Euskal Literatura eta Soziolinguistika: XVIII. Mendetik Gaur Egunera
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,72 KB
Literatura
1. Ilustrazioa
XVIII. mendean zehar, Ilustrazioaren oihartzunak heldu ziren Euskal Herrira. Ezaguna denez, Ilustrazioak arrazoiaren nagusitasuna goratu zuen, eta horren ondorioz, gizaki pentsalaria ekarri zuen erdigunera.
Mendearen azken herenean krisian sartuta zegoen Euskal Herriko egitura ekonomikoa. Krisialdi horri erantzuteko eta Frantziatik zetozen ideia ilustratuak zabaltzeko, 1765. urtean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten “Azkoitiako Zalduntxoek”. Arlo askotako jakintzak hedatzea izan zuten helburu, arrazoia helduleku zutela.
Bestalde, hainbat mintegi sortu ziren:
- Bergarako Errege Mintegia: Askotariko jakintza arloak lantzen zituen, baina zientzietako gaiak ziren nagusi. Elhuyar anaiek mintegian jardun zuten eta 1783. urtean wolframa isolatzea lortu zuten.
Mintegi hauetan emakumeek ez zuten parte hartzerik, nahiz eta 1784. urtean emakumeentzako mintegi baten proiektua diseinatu.
2. Bizenta Mogel
Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen, 1782. urtean, giro ilustratuan. Urtebete zuela aita hil zitzaion eta Markinara lekualdatu zen familia. Juan Antonio Mogelekin, bere osaba, liburuz inguraturik hazi zen eta bera izan zen bere maisua. Etxean alfabetatu zen, hiru hizkuntzatan: latina, gaztelania eta euskara.
22 urterekin Ipui Onak (1804) bilduma argitaratu zuen. Bilduman 58 alegia daude: 50 hitz lauz edo prosaz eta beste 8 bertso eran, osabak atondurikoak. Bilduma honetako hitzaurrearen helburua emakumeak idaztearen, alegien eta euskararen aldeko defentsa egitea zen.
2.1 Bizenta Mogelek berridatzitako alegien ezaugarriak
- Ilustrazioak hezkuntza laikoari garrantzi berezia eman zion eta hezkuntza bilakatu zen jokamoldeak, arrazoibideak eta ohiturak irakasteko bide. Alegiak irakaspenak hedatzen dituen genero literarioa da; beraz, ezin hobeto egokitzen zaizkion ikuspegi didaktiko horri.
- Ilustrazioak iturri klasiko idatzietatik edaten du, ez ahozko tradiziotik. Esoporen 50 bat alegia berridatzi zituen Mogelek.
- Alegiak euskaraz berridaztean, heziketa klase apaletara hedatzea zuen helburu eta transmisioa errazteko idazkera sinplea eta sinonimo bikoteak edo kateak erabiltzen zituen.
- Manuel Larramendiren eraginez, nahiz eta Bizkaian bizi, gipuzkeraz idatzi zituen alegiak.
- Atsotitz edo esaera zaharrak erabiltzen zituen zubiak eraikitzeko ahozko kulturarekin eta horrela loturak egiten zituen iturri klasikoekin.
- Ahozko kulturara hurbiltzeko, irakaspenak bertso egituratik hurbil osatu zituen, oroitzeko eta buruz ikasteko errazagoak izan zitezen.
Soziolinguistika
1. Larramendi
Manuel Garagorri Larramendi jesuita Filosofia eta Teologiako irakasle aritu zen Salamancako Unibertsitatean, eta Karlos II.aren alarguna zen Mariana Neoburgekoaren aitorle izatera ere heldu zen.
XVIII. mendean literaturaren loraldia eman zen batez ere Gipuzkoan; Larramendi izan zen hizkuntzaren sustatzaile nagusia, eta gipuzkera gailendu zen euskalki literario gisa. Bestalde, Felipe V.aren agintaldiak zentralismoaranzko joera izan zuen, eta euskal foruak errespetatu bazituen ere, beste hainbat lurraldetako foruak deuseztatu zituen. Horrek susmoa sortu zuen euskaldun batzuengan, eta baita Larramendirengan ere.
Felipe V.ak Espainiako Errege Akademia sortu zuen eta gaztelania ezarri nahi zuen erreinuko hizkuntza bakartzat. Euskal foruen eta euskararen kontrako giroa sumatu zuen Larramendik eta horri aurre egiteko, hainbat liburu idatzi zituen gaztelaniaz, euskararen aldeko defentsan. Bere lanekin, ahalduntze linguistikoa eta literarioa sustatu nahi zuen.
Trentoko Kontzilioak Biblia Vulgata ezarri zuen katolizismoaren liburu kanonikotzat eta ordutik aurrera latina hedatu zen kultu katolikoaren hizkuntza nagusi gisa. Beraz, hirugarren hizkuntza horrekin ere zubiak eraiki nahi zituen Larramendik.
1.1 Larramendiren liburuak
- De la antigüedad y universalidad del vascuence en España.
- El imposible vencido. (Gramatika).
- Hiztegi hirueledun (euskara-gaztelania-latina).
2. Hizkuntza eskubideak
1996. urtean, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zuten hainbat instituzioak eta gobernuz kanpoko erakundek. Hizkuntza eskubideak gauzatzeko, eremu ezberdinak bereizi ziren: administrazio publikoa eta organo ofizialak, hezkuntza, onomastika, komunikabideak eta teknologia berriak, kultura eta arlo sozioekonomikoa.
3. Hizkuntza egoerak
- 3.1 Elebitasun orekatua: Bi hizkuntzen artean berdintasun harremana dago, eta bietan hizkuntza jarrera eta erabilera berberak dira.
- 3.2 Egoera diglosikoa: Bi hizkuntzen arteko harremana ez da berdintasunezkoa, batek prestigio edo boterearen babes handiagoa baitu, eta ondorioz, prestigiozko eremu batzuetan edo boterearen eremu batzuetan, nagusitasuna hartzen du.
4. Hizkuntza legeak eta euskararen ofizialtasuna
Euskal Autonomia Erkidegoan, 1982. urtean jarri zen abian Euskararen Legea eta euskara hizkuntza ofizial izendatu zen, gaztelaniarekin batera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Nafarroan, 1986. urtean jarri zen abian Euskararen Legea, eta hiru eremu administratibo bereizi zituen lege horrek:
- Eremu euskalduna: Nafarroako ipar-mendebaldean, euskara koofiziala da.
- Eremu mistoa: Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuenetan ofizialtasun maila txikiagoa du.
- Eremu ez-euskalduna: Nafarroako hegoaldean, ez du inolako ofizialtasunik.
Ipar Euskal Herrian, ez dago legerik onartuta eta euskarak ez du inolako onarpenik lortu; frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.