Foruak eta Liberalismoa: Karlistaldiak eta Kontzertu Ekonomikoak

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,19 KB

Gaia: Foruak eta Liberalismoa

Karlistaldia (1872-1876): Kausak

Azken Karlistaldia (1872-1876) eta ondorengo foru-indargabetzearen kausak epe laburreko eta luzeko faktoreek eragin zituzten.

Epe motzeko kausak

  • Espainiako gobernua ezegonkorra izan zen Amadeo Savoiako errege atzerritarraren agintaldian (1871-1873). Erregeak abdikatu egin zuen, erregimenaren kontrako oposizioei aurre egin ezinik. Horren ondorioz, Karlos VII.a errege zilegitzat hartu zuten karlistek.
  • Seiurteko Demokratikoak estatu laikoa aldarrikatu zuen (erlijiorik gabeko estatua). Horrek Karlistak eta foruzaleak bat egitera bultzatu zituen, erlijioaren auzia zela medio 3. Karlistaldian parte hartuz.

Epe luzeko kausak

Estatu liberalaren ezaugarriak zabaldu zirenez, zentralizazio politiko eta administratiboa eta batasun juridikoa Espainian zehar hedatu ziren. Espainiar sistema berri hau foruak deuseztatzen eta estatu laikoa proposatzen zuenez, euskaldunak Karlistaldian borrokatzera bultzatu zituen, foruen defentsan eta tradizioen mantentzean oinarrituta.

Ondorioak: Foruen Abolizioa eta Kontzertu Ekonomikoak

Gerra honetan galtzaile foruzaleak eta karlistak izan ziren. 1876an, Alfontso XII.ak Lizarra konkistatu zuenean, liberalek behin betiko garaipena lortu zuten.

1876ko uztailaren 21eko Legea

Karlisten porrotaren ondorioz, 1876ko uztailaren 21eko legearen bidez foruen abolizio formala eman zen. Lege horren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gai fiskaletan (zergak) eta gai militarretan estatuko gainerako probintziekin parekatu ziren. Erakunde foralak (Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak) ere deuseztatu zituzten. Hala ere, Nafarroan, 1841ean sinatutako Hitzarturiko Legeak indarrean jarraitu zuen.

Kontzertu Ekonomikoen Sorrera

Euskal Herria industrializatutako gune bihurtzen ari zenez, Cánovas del Castillok eta Bizkaiko oligarkia industrialak negoziazioak egin zituzten. Azkenean, Kontzertu Ekonomikoen sorrera eman zen, otsailaren 28ko dekretuari esker. Hau da, euskaldunoi zerga-erregimen berezi bat ezarri ziguten foruen partez.

  • Kontzertu Ekonomikoek Espainiako gainerako lurraldeetatik bereizi gintuzten.
  • Zergak modu autonomoan kudeatu ahal izan zituzten (Madrilgo Estatuarekin negoziatuz).
  • Zerga kudeaketa hau probintziako aldundien esku zegoen.

Kontzertu Ekonomikoek Bizkaiko industria-oligarkei aberasten jarraitzeko aukera eman zieten, kudeaketa autonomo bati esker. Gaur egun ere indarrean jarraitzen dute Kontzertu Ekonomikoek, hainbat aldaketa eginda.

1839ko urriaren 25eko Legea

Lehen Karlistaldiaren Testuingurua (1833-1839)

1837-1839 bitartean liberalak nagusitu ziren Espainian. Oinordetza auziaren ondorioz, bi talde sortu ziren:

  • Karlistak: Absolutista monarkikoak, Karlos V.aren aldekoak. Euskaldun foruzaleak bando honekin elkartu ziren, ideia liberalek foruei kalte egiten zietelako.
  • Liberalak: Isabel II.aren aldekoak.

Liberalek Lehen Karlistaldia ahalik eta azkarren amaitu nahi zuten Estatu Liberala eraikitzeko. Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz lortutako dirua Karlistaldirako erabiltzen ari zirenez, liberalek, nahiz eta irabazten joan, foruzaleekin akordio batetara iristea erabaki zuten.

Bergarako Besarkada eta Legearen Interpretazioa

Bergarako Besarkadaren bitartez eman zitzaion amaiera gerrari, Marotok eta Esparterok akordio bat egin zutelarik. Akordioan, liberalek Foruak berresten zituzten eta foruzaleek Isabel II.a erreginatzat hartzen zuten.

Akordioa lege bihurtu zen 1839ko urriaren 25eko legearen bidez. Lege horrek bi artikulu zituen:

  1. “Foruak berresten direla, baina batasun konstituzionalari uko egin gabe”. Esaldi honetan, bakoitzak nahi zuena ulertu zuen: foruzaleak lehenengo esaldiarekin geratu ziren, eta liberalak bigarrenarekin.
  2. Prozesua nola burutuko zen adostu zuten.

Behin Karlistaldia amaituta, Maria Kristinak alde egin zuen, eta Espartero geratu zen Espainiako erregeorde. Berak hartzen zituen erabakiak, eta ez zuen emandako hitza bete, hau da, ez zuen Foruak berresteko intentziorik izan. Horregatik, Nafarrek Lege Hitzartua eman zuten 1841ean.

Entradas relacionadas: