Frankismoa: Oinarriak, Oposizioa eta Autarkia

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,08 KB

Gerra Zibila amaitu zenean, Francok diktadura ezarri zuen, ia berrogei urte iraun zituena. Agintaldi autoritarioa eta militarra izan zen, eta lau talde boteretsuren laguntza izan zuen: Eliza Katolikoa, militarrak, falangistak eta monarkikoak.

1. Francoren erregimenaren oinarriak

Erregimena pixkanaka ezarri zen. Lehenengo pausoak Gerra Zibilean eman ziren. Defentsa Batzorde Nazionalak, 1936ko irailaren amaieran, Franco armadaburu, estatuburu eta gobernuburu izendatu zuen. Beraz, Francok botere militar eta politiko guztiak zituen.

Oinarri ideologikoak

Hainbat erreferentzia hartu zituen frankismoa sortzeko. Hiru hauek dira aipagarrienak:

  • Faxismoa: Alemaniako Hitlerren eta Italiako Mussoliniren sistema politiko faxistak izan ziren bere ereduak. Francok, bi horien moduan, titulu bat izan zuen, Caudillo. Alderdi politiko bakarra egoteko agindua eman zuen, FET y de las JONS, eta Movimiento Nacional sortu zen.
  • Antikomunismoa: Francok jendeak komunismoari zion beldurrari probetxua atera zion, eta komunismoaren aurkako bandera hartu zuen.
  • Katolizismoa: Frankismoak eta Eliza Katolikoak elkarri lagundu zioten.

Oinarri politikoak

Erregimenak ez zuen ideologia ez konstituzio zehatzik izan. Frankismoa diktadura pertsonala izan zen, eta kanpo zein barneko politikan zalantzazko jarrerak izan ziren nagusi.

Gerra Zibilaren amaieratik Bigarren Mundu Gerraren bukaerara arte (1939-1945): Francok erregimenaren oinarriak finkatu zituen hasierako urteetan. Aniztasun politikoa, demokrazia eta adierazpen askatasuna kendu ondoren, botere guztiak bereganatu zituen (estatuburu, gobernuburu, armadaburu eta alderdiaren agintari).

Falangistek pisu politiko handia izan zuten eta beste botere bat osatu nahi zuten, baina 1942tik aurrera, Francok hauen eragina baztertu zuen. Mundu Gerra aliatuek irabazten ari zirela ikusi zuenean, Gorteen Legea egin zuen, eta Gorteak berriro ezarri ziren, aholkularitza-zereginak egiteko bakarrik.

Bigarren Mundu Gerraren amaieratik 1956ra

Mundu Gerra amaitu zenean, irekitasuna erakusten zuten hainbat lege ezarri zituen Francok. Adibidez, Estatuaren Buruzagitzaren Ondorengotzari buruzko Legea (1947). Horren arabera, Francoren agintaldiak bera hil arte iraungo zuen, baina Espainia erresuma zenez, gero monarkia berrezarriko zen, eta Francok bakarrik aukeratu ahal izango zituen ondorengoak.

1951tik aurrera, zenbait ministro izendatu zituen Francok. Bi helburu lortu nahi zituen: kanpoko herrialdeek erregimena onartzea eta barneko oposizioa konforme uztea. Kultura eta politikaren liberalizazioa eskatzen zuen mugimendu bat sortu zen Madrilgo ikasleen artean. Mobilizazioak egin zituzten (1956ko otsaileko gertaerak) eta gobernuak unibertsitateak itxi, ikasle asko atxilotu, mugimenduak debekatu eta joera liberalak ezeztatu zituen.

Oinarri sozialak

Errepresioak eta eguneroko propagandak frankismoari irauten lagundu zioten. Erakundeen eta gizartearen babes handiari esker jasan zituen presioak, oposizio politikoa, ikasleen istiluak edota langileen protestak.

Frankismoaren oinarri ziren giza taldeak hauek ziren: elite ekonomikoak, iparraldeko lurjabe ertain eta txikiak eta klase ertainaren multzo handi bat.

2. Erregimenaren oposizioa

Gerra Zibila amaitu zenean, barneko oposizioak errepresio handia jasan zuen: fusilamenduak, kartzeleratzeak, isunak... Alderdi Komunistako militar eta jarraitzaileek gerrilla-taldeak osatu zituzten (maki izenez ezagunak) eta Gerra Zibilarekin jarraitzen saiatu ziren. Atzerriko oposizioari dagokionez, banaketak eta liskarrak areagotu egin ziren.

Bigarren Mundu Gerra amaitzen ari zela, atzerriko oposizioa indartu eta berrantolatu egin zen, aliatuen garaipenak Francoren gainbehera ekarriko zuela eta Errepublika berrezarriko zela pentsatzen zutelako. Espainian, makien erasoak ugaritu egin ziren. Lehen grebak antolatu ziren Katalunian eta Euskal Herrian.

1950etik aurrera, oposizioak eraginkorra izateari utzi zion, kanpoan erregimen frankista onartzen zutelako eta oposizioko taldeen arteko desberdintasun sakonengatik.

Bi talde berrik protagonismoa hartu zuten oposizioan: langileen mugimenduak eta ikasleen mugimenduak.

3. Autarkia ekonomikoa

Gerra Zibila amaitu zenean, Espainiako ekonomiaren ezaugarri nagusiak politika autarkikoa eta estatuaren interbentzionismoa izan ziren. Helburua ekonomian buruaski izatea zenez, Estatuak prozesu ekonomiko guztietan esku hartu behar zuen: inportazioak mugatu, premiazko produktuen ekoizpena eta salmenta kontrolatu, errazionamendua ezarri...

Industriaren garapena sustatzeko, INI (Instituto Nacional de Industria) sortu zen. Horren bitartez, estatuak laguntzak ematen zizkien enpresei eta estatuko enpresa batzuk sortu ziren (ENDESA, IBERIA...). RENFEren sorrerarekin, burdinbidea nazionalizatu zen. Politika ekonomiko horrek ondorio negatiboak izan zituen: geldialdi ekonomikoa, soldatek eta bizi-mailak behera egitea...

Egoerari aurre egiteko, irekitasunean oinarritutako orientabidearekin hasi zen: prezio eta merkatu askatasuna, kanpoko merkataritza librea... Ezinbestekoa izan zen Estatu Batuen laguntza ekonomikoa. Orientabide berriek prezioen igoera ekarri zuten eta erregimenaren kontrako grebak. Kanpoko merkataritzaren liberalizazioaren ondorioz, inportazioek gorantz egin zuten, merkataritza-balantzearen defizita sortuz.

4. Nazioarteko politika

Espainiaren jarrera Bigarren Mundu Gerran (1939-1945): Alemania eta italiarren alde zegoen arren, neutral deklaratu zen. Ardatzeko estatuak (Alemania, Italia eta Japonia) irabazten ari zirenez, Espainiak 1941eko abuztuan parte hartzea erabaki zuen eta Dibisio Urdina bidali zuen. Estatu Batuak gerran sartu zirenean (1941eko abenduan) eta aliatuak irabazten hasi zirenean, Espainiak ez zuen laguntza gehiagorik eman eta 1943an neutraltasun-ituna sinatu zuen.

Espainiaren egoera gerraostean: Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Espainia isolatu egin zuten irabazleek eta 1946an ez zioten NBEn sartzen utzi.

1947tik aurrera, Gerra Hotza hasi zenean, isolamendua amaitu zuten eta merkataritza-hitzarmenak sinatu zituzten Espainiarekin. Espainiari Marshall Planaren laguntza ekonomikoen onurak eman zizkioten, eta NBEk baimena eman zien kideei Espainiarekin harremanak izateko. 1953an Vatikanoarekin eta Estatu Batuekin sinatutako hitzarmenak (Konkordatua) izan ziren erregimena nazioartean onartu izanaren seinale nagusiak:

  • Vatikanoarekin sinatutakoan: Elizak onartu egin zuen Francoren erregimena eta indar handiagoa lortu zuen diktaduran.
  • AEBek emandako laguntza ekonomiko eta militarren truke: AEBk hainbat base militar lortu zituen Espainian.

Espainia ez zuten Europako Ekonomia Erkidegoan edota NATOn onartu Franco hil arte. Beraz, Espainia oraindik ez zen nazioartean erabat integratu.

Politika kolonialean porrot egin zuen Espainiak, 1956an Marokoko protektoratua galdu zuelako eta Afrikako lurren deskolonizazioa hasi zelako.

Entradas relacionadas: