbo ekainaren 19an hartu zuten), euskal autonomia desagertu zen 1978 arte, teorikoki Eusko Jaurlaritza erbestean bizirik mantendu bazen ere.

Garrantzia

Testua oso garrantzitsua da garai hartako egoera politiko eta militarra ulertzeko. Lehen Eusko Jaurlaritzaren esperientziak botere handia eskuratu zuen, nahiz eta eremu geografiko mugatuan izan. Alderdi politiko guztiek izan zuten parte gobernuan, baina nazionalisten esku zeuden sail garrantzitsuenak, hala nola Defentsa eta Ogasuna. Beste alde batetik, lehenengo aldiz aintzat hartzen zela Euskal Herriaren gaitasuna bere burua gobernatzeko.

Iruzkina: Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertu Ekonomikoak

Kokapena

Aztergai dugun testua lehen mailako testu juridikoa da eta gaiari dagokionez politikoa. Egilea Francisco Franco dugu. Francok, Errepublikaren kontra matxinaturiko armadaren burutza izan zuen 1936an. Testua Bilbo erori ondoren (ekainaren 19an) idatzi zen, Burgosen 1937ko ekainaren 23an, hain zuzen. Euskal Herrian Gerra Zibila amaitu zenean. Lege-dekretu hau, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen; beraz, testu publikoa da. Testua Euskal Herriko bi probintziei (Bizkaia eta Gipuzkoa) zuzenduta dago.

Analisia

Gaia: Kontzertu Ekonomikoen deuseztapena Bizkaian eta Gipuzkoan. Ideia nagusiak:

  1. Kontzertu ekonomikoek dituzten lau lurraldeen egoera ekonomikoa.
  2. Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertuak indargabetzeko eta Araban eta Nafarroan bizirik irauteko arrazoiak.
  3. 1937ko uztailaren 1a eta gero lurraldeek izango duten egoera ekonomikoa.

Hasteko, Francok kontzertu ekonomikoen mesedea jasotzen duten lau lurraldeen egoera ekonomikoari buruz hitz egiten du. Bigarrenik, Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertu ekonomikoak indargabetzeko eta Araban eta Nafarroan irauteko arrazoiak azaltzen dira. Azkenik, Francok xedatzen du dekretua indarrean sartzen denetik aurrera Bizkaiak eta Gipuzkoak kontribuzio, errenta eta zerga guztiak ordaindu beharko dituztela gainerako lurraldeek egiten duten moduan, Araba eta Nafarroa izan ezik.

Garai Historikoa

Hirugarren Karlistaldiaren amaieran, Karlismoaren porrotak foruak indargabetu zituen. Hala ere, liberal foruzaleek Cánovasen gobernuari eskatu zioten gehien eragiten zien eskumenetako bat mantentzeko: kudeaketa ekonomikoa. 1936ko otsailean egindako hauteskundeetan Fronte Popularrak irabazi zuen. Estatu-kolpea eman zen uztailaren 18an. Nafarroako karlistek eta haien erakunde paramilitarrek, "erreketeek", akordio bat lortu zuten isilpean militarrekin altxamentua gauzatzeko. Bizkaian eta Gipuzkoan Errepublikaren eta autonomiaren aldeko gehiengoa nabarmena izan zen; ondoren, aginte legalaren kontrolpean geratu ziren bi lurraldeak. Militar altxatuak eta errekete-zutabeak Nafarroaz jabe egin ziren. Araba osoa menderatuta, Gipuzkoarantz jo zuten. Irailaren 5ean, Bidasoako Guduan, Irun hartu eta Frantziarekiko komunikazioa moztu zuten. 1937ko martxoan, Francok Iparraldeko frontera bideratu zituen bere ahaleginak. Mola jeneralak erasoa hasi zuen, Durangon, Eibarren eta Gernikan bonbardaketa masiboak eginez. 1937ko apirilean, Gernika suntsitu zuten. Ekainaren 19an, brigada nafarrek Bilbo menderatu zuten. Ia euskal armada osoa, Agirreren Jaurlaritza eta milaka iheslari Santanderrera joan ziren. 1937ko abuztuan amaitu zen Espainiako Gerra Zibila. Francoren garaipenaren lehen ondorioa Errepublikak ezarrita zuen legedia guztia suntsitzea izan zen. Gaztelania ezarri zen hizkuntza bakarra eta gogor zapaldu ziren beste hizkuntzak, bereziki euskara, katalana eta galiziera. Francok zigor berezia ezarri zien Errepublikaren alde borrokatu ziren euskal probintziei: Bizkaiari eta Gipuzkoari kontzertu ekonomikoa kendu zien. Dekretua indarrean sartu eta berehala deuseztatu ziren kontzertuak. Franco hil arte eta 1978ko Konstituzioa onetsi arte iraun zuen egoera txar horrek.

Garrantzia

Ikaragarria izan zen Francok Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kontra hartu zuen errepresalia; hori oso garrantzitsua izan zen. Bizkaiaren eta Gipuzkoaren aurka hartutako neurriak oso zorrotzak izan ziren. Euskara erabat alboratua gelditu zen eta Aldundien autonomia desagertu zen. Bizkaiak eta Gipuzkoak ez zituzten Kontzertu Ekonomikoak berreskuratu Franco desagertu arte.

Entradas relacionadas: