Ezagutzaren Teoria eta Etika: Filosofiaren Oinarriak

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,58 KB

Platonen Gnoseologia

Platonen iritziz, bi ezagutza-maila ditugu: Doxa (iritziaren maila) eta Episteme (zientziaren maila). Doxa mailan, zentzumenen bidez jasotako datuak egiatzat hartzen ditugu, baina hauek ez digute ezagutza fidagarririk ematen; sentipenezko munduko gauzak hautemateko balio dute soilik. Episteme mailan, ordea, gure iritzia benetako jakintza bihurtzen da. Ezagutza hau arrazonamenduaren bidez erdiesten da, ideien mundua ulertuz. Ideiak gogoratzeko prozesuari Anamnesia deitzen zaio. Ideiarik gorenak etikarekin lotuta daude, eta garrantzitsuena Ongia da. Maila hau filosofoek bakarrik lortzen dute; ondorioz, beraiek dira ongia ulertzen dutenak, eta horregatik, pertsona zuzenak eta zoriontsuak dira.

Ezagutza Aristotelesen Filosofian

Aristotelesek ez zetorren bat Platonekin; harentzat mundu bakarra zegoen, eta ezagutza mundu horren baitan zegoen. Izaki indibidualak zentzumenen bidez ezagutzen ditugu, baina baliozko ezagutza izaki horien ezaugarri unibertsalak (forma) ulertzea da. Benetako ezagutza lortzeko, adimenak abstrakzio-prozesu bat egin behar du:

  • Zentzumenen bidez gauza material partikularrak hautematen ditugu.
  • Gauza horien irudiak gure baitan gorde eta irudimenari esker gogoratzen ditugu.
  • Adimenari esker, perfekzio horiek alderatu eta ezaugarri komunak aurkitzen ditugu.

Ezagutza Aro Modernoan

XVII. mendetik aurrera, ezagutzaren gaia filosofiaren kezka nagusietakoa izan zen. Pentsalariak hiru ardatzetan zentratu ziren: giza ezagutzaren jatorria, baliozkotasuna eta mugak.

Arrazionalismoa

XVII. eta XVIII. mendeetan, arrazoimenaren bidez soilik lor daitekeela ezagutza fidagarria defendatu zuten (Descartes eta Leibniz). Jaiotzetiko ideietan oinarritzen dira eta matematika dute eredu, dedukzioa erabiliz zientzia unibertsala eraikitzeko.

Enpirismoa

Ingalaterrako korronte honen arabera (Locke eta Hume), ezagutzaren iturri bakarra esperientzia da. Ez dago jaiotzetiko ideiarik; dena gure esperientzian oinarritzen da. Natur zientzien metodoa erabiltzen dute eta metafisika zalantzan jartzen dute.

Egiaren Irizpideak eta Jarrerak

Ezagutza egia aurkitzeko bilaketa da, non subjektuak (jarduera egiten duena) objektua (egia) bilatzen duen. Egia irizpideak hauek dira: autoritatea, tradizioa, koherentzia, erabilgarritasuna, ebidentzia eta adostasuna.

Egiaren aurrean jarrera filosofiko desberdinak daude:

  • Dogmatismoa: Egia absolutuak ezagutu daitezkeela uste du.
  • Eszeptizismoa: Dena zalantzan jartzen du.
  • Erlatibismoa: Egia kultura edo garaiaren araberakoa dela dio.
  • Subjektibismoa: Egia pertsona bakoitzaren araberakoa da.
  • Perspektibismoa: Bakoitzak egiaren zati bat duela dio (Ortega y Gasset).

Etika eta Morala

Etika jokabide moralaren inguruko hausnarketa filosofikoa da, eta morala gizarte bateko edo gizaki baten jokabide-arauak dira. Balioak bizitzan aintzat hartzen ditugun dohainak dira, polarrak eta idealak direnak.

Garapen Moralaren Etapak (Kohlberg)

  1. Maila premorala: 5 urte artekoa; heteronomia eta indibidualismoa nagusi.
  2. Maila heteronomoa: 10-18 urte bitartekoa; taldearen arauak onartzen dira.
  3. Maila autonomoa: 18 urtetik gorakoa; iritzi moral propioa eta arrazionala eraikitzen da.

Entradas relacionadas: