Frankismoa eta Trantsizioa Euskal Herrian (1939-1982)

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 26,13 KB

Diktadura Frankista Euskal Herrian (1939-1975)

Estatuko beste lurraldeetan bezala, frankismoaren aliatuak egon ziren Euskal Herrian; adibidez, euskal oligarkiaren eta frankisten arteko harreman ona egon zen. Hala ere, euskal oposizioa handienetakoa izan zen, honako arrazoi hauengatik:

  • Industrigune nagusietakoa zenez, langile-mugimenduaren presentzia handiagoa zen.
  • Frankismoaren politika zentralistak gogor zapaldu zituen euskal kultura eta nortasuna.
  • Erregimenak zapaldutako nortasun hori defendatzen zuen euskal nazionalismo bat zegoen.

Diktaduraren hasierako urteetan, frankistak ez ziren herritarrek eskubide eta ideia zapalketa gogorra pairatu zuten. Erregimenak II. Errepublikak sortutako erakundeak deuseztatzeaz gain, euskal kultura baztertu edota debekatu zuen; Eusko Jaurlaritza erbestean zegoen. Gerraosteko urteak gogor samarrak izan ziren, aipatutako errepresioarekin batera, herritar gehienek eskasia sufritu baitzuten. II. Mundu Gerran frankismoa ezabatzeko kanpo-laguntza posible zelakoan, aliatuekin –gerra hura irabaziko zutenekin– harreman onak edukitzen saiatu ziren. Gerra Hotzaren garaian frankismoak lortutako onarpen internazionalak euskal oposizioaren itxaropena zapuztu zuen.

Ekonomian aldaketa asko gertatu ziren. Autarkiaren urteak –1950eko hamarkadara arte– latzak izan ziren; ondoren, teknokraten politika modernizatzailea etorri zen. Espainian XIX. mendean gehien garatu ziren lurraldeak –Katalunia, Madril eta Euskal Herria– XX. mendearen erdialdean ere garatuenak izan ziren. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan antolatutako protestek gobernuaren erantzun gogorra ekarri zuten. Oposizioak beste borroka mota batzuk bilatuko ditu. Euskal Elizaren harremanak agintari “nazionalkatolikoekin” tirabiratsuak ziren; euskal kleroak lan garrantzitsua egin zuen politika sozial alternatibo bat antolatzen eta euskal kulturaren defentsan. 1950eko hamarkadan euskal ekonomiaren barruan Jose Maria Arizmendiarrietaren inguruan kooperatibismoa indartsu hasi zen eta ondorengo hamarkadetan haren garrantzi ekonomikoa handituz joan zen. Euskal nazionalismoaren barruan talde berri bat agertu zen; mugimendu abertzale tradizionalari jarrera desegokia eta moderatuegia leporatu zion belaunaldi gazteago batek. Gazte hauek independentismoa eta ideia ezkertiarrak –garai hartako ikasleen artean modan zeudenak– uztartu zituzten, lehenago EKIN eta geroago ETA sortu zutela.

1960ko hamarkadako garapen ekonomiko handiak aldaketa sakonak ekarri zituen, diktaduraren eta gizartearen arteko hutsunea handituz. Industrializazio berriarekin batera immigrazio garrantzitsua ezagutu zuten Bizkaiak eta Gipuzkoak. Euskal oposizioak gero eta presentzia gehiago zuen; greba eta protesta ugari egon ziren, soldata eta lan-baldintza hobeak bezalako eskaeren atzean errebindikapen politiko antifrankistak ere defendatzen ziren. 1960ko hamarkadaren amaieran ETAk indarkeriaren erabilpenari ekin zion eta segurtasun indar frankistek erakundea desegiteko ahalegina egin zuten. ETA erakundearen barruan bi ildo zeuden: politikoago bat (moderatuena) eta militarrago bat (erradikalena). 1970eko hamarkada Burgosko Prozesuarekin hasi zen; nazioartean egindako protestek etakideen kontrako heriotza zigorrak indargabetzea lortu zuten. Frankismoaren gainbeherarekin haren aurkako kritikak eta protestak ugariagoak izan ziren. Erregimenak bere azken aldian errepresioa areagotu zuen. ETAren ekintzak ere ugaldu ziren; 1973an Luis Carrero Blanco (Francoren laguntzaile nagusia) hil zuten. Frankismoaren amaiera eta Trantsizio garaia oso giro gatazkatsu batean gertatuko ziren. 1973an hasitako mundu krisiak agerian utzi zituen ekonomiaren gabeziak: mendekotasuna (industria astunarekin eta atzerriko merkatuarekin), ingurumen kutsadura, energia kontsumo handia... Krisi honen kalteek eragina edukiko zuten luzaroan.

Trantsizio Demokratikoa Espainian (1975-1982)

Espainian diktadura frankista deuseztatu eta erregimen demokratiko bat antolatzeko prozesuari emandako izena da. 1975-1982. Hasiera: 1975-11-20 (Diktadorearen heriotza). Amaiera: 1982ko urriaren 28ko hauteskundeak irabazita, PSOE alderdiak Espainiako gobernua bereganatu zuen; frankismoaren ondorengo lehenengo bi hauteskundeak garai bateko frankistek (UCDkoek) irabazi zituzten.

Trantsizioaren Giltzarriak: Pertsonaiak eta Alderdiak

Pertsonaia Nagusiak

  • Torcuato Fernández Miranda: Zuzenbide politikoan legelari aditua zen. Garai batean Juan Karlos Borboikoaren irakaslea izan zenez, erregeak hura aspalditik ezagutzen zuen eta harreman pertsonal ona zuten. Gorte frankistetako azken presidentea eta frankismo erreformistaren ordezkaria izan zen. Bazekien erregimena nola aldatu eta ezabatu diktaduraren legedia erabiliz. Historialariek Trantsizioaren estrategatzat dute. Prozesua aurrera eramateko beharrezkoak ziren aldaketen bultzatzaile nagusietako bat izan zen.
  • Carlos Arias Navarro: Franco bizirik zegoela, diktadoreak izendatutako azken gobernuburua izan zen. Diktadorearen heriotzaren berri emateagatik famatua da gaur egun. Frankismo immobilistaren ordezkaria zen. Gobernutik aldaketak egiteko oztopo bat zen. Diktadorea hil eta gero, erregeak karguan berretsi zuen arren, haien arteko harremana txarra zen.
  • Adolfo Suárez: Arias Navarro immobilista gobernutik atera zenean, erregeak izendatuko zuen lehenengo gobernuburua izan zen. Hura gobernuburua izatean, erreformistek parlamentua (Fernández Mirandaren kontrolpean zegoen) eta gobernua zituzten. Aldaketak egitea posible zen. Erregimen frankistaren barruan apurka-apurka igotzea lortutako politikari erreformista izan zen. Radio Televisión Española-ko zuzendaria izan zen garaitik ezagutzen zuen erregeak. Tratu pertsonalean gizon trebea zenez, oposizio antifrankistako liderrekin harreman ona edukitzea lortu eta haiekin egin beharreko aldaketak negoziatzen jakin zuen. UCD izena zuen alderdi zentrista bat fundatu eta Frankismoaren osteko lehenengo hauteskundeak irabazita bere kargua sendotzea lortu zuen. Adolfo Suárezen gobernuak erregimen barruko aurkariak izan zituen. Esate baterako, militar atzerakoien mehatxua indargabetu behar zuen; militar haiek kontrolatzeko, Suárezi oso leiala izan zitzaion Manuel Gutiérrez Mellado jeneralaren laguntza funtsezkoa izan zen. Suarezek ausardia erakutsi zuen une erabakigarrietan. Adibidez, talde atzerakoien aurka Alderdi Komunista ere legearen barruan onartu zuenean. Diktaduraren ostean, sistema politiko berri bat antolatzeko ezinbestekoa zen oposizioa legeen barruan jartzea, geroago hauteskundeak egiteko eta azkenean Gorte Konstituziogileak egoteko.

Trantsizio Garaiko Alderdi Nagusiak Espainian

  • UCD:
    • Adolfo Suárez presidentearen inguruan sortutako alderdi zentrista.
    • Alderdi hau frankismoaren osteko lehenengo bi hauteskundeetan garaile atera zen.
    • Gero eta handiagoak ziren barne-gatazkek bere galbidea ekarri zuten. Kide batzuk AP alderdira joango ziren eta beste batzuk PSOEra.
    • Suárez haren heredentzia luzatzen saiatu zen alferrik CDS alderdia fundatuz.
  • AP:
    • Alderdiko liderra zen Manuel Fragak eta beste ministro frankista ohi batzuek sortu zuten.
    • Ideia kontserbadoreak eta espainolismo zentralista defendatzen zituen.
    • Hastapenetan UCDk baino arrakasta gutxiago eduki arren, denbora aurrera joan ahala Espainiako talde eskuindarrak alderdi bakarrean biltzea lortuko zuen.
    • Gaur egungo PP alderdiaren aurrekaria da.
  • PSOE:
    • Tradizio sozialistako ideia nabarmen batzuk alboratuko zituen; gero eta moderatuagoa zen.
    • Haren hauteskunde-emaitzak hobetuz joango ziren etengabe; 1980ko hamarkadan Espainiako alderdia nagusia izango zen.
    • Liderra Felipe González izan zen.
  • PCE:
    • Frankismoaren kontra gehien borrokatu zen erakundea izan arren, komunisten eragina gizartean jende askok uste baino txikiagoa zen eta alderdiak ez zuen inoiz hauteskundeetan arrakasta handirik lortuko.
    • Trantsizioan gertatutako gauzarik nabarmenenetakoa: Suarezek komunistak legearen barruan jartzeko erabakia.
    • Ezkerreko beste talde batzuekin Izquierda Unida koalizio errepublikazalearen sortzailea izango zen 1980ko hamarkadaren erdialdean.
    • Alderdi komunistako liderra Santiago Carrillo izan zen.

Euskal Herriko Alderdi Politikoak Trantsizioan

  • EAJ-PNV:
    • Euskal nazionalismo tradizionalaren ordezkaria. Joera zentrista eta pragmatikoa dauka.
    • Euskadiko alderdi nagusia izan da.
  • HB:
    • Ezker abertzale erradikalaren bozeramailea.
    • Euskal alderdi batzuen koalizio independentista. Gaur egungo EH Bilduren aurrekaria.
  • EE:
    • Ezker abertzale moderatuaren ordezkaria.
    • Hasierako nazionalismotik urrunduz joango ziren lider batzuek PSOErekin bategingo zuten.
  • UPN:
    • Alderdi kontserbadore hau Nafarroako nagusia izan da luzaroan.
    • Euskal nazionalismoaren hedapena gelditu eta Nafarroa Euskadiko beste euskal probintzietatik banatuta mantentzeko sortu zen alderdia.

1978ko Konstituzioa eta 1979ko Gernikako Estatutua

Frankismoaren Amaiera Ekarri Zuten Faktoreak

  • Frankismoaren beraren legeak: Gorteek eta presidenteak aldaketak egiteko ahalmena zuten.
  • Diktadurako politikariak: Frankista erreformistek diktadurak etorkizunik ez zuela zekiten.
  • Egoera sozioekonomikoa: 1960ko hamarkadatik gizarte modernizatuarentzat diktadura oztopo hutsa zen. 1970eko hamarkadaren hasieran sortutako krisiak giroa gaiztotu zuen.
  • Kanpo presioa: Europako Erkidegoak, AEBek eta Vatikanoak presioa egin zuten diktaduraren iraupenaren kontra.

Trantsizio Prozesua Baldintzatu Zuten Faktoreak

  • Geroari begira, ziurgabetasuna zegoen.
  • Krisi ekonomiko handiak gaiztotutako egoera.
  • Botere atzerakoi batzuen mehatxua hor zegoen; adibidez, militarrena.

Diktadorea hil eta gero, Juan Karlos Borboikoa estatuburu berria bilakatu zen eta hark Arias Navarro immobilista karguan berretsi zuen. Ariasen lidergo kaskarra oposizioak aprobetxatu zuen erregimenaren aurkako protestak handitzeko. Arias Navarrok dimititzea erabaki zuen. Frankista erreformistek Adolfo Suárez gobernuburu bihurtzeko aprobetxatu zuten; ondorioz, gobernua eta parlamentua –T. Fernández Mirandak gorte frankistak zuzentzen baitzituen– haien kontrolpean zituzten eta aldaketak egitea posible zen. Oposizio antifrankistak Suárezengan bestelako politika bat egiteko asmoak ulertu eta harekin egin beharreko aldaketak adostuko zituen.

Erreforma Politikoaren Legea eta Hauteskundeak

Bi helburu nagusi:

  • Krisi ekonomikoa gainditzeko programa bat adostea (Moncloako Itunak).
  • Askatasun politikoak babestu eta armada eta segurtasun neurriak kontrolatuko zituen legedi bat negoziatzea.

Erreforma Politikoaren Legea aurrera atera zen gorte frankistetan lehenago. Ondoren, erreferendum batean herritar gehienek baietz esango zioten. Erregimen berria eraikitzeko parlamentu berri bat beharrezkoa zen. Ordura arte debekatuta zegoen oposizioa legearen barruan jartzea ezinbestekoa zen. Halaber, UCD eta AP bezalako alderdi berriak –frankista erreformistenak– egon ziren hauteskundeetan. 1977ko hauteskunde haietatik Gorte Konstituziogileak sortu ziren. Suárez indartuta atera zen –frankismoaren azken presidentea eta etapa berriko lehenengoa izan baitzen–. Alderdi nagusiak parlamentu hartan UCD eta PSOE izan ziren. Parlamentu berri hark 1978ko Konstituzioa idatzi eta promulgatuko zuen; Espainia monarkia parlamentarioa izango zen eta zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko baten antzera antolatu nahi zuten; agirian antolatzen diren hiru gai nagusiak herritarren eskubideak, erakundeak eta lurralde antolaketa dira. Herritarrek konstituzioa berretsi zuten beste erreferendum batean. Salbuespen esanguratsu bat: euskal nazionalistek protesta bezala abstentzioa sustatu eta Euskadin boto nagusia izatea lortu zuten. Konstituzioa indarrean jarri eta gero, gorte haiek desegin ziren eta 1979ko hasieran bigarren legegintzaldirako hauteskundeak egiteko deialdia egon zen eta UCD alderdiak ere irabaziko zituen. Hala ere, bigarren legegintzaldiko hasieratik arazo batzuk piztu ziren: UCDren barruko gatazkak, erregearen eta Suárezen arteko harreman txarra handituz zihoan eta militarren presioa Suárezen kontra ere bai, krisi ekonomikoa gordinago zegoen... Azkenean Suarezek dimisioa emango zuen eta Leopoldo Calvo-Sotelo ministroa gobernuburu bihurtuko zen. 1981eko otsailean haren inbestidura parlamentuan eztabaidatzen zuten bitartean, militar atzerakoi batzuk estatu-kolpe bat egiten saiatu ziren. Kolpe hura porrot hutsa izan zen eta Calvo-Sotelok kargua hartu zuen. Haren agintaldiaren erabakirik aipagarrienetakoa Espainia NATO erakundean sartzea izan zen. Arazo handiek jarraitu zutenez, hauteskunde aurreratuetara deitu zuen 1982ko urrian. Oposizioko alderdi nagusia zen PSOEk garaipena lortzean, diktadura amaitu zenetik oposizio antifrankistan izandako alderdi batek gobernua lortu zuen lehenengoz.

Trantsizioa Euskal Herrian: Ezaugarriak eta Gatazkak

Diktaduratik ateratzeko prozesua ongi ulertzeko, prozesu hura baldintzatutako faktore batzuk azpimarratu behar dira:

  • Ziurgabetasuna etorkizunaren aurrean.
  • Krisi ekonomikoak gaiztotutako egoera txarra.
  • Botere atzerakoien mehatxua hor zegoen.

Garai hartako euskal politikan istilu eta tirabira etengabeak egon ziren:

  • Batzuek frankismoaren erreforma defendatzen zuten; beste batzuek haustura.
  • ETAk Segurtasun Indarren kontrako ekintzak ugaldu zituen.
  • Sistema berrian Euskal Herriaren geroa erabaki gabe zegoen.

Euskal Herrian alderdi politikoen aniztasun handia zen: Espainia osoan zeuden alderdi berberak eta abertzaleak; Gerra Zibilaren aurretik zeudenak eta Trantsizioko urteetan sortutako batzuk. 1977ko hauteskundeek periferiako nazionalismoen indarra erakutsi zuten; haien interesak nolabait betetzeko antolaera deszentralizatu bat beharrezkoa izango zen. Estatu osora zabalduko zen autonomien sorrera.

Autonomiaren aurreko prozesua gure artean zailagoa izan zen Katalunian baino, honako arrazoi hauengatik:

  • Barne ezegonkortasun handiagoa.
  • Abertzaleen arteko zatiketa.
  • Gatazka etengabeak gobernu zentralarekin. Adibidez, gure artean abstentzioa boto nagusia izan zen Konstituzioaren erreferendumean.

Gobernu zentralak Eusko Kontseilu Nagusia antolatu zuen; helburua Estatutuaren proiektua idatzi eta botereen transferentzia adostea zen. Nafarroaren estatusa tirabira askoren iturri bihurtu zen; abertzaleen ustez, Nafarroa Euskal Herriaren oinarria baita. Proiektu autonomikoaren oinarria EAJren proposamena izan zen, APko eskuindar zentralistak eta HBko abertzale erradikalak kanpoan geratu zirela. Espainiako agintariekin adostutako “Gernikako Estatutua” herritarrek berretsi zuten erreferendumean. Autonomia fiskala ahalbidetzen duten Kontzertu Ekonomikoak berreskuratu zituzten euskal probintziek. Diputazioek zergak biltzen dituzte eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailari ematen dizkiote. Gasteizko gobernuak Madrilgo agintariekin haiei eman behar dien kopurua –kupo delakoa– negoziatzen du. Nafarroan bere autonomia erregimen propioa antolatu zen, garai bateko foru-sisteman oinarritua “Foru Hobekuntzaren Legea”. Nafarroan Kontzertu Ekonomikoen parekoari Konbenioa deitzen zaio. Nafarrek nahi izanez gero, legediak EAEko lurraldeekin bat egiteko aukera dagoela onartzen du.

Antifrankismoaren Ezaugarri Orokorrak

Diktaduraren aurkako borrokan herritar gutxi batzuek besterik ez zuten jardun. Gerra amaitu eta gero, gobernuak ez zion oposizioa zapaltzeari utzi eta jazarpena areagotu zuen, zapalkuntza hori saihesteko errepublikazale askok erbesteratzea erabaki zuten; handik aurrera Espainiaren barruko oposizioa oso talde txikia izango zen, haren zuzendaritza atzerrian egongo zen. Franco jeneralaren agintaldian espainiar gehienen jarrera pasiboa izan zen. Erregimen frankistak pasibotasun horri etekina ateratzen jakin zuen. Denbora aurrera joan ahala (batez ere 1960ko hamarkadatik aurrera), antifrankistek gero eta presentzia gehiago eduki zuten arren, ez zuten inoiz erregimena ezabatzeko indarra lortu. Diktaduraren aurkako borrokan aritutako bi talde nagusiak unibertsitateko ikasleak eta langile-mugimendu klandestinoa izan ziren; oposizioan Alderdi Komunistaren eraginak gora egin zuen era nabarmen batera. Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoak ere izan ziren talde antifrankista garrantzitsuak. Haren kontra borrokan zebiltzan erakunde haiek zapaldu eta ezabatzeko, Francoren erregimenak Brigada Politiko-Soziala izena zuen polizia talde berezia sortu zuen; brigada hark epaitegi edota lege berezien laguntza zuen. Espainiako lurralde guztietan oposizioaren kopurua edo eragina desberdina izan zen. Esate baterako, Euskal Herrian eta Katalunian antifrankista gehiago egon ziren beste lurralde batzuetan baino. Zergatik?

  • Frankismo zentralistak periferiako nortasunak gogor zapaldu zituen. Han XIX. mendetik ere, zentralismoari aurre egiten zioten alderdi eta talde nazionalistak zeuden.
  • Biak XIX. mendetik industriguneak izan ziren, horrek langile-klasearen hazkundea ekarri zuen eta langile-mugimenduaren presentzia handiagoa.

Langile mugimendu borrokalaria izan zuen beste lurralde bat Asturias izan zen, meatzaritzaren tradizioagatik. XX. mendean landa-inguruko exodoarekin batera, hirigune batzuk handituz joan eta han langile-klaseko auzo handiagoak sortu ziren. Oro har, oposizioa eta pentsaera kritikoa hirietan hobeto mugitzen edo ezkutatzen ziren herri txikietan baino.

21. Testua: Euskal Antifrankisten Ituna

Agiria erbestean zeuden euskal antifrankisten artean adostu eta egindako ituna da (testu juridikoa); Egile eta hartzaile kolektiboak: euskal oposizioko kide haiek beraientzat eta euskal gizartearentzat egindako testua da. Frankismo garaikoa (1939-1975), autarkiaren aldikoa (1940ko hamarkadako gerraostean kokatu beharrekoa).

Agiriaren Ideia Nagusiak

  • Euskal oposizio antifrankistaren errebindikapena.
  • Demokraziaren eta autogobernuaren defentsa; frankismoa amaitzean herritarrek bozkatuko zituzten ordezkari berrien legitimotasuna azpimarratu zuten.
  • Gerra garaiko jaurlaritzaren eta Agirreren lehendakaritzaren berrespena.
  • Beste talde antifrankistekiko batasuna adieraztea, diktadurari aurre egiteko eta errepublika baten alde borrokatzeko.

Euzkadi: Sabino Aranak XIX. mendean Euskal Herria deitzeko asmatu zuen neologismoa. J. Antonio Agirre Lekube: euskal abokatu eta politikari abertzalea izan zen; euskal autonomiaren bultzatzaile eta lehen Eusko Jaurlaritzako gobernuburua izan zen, hil arte kargua erbestean betetzen jarraituko zuena. Falange: FET-JONS frankismoaren alderdi ofizial bakarra zen, diktaduraren aldeko taldeak eta korronteak bere zuzendaritzapean biltzeko Francok 1937ko dekretuan sortu zuena.

Espainiako beste lurraldeetan gertatu zen bezala, frankismoaren aliatuak egon ziren Euskal Herrian. Hala ere, euskal oposizioa handienetakoa izan zen, honako arrazoi hauengatik:

  • Industrigune nagusietakoa zenez, langile-mugimenduaren presentzia handiagoa zen.
  • Frankismoaren politika zentralistak gogor zapaldu zituen euskal kultura eta nortasuna.
  • Gainera, zapaldutako euskal nortasun hori defendatzen zuen nazionalismo bat zegoen.

Diktaduraren hasierako urteetan, frankistak ez ziren herritarrek eskubide eta ideia zapalketa gogorra pairatu zuten. Erregimenak II. Errepublikak sortutako erakundeak deuseztatzeaz gain, euskal kultura baztertu edota debekatu zuen; Eusko Jaurlaritza erbestean zegoen. Gerraosteko urteak (1940ko hamarkada) gogor samarrak izan ziren, aipatutako errepresioarekin batera, herritar gehienek eskasia sufritu baitzuten. II. Mundu Gerran frankismoa ezabatzeko kanpo-laguntza posible zelakoan, aliatuekin –gerra hura irabaziko zutenekin– harreman onak edukitzen saiatu ziren. Gerra Hotzaren garaian frankismoak lortutako onarpen internazionalak euskal oposizioaren itxaropena zapuztu zuen. Ekonomian aldaketa asko gertatu ziren. Autarkiaren urteak –1950eko hamarkadara arte– latzak izan ziren; ondoren, teknokraten politika modernizatzailea etorri zen. XIX. mendean gehien garatu ziren lurralde berberak –Katalunia, Madril eta Euskal Herria– garatu ziren XX. mendearen erdialdean. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan antolatutako protestek gobernuaren erantzun gogorra ekarri zuten. Oposizioak beste borroka mota batzuk bilatuko ditu. Euskal Elizak lan garrantzitsua egin zuen politika sozial alternatibo bat antolatzen eta euskal kulturaren defentsan, frankismoarekin harremanak tirabiratsuak izan ziren sarritan. 1950eko hamarkadan euskal ekonomiaren barruan Jose Maria Arizmendiarrietaren inguruan kooperatibismoa indartsu hasi zen eta ondorengo hamarkadetan haren garrantzi ekonomikoa handituz joan zen. Joera nazionalista erradikalago bat agertu zen EAJren nazionalismo tradizionala baino; independentismoa eta ideia ezkertiarrak –garai hartako ikasleen artean modan zeudenak– uztartu zituen, lehenago EKIN eta geroago ETA sortuz. Talde honen protagonismoak gora egingo zuen. Erbestean adostu eta egindako agiri hau euskal oposizio antifrankistaren birmoldaketan kokatu behar dugu. Legitimotasun demokratikoa haien alde egon arren, indar gutxi eduki zuten. Are gutxiago, Gerra Hotzari esker frankismoa nazioartean gobernu batzuek aliatu antikomunista bezala onartu zutenean.

22. Testua: Antonio Añoveros Apezpikuaren Adierazpena

Proposatu zaigun agiri hau Antonio Añoveros apezpikuak frankismoaren kontra egindako adierazpena da, zeinean bere ikuspegi politikoa adierazten zuen. Egile indibiduala eta hartzaile kolektiboa: Bizkaiko Eliza katolikoaren buruak –euskal kleroko kide garrantzitsu bat zen– lurralde horretako fededunei bidali zien mezua da. Frankismoaren garaiko agiria, diktadura gainbehera joan zen aldian (1969-1975) argitaratutako dokumentua da.

Añoverosen Adierazpenaren Gakoak

Antonio Añoverosek frankismoari kalte egiten zioten ideia batzuk adierazten zituen ozenki:

  • Espainian erregimen zentralista hark zapaltzen zituen nortasun bereziko erkidegoak zeuden. Esate baterako, euskal herritarrak.
  • Zapalduta eta debekatuta zegoen euskal nortasuna zehazten duten ezaugarriak (adibidez euskara) errebindikatzen zituen.
  • Espainiako herrien aniztasuna edota autogobernua errespetatzen zuen antolaera politiko demokratiko bat beharrezkoa zen.
  • Eliza katolikoak aldaketa politikoen alde egon eta aldaketak egiten lagundu behar zuela ere zioen.

Bizkaiko fededunei bidalitako mezua izan arren, argi zegoen agintari frankistek haren berri izango zutela. Espainiako beste lurraldeetan gertatu zen bezala, frankismoaren aliatuak egon ziren Euskal Herrian. Hala ere, euskal oposizioa handienetakoa izan zen, honako arrazoi hauengatik:

  • Industrigune nagusietakoa zenez, langile-mugimenduaren presentzia handiagoa zen.
  • Frankismoaren politika zentralistak gogor zapaldu zituen euskal kultura eta nortasuna.
  • Gainera, zapaldutako euskal nortasun hori defendatzen zuen nazionalismo bat zegoen.

Espainiako Eliza katolikoaren ildo nagusia oso kontserbadorea zen eta erregimenarekin aliatuta zegoen. Euskal Elizak, ordea, lan garrantzitsua egin zuen politika sozial alternatibo bat antolatzen eta euskal kulturaren defentsan, frankismoarekin harremanak tirabiratsuak izan ziren sarritan. 1950eko hamarkadan euskal ekonomiaren aldaketak egon ziren. Jose Maria Arizmendiarrieta apaizaren inguruan kooperatibismoa indartsu hasi zen eta ondorengo hamarkadetan haren garrantzi ekonomikoa handituz joan zen. Politikari dagokionez, joera nazionalista erradikalago bat agertu zen EAJren nazionalismo tradizionala baino; independentismoa eta ideia ezkertiarrak –garai hartako ikasleen artean modan zeudenak– uztartu zituen, lehenago EKIN eta geroago ETA sortuz. 1960ko hamarkadako garapen ekonomiko handiak aldaketa sakonak ekarri zituen, diktaduraren eta gizartearen arteko hutsunea handituz. Oposizioa indarberrituta atera zen. XIX. mendean gehien garatu ziren lurralde berberak –Katalunia, Madril eta Euskal Herria– garatu ziren XX. mendearen erdialdean. Industrializazio berriarekin batera immigrazio garrantzitsua ezagutu zuten Bizkaiak eta Gipuzkoak. Euskal oposizioak gero eta presentzia gehiago zuen; greba eta protesta ugari egon ziren. 1960ko hamarkadaren amaieran ETAk indarkeriaren erabilpenari ekin zion eta segurtasun indar frankistek erakundea desegiteko ahalegina egin zuten. 1970eko hamarkada Burgosko Prozesuarekin hasi zen; nazioartean egindako protestek etakideen kontrako heriotza zigorrak indargabetzea lortu zuten. Erregimenak bere azken aldian errepresioa areagotu zuen. ETAren ekintzak ere ugaldu ziren; adibidez, 1973an ETAk Luis Carrero Blanco (diktadorearen laguntzaile nagusia) hil zuen. 1973an hasitako mundu krisiak agerian utzi zituen ekonomiaren gabeziak: mendekotasuna (industria astunarekin eta atzerriko merkatuarekin), ingurumen kutsadura, energia kontsumo handia... Krisi honen kalteek eragina edukiko zuten luzaroan. Frankismoaren amaiera eta Trantsizio garaia oso giro gatazkatsu batean gertatuko ziren. Nazionalkatolikoa zela zioen erregimen frankistak euskal apaizekin eduki zuen harreman tirabiratsuan kokatu behar dugu agiria. Egilea apaiza izatea esanguratsua izan zen, are esanguratsuagoa Bizkaiko apaiz nagusia zela jakinda. Adierazpen honek hautsak harrotu zituen eta Añoveros deportatzeko eskaerak egon ziren.

Entradas relacionadas: