Euskal Herriko eta Penintsulako Historia: Antzinaroa eta Erdi Aroa

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,89 KB

Erromatarren aurreko herriak

Penintsulara erromatarrak iritsi arte (K.a. 218), hiru kultur eremu finkatuko dira, unitate politiko eta muga zehatzik gabe:

  • Herri iberiarrak: Mediterraneoan, Kataluniatik Andaluziara; tartesiar-turdetiarrak nabarmentzen dira. Iberiarrek greziar, feniziar eta kartagotarren eragin sakona jaso zuten. Estatu-hirietan antolatuta, moneta propioa eta ekonomia garatua zuten.
  • Zeltak (K.a. 1000 - V. mendea): Penintsulako goi-ordokian eta mendebaldean, kastroetan finkaturik zeuden. Artzain-gerlari indoeuroparrak ziren, eta burdina zein errausketa-kutxen kultura ekarri zuten. Aurreko bien fusioak zeltiberiarren kultura osatuko du.
  • Iparraldeko herriak: Galaikoak, astureak, kantabroak, baskoiak eta lusitanoak zeuden. Ekonomia xumea zuten, gerlari apartak ziren eta matriarkatua zuten antolamendu gisa.

Baskoiak

Erromatarrek izendatu zituzten; gaurko Nafarroaz gain, Oiartzun, Jaka, Errioxa eta Zaragozako lurraldeak betetzen zituzten. Hauen artean bereizketa egiten zen:

  • Iparraldean (saltus): Baskoiak klanetan antolatuak zeuden, Brontze Aroko bizimoldea zuten eta iraupeneko nekazaritzatik zein abeltzaintzatik bizi ziren. Truke bidezko merkataritza zuten. Herri txikietan eta kastroetan bizi ziren; inbasioak jaso arren, nortasun propioa gorde zuten.
  • Hegoaldean (ager): Nekazariak ziren, hiri harresituetan bizi ziren eta merkataritzan aritzen ziren. Zeltak eta, ondoren, erromatarren ekarpenetara askoz azkarrago zabaldu ziren. Baskoiek mendebaldeko Pirinioetako bi aldeekin izugarrizko anaitasuna zuten. Euskararen antzinako molde bat omen zen haien hizkuntza.

Erromanizazioa

Penintsulan erromatarren zazpi mendeko presentziak izugarrizko eragina izan zuen. Hispaniarrek erromatarren kultura, hizkuntza, politika, gizartea, jabego-sistema, erlijioa, ohiturak eta monetizazioa bereganatu zituzten; prozesu honi erromanizazioa deitzen zaio. Batez ere armadaren, kolonien, galtzada-sarearen eta merkataritzaren eskutik errotu zen, bereziki ekialdean (Mediterraneoaren ertzean) eta hegoaldean.

Erromatarren eta baskoien harremanak adiskidetzakoak izan ziren. Erromatartzea Nafarroako hegoaldean iparraldean baino sakonagoa izan zen, hiri nagusiak Iruña, Iruña-Veleia, Oiasso eta Andelos izanik.

Andelos

Baskoien lurraldean erromanizazio azkarra eta sakona gertatu zen. Gaurko Andiongo Muruzabalen mugan kokaturik, gurutze-bide batean eraiki zen, Nafarroa zeharkatzen zuen galtzada (Jaka-Errioxa) eta Arga ibaiaren artean. Hiri-egituran, forua, cardus eta decumanus-a, mantsioak eta mosaiko ederrak zeuden. Nekazaritzari eta metalurgiari esker ekonomia aberatsa zuten; bere ubide, akueduktu, terma eta ur-hornikuntza sistemak aipagarriak dira. Zesar eta Ponpeioren arteko gerran Ponpeioren alde egoteagatik, hiri estipendarioa (zergak ordaintzen dituena) zen. Hiriaren goraldia K.o. I. eta II. mendeen inguruan eman zen.

Mozarabiarrak

Errekonkista garaian, musulmanen menpeko lurraldeetan bizi ziren kristauak ziren. Hauek, zergak ordaintzearen truke, hirietan bere auzo, autoritate, epaile eta erritu erlijioso propioak gorde zituzten; erromantzez idazten jarraitu zuten. Gehienak nekazariak ziren, diozesi ezberdinetan antolaturik: Kordoba, Sevilla eta Merida, Toledo buru zelarik.

IX. mendean eta lehen taifen garaian, musulmanak, juduak eta kristauak bizikidetza baketsuan bizi ziren. Almorabideen eta almohadeen inbasioaren ondorioz, bake hori hautsi zen. Haien zorroztasun erlijiosoaren aurrean, XI-XII. mendeetan mozarabiarrek ihes egin zuten iparraldeko kristau erresumetara (Gaztela, Leoi, Aragoi), lurrak birpopulatuz edo musulman bihurtuz.

Erdi Aroko Gorteak

Curia Regia-ren bilakaeratik zetozen. Erresumako erakunde nagusiena zen, batzar politiko bat, non erregea eta erresumaren ordezkariak hiru besoetan banaturik biltzen ziren: eliza, noblezia eta hiri onak. Gorteen funtzioak erresumaren interesak bermatzea eta erregeari "donatiboa", aholkuak, eta laguntza legegile, politiko zein militarra ematea zen.

Erregeak beraien pribilegioak aitortzen zituen erresumako foruei zin eginez. Lehenengoak Leonen bildu zituen Alfontso IX.ak; Nafarroan, aldiz, Teobaldo II.aren garaian egin ziren lehen aldiz. Gaztelan, monarkia autoritarioaren aurrean botere mugatua izan zuten; Nafarroako eta Aragoiko koroetan, ordea, paktismoak izugarrizko protagonismoa lortu zuen (Diputazioa sortuz).

Iruñeko Erresuma

Baskoien lurrean eratutako erresuma da. Karolingiar Inperioari aurre egiteko, Aristarrak, Enekoren gidaritzapean, Tuterako ahaide musulmanekin (Banu Qasi) aliatu ziren, Pirinioetako arroen nagusitasuna gordez. Karolingiarrak menperatu ondoren (824), Enekok bere burua errege izendatu zuen.

X. mendearen hasieran, Ximenotarrek Iruñeko tronua hartu eta politika aldatu zuten, iparraldeko errege kristauekin aliantza bilatuz eta musulmanekin hautsiz. Iruñeko Erresuma Lizarra aldera, Errioxara eta Araba hegoaldera hedatu zen. Abderraman III.ak Iruña suntsitu ondoren, Naiara izan zen erresumaren hiriburua 150 urtez. Erresumak garairik gorena ezagutu zuen, eragina Akitaniara eta Penintsulako erresuma kristau guztietara hedatuz. Geroago, Aragoiko koroari atxiki zitzaion, baina Gartzia Ramirezek erresuma berreskuratu zuen eta Antso VI.a Jakitunak izena aldatu zion: Nafarroako Erresuma.

Kordobako Kalifatza

Kordobako emirerriko altxamenduak eta liskarrak kontrolatu ondoren, 929an Abderraman III.ak (Omeia) bere burua kalifa izendatu zuen, Bagdadeko kalifarekin (abbasiak) harremanak hautsiz. Abderramanek botere absolutua zuen: armadako jenerala, buru erlijiosoa eta epaile gorena zen. Administrazioa eta zergak berrantolatu zituen.

Al-Andalusek independentzia politiko-erlijioso osoa eta goraldi ekonomiko zein kulturala izan zuen. Kordoba mendebaldeko hiri nagusiena bihurtu zen. Militarki ere gailurra jo zuen eta erasoak (razziak) hedatu zituen. Kalifa hiltzean, ordea, gerrate zibil batean murgildu zen eta 1031n 21 taifa-erreinutan banatu zen.

Monarkia Bisigodoa

Mendebaldeko herri germaniarra zen, Pirinioetako bi aldeetan zabaldua; hiriburua Tolosan (Galia) zuen hasieran. Hispanian, bandaloak eta alanoak lekutu ondoren, Erromaren tokia hartu zuten. Frankoek Tolosako Erresuma suntsitu zuten (507) eta Galiatik kanporatu zituzten. Ondoren, bisigodoek Toledoko Erresuma sortu zuten.

  • Batasun politikoa: Leovigildok bizantziarrak kanporatu zituen penintsula osoa kontrolatzeko.
  • Batasun erlijiosoa: Recaredok arrianismoari uko egin eta katolizismoa hartu zuen. Toledoko kontzilioak batzar legegile bilakatu ziren.
  • Batasun juridikoa: Rezesvintoren garaian, Fuero Juzgo-ari esker lortu zen.

711n musulmanak sartu ziren eta Don Rodrigo erregea menperatu zuten.

Erromatarren konkista Hispanian

K.a. 218an hasi eta K.a. 19an amaitu zen. Erromatarrek hiru fasetan bereganatu zuten penintsula:

  1. Lehen fasea: Hanibalek Sagunto hartu zuen, Ebroko itzarmena hautsiz eta II. Gerra Punikoari hasiera emanez. Scipion jeneralak Carthago Nova hartu zuen eta kartagotarrak kanporatu zituen, bi probintzia eratuz: Citerior eta Ulterior.
  2. Bigarren fasea (K.a. 197-29): Barnealdeko konkista nekagarriagoa izan zen, zeltiberiar eta lusitaniarren erresistentzia gogorragatik. Garai honetan Balearrak ere konkistatu zituzten.
  3. Azken fasea (K.a. 29-19): Asturiar eta kantauriar herriak menderatu zituzten Augustoren garaian, Pax Romana ezarriz.

Entradas relacionadas: