Euskal Nazionalismoa eta Langile Mugimendua XIX. mendean
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 14,2 KB
Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894)
Aurrean dugun testua lehen Euskeldun Batzokijaren barne-araudia da, artikulutan banatua, batzokiaren barne-antolamendua arautzen duena. Testu juridiko itxura duen arren, manifestu bat da (ez da juridikoa). Egile kolektiboa du testuak, lehen euskal nazionalistak hain zuzen ere. Bestalde, estatutu honen helburua Batzokijaren barne-antolaketa egitea da, euskal nazionalistak biltzeko eta elkartzeko lekua sortzeko. Testua Bilbon idatzi zen, Bizkaiko hiriburuan. Horrez gain, 1894. urtean idatzi zen, Borboitarren Berrezarkuntza garaian (1875-1923). Garai hartan Maria Kristina Habsburgokoa zen erregeorde (1885-1902), eta Antonio Cánovas del Castilloren sistema politikoa (1876ko Konstituzioa, bipartidismoa, jauntxokeria, txandakatze-sistema) indarrean zegoen. Gainera, 1876an Foruak abolitu zirenez eta immigrazioaren ondorioz Sabino Aranak euskal nazionalismoa sortu zuen (1890 inguruan).
Estatutuen laburpena
- 1. artikulua: Euskeldun Batzokija sortu da, euskal nazionalisten batasuna eta adiskidetasuna emateko.
- 2. artikulua: Euskeldun Batzokija geroago sortuko den Bizkaiko Elkarte Nagusiaren menpe geldituko zela.
- 3. artikulua: Katolikotasuna Bizkaiko erlijio nagusi eta bakarra.
- 4. artikulua: Foruen eta Euskal Herriko ohituren berrezartzea, arraza eta hizkuntza finkatuko zirela.
- 5. artikulua: Mundu erlijiosoaren eta zibilaren arteko harmonia egon behar zuela.
- 6. artikulua: Jaungoikoaren eta Lege Zaharraren arteko bereizketa.
- 7. artikulua: Jaungoikoak Foruekiko zuen lehentasuna (integrismoa / fundamentalismoa).
- 8. artikulua: Zazpi euskal probintziek bat egingo zutela Euskal Herria izeneko batasunean; arraza, hizkuntza, fedea, nortasuna eta ohiturak elkarbanatzen zituztela, baina bakoitzak bere autonomia politikoa gorderik zuelarik.
Testuaren testuinguru historikoa
Testua bere garaian kokatzeko 1874ra egingo dugu atzera. Urte honen amaieran Alfontso XII.a errege izendatu zuten (1875-1885), Borboitarren Berrezarkuntzari hasiera emanez (1875-1923). Garai honetan Antonio Cánovas del Castillo izendatu zuten gobernuburu. Bere sistema politikoak lau oinarri zituen. Batetik, 76ko Konstituzio kontserbadorea idatzi zuten. Gainera, bipartidismoa ezarri zuten: liberalak (Práxedes Mateo Sagasta buru) eta kontserbadoreak (Cánovas buru) soilik iritsi zitezkeen boterera. Eta txandakatze-sistemaren bidez bi alderdi hauek soilik txandakatu zuten boterea. Gainera, txandakatze hau bermatzeko jauntxokeria eman zen (iruzur elektorala jauntxoen eskutik).
1872-1876 bitartean Hirugarren Karlistaldia eman zen Euskal Herrian, Katalunian eta Maestrazgon. Gerra honen amaieran, 1876ko uztailaren 21ean, Cánovasek Foruen abolizio formala agindu zuen. Lege haren ondorioz, euskaldunek zerga-berezitasunak eta berezitasun militarrak galdu zituzten. Dena den, euskaldunen zergen bilketa kontrolatzea zailegia egin zitzaion Cánovasi, eta 1878ko otsailaren 28an Kontzertu Ekonomikoa ezarri zuen: euskaldunentzat zerga-erregimen berezia, eta autonomia fiskala mantenduz.
Horrez gain, Bizkaian garapen industriala oso aurreratua izan zen: labe garaiak, burdinaren esportazioa, Enkarterriak, etab. Horrek lanpostu asko sortu zituen, immigrazio handia eragin zuen. Burgesia gero eta aberatsagoa zen arren, proletargoak gero eta baldintza kaskarragoak zituen, eta beren eskubideak defendatzeko sozialismoaren bidea hartu zuten. 1890 inguruan, Sabino Arana kezkaturik zegoen atzerritik etorritako langile haiek arrotzak baitziren euskal kultura eta hizkuntzarekiko, eta ez zuten hartara moldatzeko asmorik. Aranak arriskuan ikusi zituen euskal kultura, arraza, hizkuntza eta tradizioa, eta horren ondorioz, euskal nazionalismoa sortu zuen.
Aranaren ideologia eta Batzokijaren sorrera
Aranaren mugimendua integrista zen: atzerakoia edo kontserbadorea, arrazista, Lege Zaharrak defendatzen zituena eta kristaua.
Aranaren ideologiari dagokionez, kristau eta katolikoa zen, foruzalea, eta euskal arraza defendatzen zuena. Maila politikoan, karlismoaren sektore foruzalearekin bat zetorren, baina izaera erradikalagoa zuen. Ideologia honek hainbat oinarri zituen, eta hau ezartzeko alderdi bat fundatzea beharrezkoa zen. Prozesu horretan zenbait faktore ideologiko eta politiko elkartu ziren, eta azkenean Lehen Euskeldun Batzokija sortu zuten 1894an. Aurrean dugun testuan ikus ditzakegu Batzoki haren ezaugarriak.
1. artikuluan, Euskeldun Batzokijaren helburutzat euskal nazionalisten arteko batasuna aipatzen du, funtzio politikoari aisialdia atxikituz. 2. artikuluan Euskeldun Batzokijak gerora Bizkaiko Elkarte Nagusia izango denaren menpe geldituko zirela esaten du. Bestetik, argi ikusi dezakegu lehen euskal nazionalisten izaera integrista 3. artikuluan, katolikotasuna Bizkaiko erlijio nagusi eta bakartzat onartzen baita. 5. artikuluan ere, mundu erlijiosoaren eta zibilaren arteko harmonia aipatzen da, eta 7. artikuluan Jaungoikoak Foruekiko zuen lehentasuna, integrismoa. Aranatarren ideologia foruzalea, karlismotik eratorria, ikus dezakegu artikulu hauetan: 4. artikuluan Foruen eta Euskal Herriko tradizioen berrezartzea emango zela, arraza eta hizkuntza azpimarratuz, eta 8. artikuluan zazpi euskal probintziek Euskal Herria izeneko elkartea sortuko zutela, arraza, hizkuntza, fedea, nortasuna eta ohiturak elkarbanatzen zituztelarik, autonomia politikoa bazuten ere.
Ondorengo bilakaera
Horrela, idatzi honen bidez, lehen Euskeldun Batzokija eratu zuten, 1894an itxi bazuten ere. Beranduago, 1895ean Alderdi Nazionalista fundatu zen Bizkaian. 1903an, Sabino Arana hil zen eta ordutik aurrera alderdia asko hedatu zen, baina nabarmenak ziren barne-zatiketak. Post-aranismoari (1903-1936) dagokionez, 1920 arte alderdiaren barnean tentsioak izan ziren, eta 1908an sabindar garbizaleek irabazi zuten. Urte horietan nazionalismoak barne-egituraketa izan zuen. Beraz, EAJ alderdia finkatu egin zen eta afiliatu-kopurua asko handitu zen, Gorteetako hauteskundeetan arrakasta handia izan zuelarik; baina barne-gatazkek hor jarraitu zuten. Horrez gain, sinbologia nazionalista sortu zen: lauburua, ereserkia...
Ondorioa
Azkenik, esan beharra dago euskal nazionalismoaren sorrerak berebiziko garrantzia izan zuela Euskal Herriaren historian, gaur egun ere oraindik mantentzen baita Eusko Alderdi Jeltzalea, eta baita garai hartan finkatutako hainbat oinarri. Bestetik, testua oso baliagarria izan zait garaia ezagutzeko, eta ideiak txukun eta garbi adierazita zeudela iruditu zait.
La Lucha de Clases Astekariko Artikulua (1896-05-23)
Aurrean dugun testua La Lucha de Clases astekari sozialistako kazetaritza artikulu bat da, testu narratibo bat. La Lucha de Clases izenak Karl Marxek sortutako mugimenduari egiten dio erreferentzia. Egilea nor den argi esaten ez den arren, astekariko idazle batek idatzia da ziurrenik, hau da, kazetari batek, joera sindikalista-sozialistakoa.
Testu hau herritarrei dago zuzendua, eta bere xedea Bizkaiko langileek jasaten duten zapalkuntza, bizi-baldintza eskasak eta askatasun falta salatzea da, eta horrela baldintza hobeak lortzea. Testua Bilbon idatzi zen, zehazki Bizkaiko hiriburuan. Denborari dagokionez, 1896ko maiatzaren 23an idatzi zen, Borboitarren Berrezarkuntza garaian (1875-1923). Garai hartan Maria Kristina Habsburgokoa zen erregeorde (1885-1902), eta Antonio Cánovas del Castilloren sistema politikoa indarrean zegoen. Horrez gain, industrializazioa ematen ari zen Bizkaian, eta honek hainbat ideia berri ekarri zituen langileen artera.
Artikuluaren laburpena
- 1. paragrafoa: Bizkaiko meatzariak manifestazio zaratatsuan bildu zirela, eta batzorde bat eratu zutela, erregetxoen derrigorrezko kuartel eta dendak mantentzearen aurka.
- 2. paragrafoa: 1890era atzera egiten du testuak, urte hartan langileek egindako altxamendua aipatzeko.
- 3. paragrafoa: Berriz aurrera egiten du 1896. urtera, eta azken sei urteetan aldaketa handirik ez zela egon dio.
- 4. paragrafoa: Lanean onartua izateko beharrezko baldintzak aipatzen ditu: etxe ez-higienikoetan bizitzea eta denda jakin batzuetan erostea.
- 5. paragrafoa: Arestian aipatutakoa salatzen du, giza askatasunari eraso egiten diola esanez, eta zapalkuntza onartezin antihumanitario bat dela dio.
- 6. paragrafoa: Bizkaiko meatzariek grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko zutela, aurretik aipatutako bidegabekerien aurrean.
Testuaren testuinguru historikoa
Testua bere garaian kokatzeko 1874ra egingo dugu atzera. Urte honen amaieran Alfontso XII.a errege izendatu zuten (1875-1885), Borboitarren Berrezarkuntzari hasiera emanez (1875-1923). Garai honetan Antonio Cánovas del Castillo izendatu zuten gobernuburu. Bere sistema politikoak lau oinarri zituen. Batetik, 76ko Konstituzio kontserbadorea idatzi zuten. Gainera, bipartidismoa ezarri zuten: liberalak (Práxedes Mateo Sagasta buru) eta kontserbadoreak (Cánovas buru) soilik iritsi zitezkeen boterera. Eta txandakatze-sistemaren bidez bi alderdi hauek soilik txandakatu zuten boterea. Gainera, txandakatze hau bermatzeko jauntxokeria eman zen (iruzur elektorala jauntxoen eskutik). 1885ean, Alfontso XII.a hil ostean, Maria Kristina Habsburgokoa emazte alargunak hartu zuen erregeordetza (1885-1902).
Horrez gain, XIX. mendean industrializazio prozesua eman zen Europa osoan zehar. Espainian prozesu honetan gehien nabarmendu zen probintzietako bat Bizkaia izan zen, bertan kalitate oneko mea aurkitu baitzen, eta siderurgian oinarritutako industria asko garatu zen. Labe garaiek, burdinaren esportazioak, Enkarterriek... immigrazio handia eragin zuten. Industria jabeak eta burgesia gero eta gehiago aberastu ziren, langileen baldintzak gero eta tamalgarriagoak ziren arren. Gehiegizko lan-orduak ezartzen zituzten soldata baxuen truke, inongo eskubiderik ez zitzaien aitortzen langileei, ez eta alfabetatzeko aukerarik ere, eta baldintza eskasetan bizi ziren.
Langile mugimenduaren sorrera eta borroka
Gainera, 1879an Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE) sortu zuen Pablo Iglesiasek, eta 1888an, berriz, UGT sindikatua eratu zen. Beren helburua langileen erabateko emantzipazioa lortzea zen, eta iraultzaren bidez klase proletarioak boterea eskuratzea. Bizkaiko langileen artean oso harrera ona izan zuen, beren nahiak sozialismoaren bitartez bideratu ziren eta ideia marxistak zein klase-kontzientzia hedatu ziren. Buruzagien artean F. Pérezagua eta, 1914tik aurrera, Indalecio Prieto nabarmendu ziren. Halaber, UGT sindikatua burgesiarekin negoziatzen hasi zen langileen bizi-baldintzak hobetzea lortzeko.
Proletargoaren baldintza kaskarren adibide batzuk derrigorrezko barrakoietan bizi beharra, jauntxoen dendetan erosi beharra eta lanaldi luzeegiak ziren. Honen aurrean, 1890ean altxamendu garrantzitsuak eman ziren (2. paragrafoan aipatzen den bezala). Bertan hiru ezaugarri horien aurka egin zuten langileek, eta batzorde bat eratu zuten kuartel eta dendak deuseztatzearen alde. Lanaldia murriztea lortu zuten, baina sei urte geroago, 3. paragrafoan ikusi dezakegun bezala, derrigorrezko barrakoi eta denden egoerek berdin jarraitzen zuten, beraz 1896an manifestazioak antolatu ziren derrigorrezko kuartel eta denda horien aurka. 4. paragrafoan, langileen egoera hura berriz ere salatzen du, etxe ez-higienikoetan (barrakoietan) bizi behar zutela eta jauntxoen dendetan erosi behar zutela azpimarratuz. Honen ostean (5. paragrafoan), esan genezake artikulu hau oso kritikoa dela, langileen askatasun eta higiene nahiz osasunaren zapalkuntza bortitza eta honen konplize ziren gobernari eta agintariak salatzen baititu. Azkenik (6. paragrafoan ikusi dezakegun bezala), Bizkaiko langileak esklabotasun haren ikur ziren derrigorrezko kuartel eta denda haiek desagerrarazteko grebarako eskubidea aldarrikatuko zutela esan zuten.
Ondorengo bilakaera
Aipatu bezala, 1890-1896 bitartean egoera ia aldatu ez zela ikusirik, langile mugimenduak bere borrokan jarraitu zuen. 1902an Alfontso XIII.a adin nagusi bihurtu eta erregetza hartu zuen (1902-1931). 1923-1931 bitartean Alfontso XIII.a Primo de Rivera diktadorearen konplize bihurtu zen eta ordura arte indarrean Cánovasen sistema debekatuta geratu zen, baita sozialismoa eta beste ideologia demokratiko eta errepublikazale batzuk ere. Bitarte horretan langileek aurrerapenak egin zituzten eskubideei zegokienez, eta nabarmen hobetu zen beraien egoera.
Ondorioa
Azpimarratu beharra dago artikulu honek bere garaian izan zuen garrantzia, ideia sozialistak zabaltzen lagundu baitzuen, eta ideia haiek, hein batean, gaur egunera arte iritsi dira. Bestetik, testua oso baliagarria izan zait garai hartako egoera sozial, politiko eta ekonomikoa ezagutu eta ulertzeko. Gainera, ideiak oso modu garbian adierazita zeudela uste dut, testua oso ulerterraza izanik.