Existentzialismoa eta Askatasuna: Sartretik Arendtera
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,59 KB
Existentzialismoa: Existentzia Esentziaren Aurretik
Existentzia giza esentziaren aurrekoa da. Hau da, lehenengo existitzen gara, eta gero definitzen dugu nor garen. Jaio baino lehen ez dugu ez esentzia ez izaerarik; hau da, ez gara ezer. Geroago, bizitzen hasten denean, gizakia bere erabakien bidez hasten da bere esentzia eraikitzen.
Gainera, ez dago determinismorik, ez dago paturik, eta ez dago aurretik markatutako etorkizunik. Hau da, ez dago bide finko bat; pertsona bakoitzak bere bidea egiten du. Beraz, etorkizuna gizakiaren esku dago. Azkenik, ez dago ezer gizakiaren gainetik. Bakoitzak bere bizitza eta bere izaera sortzen ditu, bere erabakien bidez.
Askatasuna eta Erantzukizun Kolektiboa
Gizakia aske izatera dago kondenatuta. Hau da, erabakitzera behartuak gaude, eta norbera da bere erabakien erantzule. Baina hau ez da indibidualismotik soilik ulertu behar; ez da bakoitzak nahi duena egitea. Hartzen diren erabakiek guztien bizitza baldintzatzen dute, ez soilik norberarena. Ekintzek gizaki eredua sortzen dute eta mundua definitzen dute. Existentzialismoa humanismoa dela esan dezakegu.
Sartre eta Spinoza: Bi Ikuspegi Kontrajarri
Sartreren ideia nagusia da existentzia giza esentziaren aurrekoa dela. Gizakia jaiotzen denean "ezereza" da, eta gero, bizitzan zehar, esentzia eraikitzen du. Beraz, Sartre existentzialista da.
Spinoza, aldiz, arrazionalista da. Bere ustez, mundua sistema bat da, non determinismoaren arabera gauzak gertatzen diren, Jainkoa natura delako. Sartreren ustez, ez dago Jainkorik; ez du inork erabakitzen gizakia zer izan behar den, gizakiak berak sortzen baititu bere balioak.
Spinozak, aldiz, Jainkoa natura bera dela uste du. Horrek esan nahi du existitzen den guztia sistema bakar baten parte dela eta dena lege naturalen arabera gertatzen dela; guztiak kausa bat duela dio.
Askatasunaren Kontzeptua Proiektu Gisa
Bestalde, Sartrek gizakia askatasunera kondenatua dagoela defendatzen du. Bakoitzaren bizitza "proiektu" bat da, eta munduari erakusten dio. Horregatik, gizakiak ardura osoa du eta ezin dio inorri errua bota; erantzukizun handia eskatzen du.
Spinozak, berriz, determinismoa defendatzen du. Gizakia ez da libre erabakiak zentzu absolutuan hartzeko, kausa eta lege naturalei lotuta baitago. Hala ere, Spinozak askatasuna beste modu batean ulertzen du: pertsona bat naturaren legeak geroz eta gehiago ulertuz joan ahala, askeagoa da. Hala ere, bi filosofoek arrazoimenari eta ulermenari garrantzia ematen diote.
Zoriontasuna: Norbanakoa ala Gizartea?
Zoriontasuna gizakiak betidanik bilatu duen helburua izan da, baina ez dago adostasunik non aurkitzen den: norberaren barnean edo gizartean. Batzuek zoriontasuna banakako esperientzia pertsonala dela diote, norberaren askatasunean eta ongizatean oinarritzen dena. Beste batzuek, ordea, zoriontasuna testuinguru sozialetik kanpo ezin dela ulertu defendatzen dute.
Aristoteles, Nietzsche eta Zoriontasunaren Oreka
- Sartre: Zoriontasuna norberak egindako hautuetan dago. Pertsona batek bizimodu sinplea izatea erabaki dezake, gizartearen presioetatik aldenduta.
- Aristoteles: Gizakia "animalia politikoa" da. Zoriontasuna (eudaimonia) komunitatean garatzen da, ez bakardadean.
- Nietzsche: "Artaldearen morala" kritikatzen zuen. Gizartearen arauetara moldatzeak benetakotasuna galtzea ekar dezake.
Ondorioz, zoriontasuna ez dago soilik pertsonan edo soilik kolektiboan, bien arteko orekan baizik.
Hannah Arendt: Totalitarismoa eta Gaizkiaren Banalitatea
Hannah Arendt XX. mendeko pentsalari politiko nagusietako bat izan zen. Bere Totalitarismoaren jatorriak liburuan, sistema politiko berri eta erradikala aztertu zuen. Totalitarismoan, gizartea atomizatuta agertzen da eta boterea lider autoritario baten esku geratzen da, pertsonen indibidualtasuna deseginez.
Adolf Eichmannen kasua aztertzean, Arendtek "gaizkiaren banalitatea" kontzeptua formulatu zuen. Haren ustez, Eichmann ez zen munstro bat, baizik eta aginduak pentsamendu kritikorik gabe betetzen zituen funtzionario arrunt bat. Horrek erakusten du pertsona arruntek ere ekintza izugarriak egin ditzaketela sistema totalitario baten barruan.
Horren aurrean, Arendtek parte-hartze aktiboa eta pentsamendu kritikoa defendatzen ditu. Demokrazian, askatasuna espazio publikoan parte hartzea eta mundua eraikitzeko konpromisoa hartzea da.