Esaera zaharrek, mendeetan zehar pilatutako esperientzia eta jakituria laburbiltzen dute. Hona hemen euskal atsotitz hautatuak eta haien esanahiak:
Han ere, txakurrak oinutsik.
Beti daude arazoak, baina lan egin behar dugu.
Nagusi askoren astoa, goseak hil.
Bakoitzak bestea egingo duelakoan, lana egin gabe geratu.
Adiskide honekin, orduak labur.
Benetako lagunekin denbora azkar pasatzen da.
Eguzkia nora, zapiak hara.
Komeni zaienaren arabera aldatzen dute jarrera.
Zenbat buru, hainbat aburu.
Ez da erraza bi pertsona ados jartzea.
Bururik nekatzen ez duena, hankak nekatu behar.
Gauzak pentsatu gabe eginez gero, berriro egin behar izaten dira.
Ituen herrian, begibakarra alkate.
Ezjakinen herrian, zerbait dakiena jakintsua da.
Sua eta ura, belaunetik behera.
Kontuz ibili behar da suarekin eta urarekin.
Usteak, erdia ustel.
Ezagutzen ez duguna ez da beti pentsatzen dugun bezalakoa.
Geroa, alferraren leloa.
Alferrak beti dena gerorako uzten du.
Lan lasterra, lan alferra.
Presaka egindako lana, askotan, txarto eginda dago.
Osasuna, munduko ondasuna.
Osasuna da garrantzitsuena.
Zer ikusi, hura ikasi.
Ikusten duenetik ikasten da.
Errementariaren etxean, zotza burruntzi.
Zerbaitean onak izan arren, etxean ez dugu aplikatzen.
Zozoak beleari, ipur-beltz.
Akatsa duenak beste bati leporatzen dio.
Kalean uso, etxean otso.
Kalean jatorra da, etxean, berriz, zakarra.
Etxeko sua, etxeko hautsez estali.
Arazoak etxean konpondu behar dira.
Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon.
Daukagunean azkar gastatu, eta gero ezer gabe geratu.
A zer parea, karakola eta barea.
Oso antzekoak dira.
Asto joan, mando etorri.
Joaten zara, eta berdin edo okerrago etorri.
Ibiltari gauean, logale goizean.
Gauean parrandan ibiltzen dena, goizean logura da.
Txakur zaunkalari, nekez hozkaria.
Hitzontziak nekez betetzen du esandakoa.
Baneuka eta balitz, elkarren ondoan dabiltza.
Amets hutsekin ez da ezer lortzen.
Atzerri, otserri.
Atzerrian ez gara gure herrian bezain eroso sentitzen.
Ardien kulpak, bildotsak pagatu.
Nagusien kalteak mendekoek ordaindu behar izaten dituzte.
Bost zentimoko pupua, hamar zentimoko trapua.
Gauza txikiengatik gehiegi kexatzen garela.
Zahar hitz, zuhur hitz.
Adinekoen hitzak aholku edo irakaspen izaten dira.
Eroriz, ikasten da oinez.
Gauzak lehenengo aldiz txarto eginez, ondo egiten ikasten da.
Askoen mina, txoroen atsegina.
Batzuk pozten dira beste batek ere zailtasun bat jasan behar duelako.
Oilo ibiltari, azerien jan.
Behar ez den tokira joanez gero, gauza txarrak gertatzen dira.
Gezurrak, buztana labur.
Gezurrekin ez da inora iristen.
Gogozko tokian, aldaparik ez.
Gustura egiten bada, lana ez da hain gogorra.