Espainiako XIX. mendeko historia: Konstituzioa eta Liberalismoa
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,77 KB
Cádizko Konstituzioa eta Independentzia Gerra
1812ko Konstituzioa ulertzeko, lehenik Independentzia Gerra gogoratu behar da. 1808an Napoleonen armadak Espainia inbaditu zuenean, Madrilen herri-matxinada handia piztu zen eta frantsesen aurkako borroka azkar zabaldu zen herrialde osoan. Fernando VII.a Baionara eraman eta tronutik kendu zutenez, agintea hutsik geratu zen, eta herriak hartu zuen erresistentziaren ardura. Horretarako, batzorde lokal eta probintzialak sortu ziren, gerraren antolaketa gidatzeko.
Hasieran espainiarrak garaile izan ziren zenbait borroketan, baina handik gutxira Napoleonek soldadu gehiago bidali eta hirien kontrola hartu zuen. Hala ere, herriak ez zuen etsitu, eta gerrilla taktiken bidez borrokan jarraitu zuen. Gerra luzea eta gogorra izan zen, eta 1813an amaitu zen Valençayko Itunarekin, Fernando VII.a berriro errege bihurtuta. Cádiz izan zen frantsesen menpe erori ez zen hirietako bat, eta horregatik Gorteak bertan bildu ziren sistema politiko berria antolatzeko.
1812ko Konstituzioaren ezaugarri nagusiak
Testuinguru horretan, Cádizko Gorteek 1812ko Konstituzioa onartu zuten. Hau izan zen Espainiako lehen konstituzioa eta aldaketa handiak ekarri zituen. Lehen aldiz, agintea nazioari eman zitzaion, hau da, herriaren ordezkari diren diputatuen esku. Aginte-banaketa ezarri zen: Gorteek legeak egiten zituzten, epaitegiek justizia administratzen zuten eta erregeak gobernua zuzentzen zuen, baina botere mugatuarekin.
Konstituzioak berdintasuna aldarrikatu zuen legeen eta zergen aurrean, estamentuen arteko bereizketari amaiera emanez. Gainera, gizonezkoen sufragio unibertsala (zeharkakoa) ezarri zen eta eskubide batzuk onartu ziren, hala nola adierazpen-askatasuna eta hezkuntza jasotzeko eskubidea. Hala ere, Espainiako erlijio bakarra katolizismoa izaten jarraitu zuen.
Ondorioak eta absolutismoaren itzulera
Ondorioei dagokienez, epe motzean Konstituzioa ez zen benetan aplikatu, gerra eta Fernando VII.aren absolutismora itzultzea zirela eta. Erregeak dokumentua indargabetu zuen. Baina epe luzera oso garrantzitsua izan zen, Estatu liberalaren oinarriak jarri zituelako eta Espainian ideia liberalak zabaltzen lagundu zuelako.
Liberalismoaren garaipena eta Isabel II.aren erregealdia
Liberalismoaren garaipena Espainian 1833an hasi zen, Fernando VII.a hil zenean. Une horretan sortu zen arazo dinastiko handia. Fernando VII.ak bere alaba Isabel II.a izendatu zuen erregina, baina hark hiru urte besterik ez zituen, eta ama, Maria Kristina, erregeorde bihurtu zen.
Arazoa zera izan zen: erregearen anaia, Karlos Maria Isidro, tronua nahi zuela. Lege Salikoak gizonezkoei ematen zien lehentasuna, eta berak errege izan behar zuela defendatu zuen. Fernando VII.ak, ordea, Pragmatika Berria sinatu zuen eta emakumeek ere tronua jaso zezaketela zehaztu zuen. Horrek gatazka sortu zuen bi talde politikoen artean: Maria Kristina liberal moderatuekin aliatu zen, eta Karlos Maria Isidro tradizionalisten alde jarri zen. Horrela piztu zen Lehen Karlistada (1833–1839). Gerra Bergarako Besarkadarekin amaitu zen, eta Isabel II.a erregina onartu zuten behin betiko.
Moderatuak eta aurrerakoiak boterean
Isabel II.aren erregealdian, politika nagusiki bi alderdiren esku egon zen: moderatuen eta aurrerakoien esku. Karlistek bizirik jarraitu zuten ideologikoki, baina gerra galdu ondoren ez zuten indar politiko handirik izan. Moderatuak Narváezek gidatzen zituen, eta ordena zorrotz kontrolatu nahi zuten. Estatu zentralizatua bultzatu zuten, Guardia Zibila sortu zuten eta 1845eko Konstituzioa idatzi zuten. Konstituzio horrek Estatu konfesionala ezarri zuen, sufragio zentsitarioa eta subiranotasun partekatua.
Aurrerakoiek, berriz, eskubide gehiago nahi zituzten, sufragio zabalagoa, Eliza eta Estatua gehiago banandu eta nazioaren subiranotasuna indartu. O’Donnell izan zen haien lider nagusietako bat. Alderdien txandakatzea ez zen ia inoiz hauteskunde bidez gertatu; gehienetan pronuntziamendu militarrak izan ziren. Epe nagusiak hauek izan ziren:
- Moderatuen agintaldia (1837–1840)
- Esparteroren erregeordetza (1840–1843)
- Hamarkada Moderatua (1844–1854)
- Biurteko Aurrerakoia (1854–1856)
- Moderatuen itzulera eta krisia (1856–1868)
Ekonomia-aldaketak: Desamortizazioak
Ekonomian aldaketa handiak egin ziren desamortizazioen bidez. Mendizabalen Desamortizazioak (1837) Elizaren, nobleziaren eta udalen lurrak saldu zituen dirua lortzeko eta lurra merkatuan jartzeko. Nekazari pobreek ez zuten lurrik erosi; burgesia aberatsa izan zen onuradun nagusia. Madozen Desamortizazioak (1855) herri-lurrak eta ondasun komunalak ere saldu zituen. Lortutako dirua batez ere trenbideak eta industria garatzeko erabili zen, baina nekazari txiro askoren egoera okerragoa bihurtu zen.
Isabel II.aren krisia eta Seiurteko Iraultzailea
1860ko hamarkadan, krisi politiko eta ekonomiko sakona sortu zen. O’Donnell eta Narváez hil ziren, Isabel II.aren prestigioa erori zen eta nazioarteko krisi ekonomikoek egoera larriagotu zuten: finantza-arazoak, trenbideen geldialdia, AEBetako Gerra Zibilaren ondorioak eta uzta txarrak. Giro honek Ostendeko Ituna (1866) bultzatu zuen, Prim eta beste liberal eta demokraten artean, Isabel II.a botatzeko helburuarekin. 1868an "La Gloriosa" iraultza piztu zen eta Isabel II.a tronutik kendu zuten. Horrela hasi zen Seiurteko Iraultzailea (1868–1874).
1. Independentzia Gerraren laburpena (1808-1813)
- 1808: Aranjuezko Matxinada → Karlos IV.ak abdikatu, Fernando VII.a tronura.
- Baionako Abdikazioak: Napoleonek tronua kendu, Jose Bonaparte errege.
- 1808ko maiatzaren 2a: Madrilgo matxinada → herri-altxamenduak Espainia osora zabaldu.
- Gerraren faseak:
- Hasierako arrakasta (Espainiarren garaipenak, 1808).
- Gerrilla-gerra eta frantsesen kontrola hiri nagusietan (1808-1811).
- Amaiera Wellingtonen garaipenarekin eta Valençayko Ituna (1813).
- Ondorioak: 300.000 hil, ekonomia gelditu, kolonien galera azkartu.
- Jose I.aren erreformak: Baionako Estatutua (1808), Inkisizioaren amaiera eta jauntxoen boterea murriztea.
2. Cádizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa
- 1810-1813: Cádizko Gorteak (Liberalak vs Absolutistak).
- Dekretuak: Inprimatze-askatasuna, gremioak desagertzea, desamortizazio-dekretuak.
- 1812ko Konstituzioa ("La Pepa"):
- Monarkia parlamentarioa eta nazioaren burujabetasuna.
- Botere-banaketa: legegilea (Gorteak), judiziala (epaitegiak), exekutiboa (errege mugatua).
- Gizonezkoen sufragio unibertsala (zeharkakoa).
- Eskubideak: adierazpena, jabetza, hezkuntza.
- Ondorioak: Fernando VII.aren itzulera → Konstituzioa indargabetu.
3. Isabel II.a eta Liberalismoaren garaia (1833-1868)
- 1833: Fernando VII.a hil → Isabel II.a errege, Maria Kristina erregeorde.
- Lehen Karlistada (1833-1839): Karlos Maria Isidro vs Isabel II.a.
- Alderdien nagusitasuna:
- Moderatuak (Narváez): 1845eko Konstituzioa, estatu zentralizatua, sufragio zentsitarioa.
- Aurrerakoiak (O’Donnell): Sufragio zabalagoa, Eliza-Estatu banaketa, liberalizazio ekonomikoa.
- Desamortizazioak: Mendizabal (1837) eta Madoz (1855).
- 1860ko hamarkada: Krisi ekonomiko eta politikoa → "La Gloriosa" Iraultza (1868), Isabel II.a erbestera.
4. Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)
- 1868: La Gloriosa → Isabel II.ak boterea galdu.
- 1869ko Konstituzio Demokratikoa: Monarkia konstituzionala, sufragio unibertsala maskulinoa, erlijio-askatasuna.
- Amadeo Savoiakoa (1871-1873): Errege aukeratua, gatazka sozial eta politiko handiak.
- Lehen Errepublika (1873-1874): 4 presidente (Figueras, Pi i Margall, Salmeron, Castelar). Krisiak: kantonalismoa, karlistak, Kubako gerra.
- Paviaren estatu-kolpea: Serrano boterera.
5. Berrezarkuntza (1874-1876)
- 1874: Alfontso XII.a errege.
- Monarkia konstituzionala, hereditaria, katolikoa eta liberala.
- Estatua berriro monarkiko → egonkortasun politiko eta ekonomiko pixka bat berreskuratu.