Espainiako Trantsizioa: Diktaduratik Demokraziara (1975-1982)
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,14 KB
1. Erreforma politikoa eta oposizioa
Espainiako Trantsizioa 1975ean hasi zen, Francisco Franco hil zenean, eta diktaduratik demokraziarako urratsa suposatu zuen, 1982an PSOEk agintea lortu zuen arte. Aldaketa gauzatzeko hiru jarrera nagusi zeuden: erregimeneko inmobilistak, erabateko haustura nahi zuen oposizioa, eta erregimenaren tresnak erabiliz erreforma bultzatu nahi zutenak. Azken bide hori izan zen, hain zuzen, trantsizioak hartu zuena.
Franco hil ondoren, Juan Carlos Borboikoa errege izendatu zuten, eta honek Arias Navarro jarri zuen gobernuaren buru. Arias Navarroren gobernuak, frankistez eta militarrez osatua gehienbat, ez zuen benetako proiektu demokratikorik eta erreforma oso mugatuak baino ez zituen egin. Bitartean, 1973ko krisi ekonomikoak eta gizartearen ezinegonak mobilizazioak, grebak eta manifestazioak areagotu zituzten, amnistia eta askatasun politikoa eskatuz. Giroa oso tentsotsua zen, batez ere 1976an, indarkeria politikoko ekintzak (ETA, GRAPO, eskuin muturra) eta ordena publikoko arazo larriak (Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia eta Montejurra) gertatu baitziren. Oposizioak, presioa egiteko, Batzar Demokratikoa (Plantajunta) eratu zuen.
Egoerak gainezka eginda eta aldaketa ezinik, Arias Navarrok dimisioa eman behar izan zuen. Orduan, erregeak Adolfo Suárez izendatu zuen gobernuburu. Iragan frankista zuela-eta hasieran mesfidantza sortu bazuen ere, Suárezek azkar jokatu zuen: preso politikoentzako amnistia dekretatu zuen eta oposizioko buruekin (Felipe Gonzalez, Santiago Carrillo, PNV) ezkutuko elkarrizketak hasi zituen, hausturaren bidea utzi eta erreformara batu zitezen.
Prozesuaren giltzarria 1976ko Erreforma Politikorako Legea izan zen. Lege honek demokraziarako eta hauteskundeetarako oinarriak finkatu zituen, gorte frankistak bertan behera utziz beraien onespenarekin. Ondoren, abenduan, herritarrek erreferendum bidez (%94ko baiezkoarekin) berretsi zuten, frankismoaren legeditik abiatuta aldaketa demokratikoa baimentzen zela frogatuz.
2. Hauteskunde orokorrak eta autonomikoak
Erreforma Politikoaren ondorioz, 1977an 1936tik izandako lehen hauteskunde demokratikoak ospatu ziren estatu mailan. Hauteskunde hauen helburua Kongresua eta Senatua eratzea zen, Konstituzio berri bat adosteko. Adolfo Suárezen zentroko koalizioak (UCD) eta PSOEk lortu zuten boto gehien. Suárezen gobernu berriak hiru erronka nagusi hartu zituen bere gain:
- Saneamendu ekonomikoa
- Konstituzioa idaztea
- Autonomien auzia ebaztea
Arlo ekonomikoa: Moncloako Itunak (1977)
Krisi ekonomikoari aurre egiteko eta gizarte-gatazkak baretzeko, gobernuak, enpresariek eta sindikatuek Moncloako Itunak sinatu zituzten. Helburu nagusia inflazioa murriztea eta Ongizate Estatua garatzea zen. Hainbat erreforma egin ziren (zergetan, gizarte-segurantzan, etab.) eta soldaten igoera aurreikusitako inflazioari lotu zitzaion.
Arlo politikoa: 1978ko Konstituzioa
Gorteek sistema demokratiko berria egituratzeko lanari ekin zioten. Eratutako Konstituzioak estatuaren oinarriak finkatu zituen, eta herritarrek 1978ko abenduaren 6an egindako erreferendumean berretsi zuten.
3. 1978ko Konstituzioa eta 1979ko Gernikako Estatutua
1977ko lehenengo hauteskunde demokratikoen ondoren, UCD, PSOE, PCE, AP eta Kataluniako nazionalistek osatutako talde parlamentario txiki batek 1978ko Espainiako Konstituzioa idazteari ekin zion. EAJ, Euskal Herriko alderdirik bozkatuena zena, prozesu honetatik kanpo geratu zen. Konstituzio berriak Espainiako sistema politikoa eraldatu zuen: monarkia parlamentarioa eta estatu akonfesionala ezarri zituen.
1979an Euskal Parlamentarioen Asanbladak Gernikako Estatutuaren proiektua idatzi zuen. Akordio batera iritsi eta testua Konstituziora egokitu zuten. Espainiako Gorteek onartu ostean, euskal herritarrek erreferendum bidez berretsi zuten 1979an. Horrela, Carlos Garaikoetxea bihurtu zen lehendakari.
4. Berunezko urteak: Terrorismoa eta biolentzia
Espainiako demokraziarako trantsizioa ez zen batere erraza izan. Berunezko Urteak izenarekin ezagutzen den garai honetan, alde bateko zein besteko atentatu odoltsuak ugariak izan ziren. Indarkeria horren helburu nagusia militarrak Estatuaren aurkako kolpea ematera bultzatzea zen.
5. Krisi ekonomikoa eta gizarte gatazkak
1978ko Konstituzioa onetsi ondoren, 1979ko martxoan Trantsizio garaiko bigarren hauteskundeak ospatu ziren. Testuinguru politiko zail horri krisi ekonomiko eta sozial sakona batu zitzaion. Petrolioaren prezioaren igoerak eragindako krisiak langileen bizi-baldintzak nabarmen okertu zituen: langabezia handitu, inflazioak gora egin eta soldatak izoztu egin ziren.
6. 1981eko estatu kolpe saiakera
1981eko otsailaren 23an, Antonio Tejerok gidatutako militarrek Parlamentua armekin hartu zuten (23F). Saiakera hori diktadura berrezartzeko azken ahalegin garrantzitsua izan zen. Hala ere, estatu kolpeak ez zuen arrakastarik izan, eta Juan Carlos I.a erregeak demokraziaren aldeko jarrera argia erakutsi zuen. 1982an PSOEk hauteskundeak irabazi zituen eta horrela amaiera eman zitzaion trantsizio demokratikoari.