Espiritualismoaren eta Materialismoaren Arazo Filosofikoak
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,54 KB
Espiritualismoaren arazoak
Arazo epistemologikoa
Errealitate materialari dagokionez, zentzumenen esperientzia dugu; hori ezagutzaren oinarrian dago, baita ezagutza zientifikoarenean ere. Filosofo espiritualisten ustez, posible da errealitate espiritualen ezagutza arrazional eta fidagarria izatea. Teoria horien zalantzek, kontraesanek eta birplanteamenduek agerian uzten dute errealitate-mota hori modu zorrotz eta fidagarrian hautemateak arazoak eta dudak sortzen dituela.
Arazo ontologikoa
Errealitate-mota bat baino gehiago aldarrikatzen duenez (Platonek mundu ideala eta mundu inmateriala; Descartesek hiru substantzia), pentsalari horiek beren burua behartuta ikusten dute errealitateak bata bestearekin nola lotzen diren azaltzera. Dirudienez, nahiko argi dago badagoela nolabaiteko lotura bat gauzen esentziaren eta gauzen beren artean, Jainkoaren eta munduaren artean, gogoaren eta gorputzaren artean; baina lotura hori zertan datza eta nola den posible azaltzeko egin diren ahaleginek ez dute oso emaitza betegarririk ekarri.
Arazo antropologikoa
Aurreko arazo ontologikoa oraindik era nabarmenagoan geratzen da arazoa gizakiaren arlora ekartzen badugu. Ikuspuntu espiritualistaren arabera, gizakia izaera desberdineko bi errealitateren bat-egitea da, hau da, gorputzaren (izaera materiala) eta arimaren (izaera espirituala) bat-egitea. Berez, auzi delikatua da hori, eta gogoeta filosofikoan leku handia izan du.
Materialismoaren arazoak
Materialismoak atzean uzten ditu espiritualismoak sortzen dituen arazoak, baina berezkoak ditu beste batzuk:
Arazo epistemologikoa
Errealitate espiritualak badirela baieztatzea bezain zalantzazkoa da errealitate material bat badela baieztatzea. Pentsalari materialistentzat, sentipenek eta pertzepzioek frogatzen dute badagoela sentipen horiek eragiten dituen kanpoko errealitate bat (sentitzen dugun beroa benetan beheko suak sortzen du). Sentipenak subjektiboak dira, egoera mentalak dira.
Arazo antropologikoa
Espiritualismoarekin gertatzen den bezala, teoria materialistak gizakiaren beraren eremura ekarrita, hemen ere arazo larriak sortzen dira:
Determinismoa
Errealitatearen ikuspegi materialista mekanizismoarekin joan ohi da; munduko gertaera guztiak lege kausal aldaezinengatik gertatzen dira. Edozein gertakari haren kausari esker azaldu eta aurreikus daiteke. Gertaera naturalen eta gizakiari dagozkion gertaeren ikuspegi determinista du berekin mekanizismoak, eta horrek zailagoa egiten du giza askatasunaren aldeko argudioa.
Gogoa eta burmuina
Materialismoaren arabera gauza bera dira, gure egoera eta prozesu mental guztiak burmuineko egoera neuronalak direlako. Hala ere, gogoa eta burmuina bat izatea eta gure oinarrizko senak esaten diguna kontrakoak dira; izan ere, sen horrek esaten digu egoera eta prozesu mentalek dituzten ezaugarriak eta nerbio-konexioek dituztenak funtsean desberdinak direla. Gogoaren eta burmuinaren arteko loturak konponbide zaila duten arazo asko eragin ditu.
Arazo metafisikoa
Zentzu hertsian, kontraesanezkoa da metafisika materialistaz hitz egitea, esan baitugu errealitate fisikotik edo materialetik harantzago dagoen errealitatearen azterketa dela metafisika, eta ikusi baitugu ikuskera materialistak ukatu egiten duela errealitate-mota hori badagoela.