Filosofiaren Galdera Nagusiak: Metafisika, Etika eta Politika
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,9 KB
1. Gauza materialak eta inmaterialak existitzen al dira? (A4 + A6)
Metafisikaren oinarrizko galdera da hau: zer existitzen da benetan? Gauza materialak (ukitu eta neur ditzakegunak) ala baita inmaterialak ere (ideiak, balioak)? Antzinako Grezian hasi zen eztabaida hau, eta gaur arte iraun du, mundu birtualaren testuinguruan. Aristotelesek ondo laburbildu zuen: "Platonen laguna naiz, baina gehiago egiarena".
Alde batetik, biak existitzen direla esan dezakegu, eta gainera elkarri lotuak daudela. Platonen ustez, Ideien Mundua da benetako errealitatea: gauza materialak ideia perfektuen kopia inperfektuak baino ez dira. Ideiarik gabe ezingo genuke ezer ezagutu edo komunikatu, ideiak baitira gauzen esentzia unibertsala. Zuhaitz bat ikusten dudanean, "zuhaitza"ren ideia baitut buruan; komunikazioa bera ideia partekatuetan oinarritzen da.
Hala ere, biak ez daude maila ontologiko berean. Aristotelesek bere maisua kritikatu zuen: ez dago ideiarik gauzarik gabe. Gauza materialetatik ateratzen ditugu ideiak abstrakzioaren bidez (hilemorfismoa). Demokritok areago joko luke materialismotik: dena atomoz osatua dago, ez dago ezer inmaterialik, ezta arima bera ere.
Gaur egun, mundu birtualak galdera hau berriz pizten du: gizakiek sortua da, baina bertan benetan ez garena izan gaitezke, ez dagoen zerbait bizi. Existitzen al da metabertsoa material gisa, ala soilik gure adimenean? Adimen artifizialak ere antzeko galdera planteatzen du. Beharbada, greziarrek bezala, errealitatearen mailak bereizten jarraitu beharko genuke.
2. Ba al dago ongi edo justizia unibertsalik? (A5)
K.a. V. mendean Atenasen sortu zen Sokratesen eta sofisten arteko eztabaida etiko-politikoa, eta gaur egun ere bizirik dirau globalizazioaren testuinguruan: existitzen al da kultura guztientzat baliagarria den ongi edo justizia bat, ala dena ikuspuntuaren araberakoa da? Sofisten posizioa Protagorasen esaldian laburbiltzen da: "Gizakia da gauza guztien neurria".
Sokratesek unibertsallismo morala defendatu zuen erlatibismoaren aurka: badira balio unibertsalak, eta arrazoimenaren bidez ezagut ditzakegu. Platonek ideia hau sakondu zuen, Ongiaren Ideia gorenaren existentzia aldarrikatuz. Kantek geroago etika formalarekin osatuko du: inperatibo kategorikoak unibertsala izan behar du. Ikuspegi honek Giza Eskubideen Aldarrikapena oinarritzen du, eta muturreko jokabide batzuei muga jartzen die (ablazioa, heriotza-zigorra…).
Aldiz, sofistek erlatibismo morala aldarrikatu zuten. Protagorasentzat, ez dago lege on edo txarrik berez, gizakiak egiten ditu konbentzioz. Nietzschek eta posmodernitateak ildo hori berreskuratuko dute: "egia" deitzen duguna indartsuenaren ikuspegia baino ez da, boterearen mozorroa. Justizia unibertsala etnozentrismo mendebaldarraren inposaketa izan daiteke, eta globalizazioak bizimodu bakarra inposatzeko erabili dezake.
Gaur egun, egia-ostearen garaian, emozioek arrazoi objektiboari aurre hartu diote (Eva Illouz). Sare sozialek nork bere "egia" zabaltzeko aukera ematen dute, baina horrek ez du esan nahi denak baliokideak direnik. Beharbada erlatibismoa dogmatismoaren aurkako antidotoa da, baina elkarrizketarik gabe nola eraiki ongi komuna?
3. Ongia ezagutzeak zentzuz aritzea dakar? (A8)
Etika klasikoaren oinarrizko galdera da hau: ezagutza nahikoa al da etikoki jokatzeko? Sokratesen intelektualismo moralaren tesia ezagutza eta bertutea bereizezinak direla da; gaitza ezjakintasunaren ondorio da, ez borondate txarrarena. Sofistika eta demagogia nagusi diren garaian galdera honek indar berezia hartzen du. Sokratesek baieztapen probokatzaile batean laburbildu zuen: "Inork ez du borondatez gaizki egiten".
Aldeko argudioak ugariak dira: gaitzean ez erortzeko, ekintzei buruzko hausnarketa arrazionala da bidea. Platonek intelektualismo morala defendatu zuen, hezkuntzaren bidez bertutea eraikitzen dela aldarrikatuz. Kantek geroago "sapere aude" aldarrikatu zuen: arrazoiaren erabilera kritikoak gidatu behar gaitu. Medikuntzaren zinpeko hipokratikoa adibide ona da: jakintzak betebehar etikora garamatza halabeharrez.
Hala ere, badira kontrako argudio sendoak. Hobbesek esan zuen gizakiak berez gaitzerako joera duela (homo homini lupus). Hannah Arendtek "gaitzaren hutsaltasuna" kontzeptua landu zuen Eichmannen kasuan: ondo zekien zer egiten ari zen, eta hala ere egin zuen. Milgramen esperimentuek ere erakutsi zuten ezagutzak ez gaituela krimenetik salbatzen taldearen presiopean. Arrazoia bakarrik ez da nahikoa: enpatia ere behar da.
Gaur egun, zenbat aldiz garen gaitzaren konplize jakinaren gainean: arropa merkea erosten dugu (haurren esplotazioa), kotxea erabili (kutsadura), Gazako sarraskiari isilik begiratu. Totalitarismotik gertu gaude berriz ere. Dirudienez, Sokratesek arrazoia zuen partzialki: jakitea ez da nahikoa; borondatea eta enpatia ere ezinbestekoak dira.
4. Gizakia zoriontsua izan daiteke? (A8)
Filosofiaren betiko galderetako bat da hau: posible al da benetan zoriontsua izatea? Eta, hala bada, mundu honetan ala beste batean? Aristotelesengandik existentzialismoraino, erantzun anitzak eman zaizkio, eta gaur egun ere bizi-bizirik dirau, osasun mentaleko krisi orokortuaren erdian. Aristotelesek ezarri zuen abiapuntua: "Gizaki orok zoriontasuna bilatzen du; horretan ez dago zalantzarik".
Aristotelesek baietz erantzun zuen: zoriontasuna (eudaimonia) giza bizitzaren helburu naturala da. Bertuteen praktikaren bidez lortzen da, erdiko bidea jarraituz. Eskola helenistikoek ildo hori sakondu zuten:
- Epikureismoa: plazer neurtuen bidez (ataraxia).
- Estoizismoa: patua onartuz (apatia).
- Eszeptizismoa: iritzia etenduz (epoché).
Denek uste zuten zoriona eskuragarria zela mundu honetan, filosofia sendabide gisa erabilita.
Aldiz, beste tradizio batek ezetz erantzuten du. Schopenhauerrek esan zuen giza desira ezin dela inoiz ase. Nietzschek zoriontasunaren ideia bera kritikatu zuen, bizitza erreala —tragikoa eta minezkoa— ukatzen duelako. Sartrek eta Kierkegaardek angustia jarri zuten erdigunean: askatasunak zama saihestezina sortzen digu. Simone Weilek gehitu zuen zoriontasunaren ideiak giza zaurgarritasuna ezkutzatzen duela.
Erdibidean, Agustin Hiponakoak eta tradizio kristauak diote zoriona heriotzaren ondoren bakarrik dela osoa. Beauvoirrek ikuspegi politikoa ekartzen du: ezin da zoriontasunik bermatu zapalkuntza dagoen bitartean. Nussbaumek ere giza minimo materialen beharra defendatzen du. Beraz, zoriontasuna ez da soilik norberaren kontua: testuinguru sozial, politiko eta materialaren araberakoa ere bada.
5. Zein da gobernu mota egokiena? (A9)
Politikaren oinarrizko galdera da hau: nork gobernatu behar du, eta nola? Antzinako Greziatik gaur arte, demokrazia, aristokrazia, monarkia eta beste hainbat sistemaren artean eztabaidatu da. Erantzunak eredu antropologiko eta epistemologiko sakon batean oinarritzen dira. Platonek ezarri zuen marko klasikoa: "Filosofoek erregetu arte edo erregeek filosofatu arte, ez da hirietan gaitzen amaierarik egongo".
Platonek aristokrazia intelektuala defendatu zuen Errepublikan: gehien dakitenek, filosofo-gobernariek, gobernatu behar dute, beraiek bakarrik baitute Ongiaren Ideiaren ezagutza. Demokrazia ezjakinen gobernua da, eta gizartea kaosera murgilarazten du (Sokratesen heriotza demokraziak ekarri zuen). Gobernarientzat jabego pribatua ezabatzea proposatu zuen. XX. mendean, Ortega y Gassetek antzeko zerbait esango du: eliteek masak gidatu behar dituzte.
Aristotelesek, aldiz, ikuspegi pragmatikoagoa eskaini zuen. Gobernu zuzenak guztion ongia bilatzen dutenak dira (monarkia, aristokrazia, errepublika), eta okerrak gobernarien interesa baino babesten ez dutenak (tirania, oligarkia, demagogia). Errepublika dela onena dio: erdiko klaseak oreka bermatzen du. Marxek geroago kritika erradikalagoa egingo du: edozein estatuk goi-klaseen interesak defendatzen ditu, eta beraz, behe-klaseen iraultza behar da.
Gaur egungo gure demokrazia formalak benetan demokratikoak al dira? Azken boladako presidente belizista eta xenofoboak ikusita —denak demokratikoki hautatuak— beharbada bozketa hutsa baino irizpide gehiago beharko genituzke gobernariak izendatzeko. Hezkuntzaren eta arduraren araberako filtroak falta zaizkigu agian.