Frankismoaren bilakaera: Testuingurua eta oinarriak

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,59 KB

Frankismoaren testuinguru historikoa

TESTUINGURUA

Frankismoaren testuingurua ulertzeko, beharrezkoa da Espainiako Gerra Zibilaren amaierara jotzea. 1939an gerra bukatu zenean, bando nazionala garaile atera zen eta Francisco Francok boterea eskuratu zuen. Herrialdea egoera tamalgarrian zegoen: azpiegiturak suntsituta, ekonomia hondoratuta, milaka hildako eta preso, eta beste hainbeste erbesteratu. Testuinguru horretan ezarri zen 1975era arte iraungo zuen diktadura pertsonal eta autoritarioa. Francok estatu totalitarioa antolatu zuen, botere guztiak bere esku bilduz eta askatasun politiko zein sozialak ezabatuz.

Nazioarteko isolamendua eta errepresioa

Frankismoaren lehen urteak nazioarteko isolamenduak eta barneko errepresioak markatu zituzten. Bigarren Mundu Gerran Francok neutraltasuna aldarrikatu bazuen ere, Alemania naziaren eta Italia faxistaren aldeko jarrera erakutsi zuen. Horren ondorioz, gerra amaitzean Espainia baztertua izan zen nazioarteko erakunde nagusietatik; besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) erregimena gaitzetsi zuen eta harreman diplomatikoak murriztu ziren. Gainera, Espainia Marshall Planetik kanpo geratu zen. Isolamendu horrek egoera ekonomikoa are gehiago larritu zuen.

Autarkia eta ekonomiaren gainbehera

Ekonomian, erregimenak autarkia politika ezarri zuen, hau da, Espainia buruaskia bihurtzea bilatzen zuen sistema. Inportazioak murriztu, muga-zergak igo eta estatuaren esku-hartzea handitu zen. 1941ean Instituto Nacional de Industria (INI) sortu zen industria estrategikoak bultzatzeko, eta haren bidez enpresa publiko handiak eratu ziren, hala nola RENFE edo SEAT. Hala ere, autarkiak pobrezia, eskasia eta atzerapen teknologikoa ekarri zituen, eta 1950eko hamarkadara arte bizi-maila oso baxua izan zen.

Ideologia: Nazionalkatolizismoa eta errepresioa

Ideologia aldetik, frankismoa antikomunismoan, espainiar nazionalismo zentralistan eta nazionalkatolizismoan oinarritu zen. Elizaren eta Estatuaren arteko lotura estua izan zen. Alderdi bakarra onartu zen, Falange Española Tradicionalista y de las JONS, eta oposizio politikoa debekatua izan zen. Grebak ere debekatuta zeuden eta sindikalismo bertikala ezarri zen. Oposizioaren gaineko errepresioa sistematikoa izan zen: kartzelak, epaiketa politikoak eta zentsura eguneroko tresnak bihurtu ziren.

Nazioarteko onarpena eta Gerra Hotza

Hala ere, 1950eko hamarkadatik aurrera testuingurua aldatzen hasi zen. Gerra Hotza hasi zenean, Mendebaldeko potentziek Francoren erregimena komunismoaren aurkako aliatu gisa ikusi zuten. Horren ondorioz, Espainiaren nazioarteko isolamendua apurka amaitu zen, eta hitzarmenak sinatu ziren Ameriketako Estatu Batuakekin eta Vatikanoarekin 1953an; 1955ean, Espainia Nazio Batuen Erakundean onartua izan zen. Kanpo irekiera horrek ekonomia pixkanaka suspertzea ahalbidetu zuen, batez ere 1960ko hamarkadako garapen ekonomikoaren garaian.

Egonkortze Plana eta hazkunde ekonomikoa

1959an Egonkortze Plana ezarri zen, eta horrek autarkiaren amaiera eta ekonomiaen liberalizazioa ekarri zuen. 1960ko hamarkadan hazkunde ekonomiko handia gertatu zen, industria, turismoa eta eraikuntza sektoreak asko garatuz. Honen ondorioz, gizartean aldaketa sakonak gertatu ziren, hala nola industrializazioa, hirietarako migrazioa eta bizi-mailaren hobekuntza.

Gizartearen modernizazioa eta kontraesanak

Aldaketa horiek, ordea, ez zetozen bat sistema politiko itxi eta autoritarioarekin. 1960ko hamarkadan oposizioa indartzen hasi zen, langile eta ikasle mugimenduen bidez, eta Europan ere erregimenaren izaera ez-demokratikoa salatu zen. Horrela, gizartearen modernizazioak frankismoaren kontraesanak agerian utzi zituen.

Erregimenaren instituzionalizazioa

Azkenik, Francok erregimena instituzionalizatzeko hainbat Funtsezko Lege onartu zituen, 1967ko Estatuaren Lege Organikoa barne, itxuraz modernizazio eta egonkortasun irudia emateko. Hala ere, “demokrazia organikoa” deituriko sistemak ez zuen benetako ordezkaritza politikorik ahalbidetzen, eta boterea Caudilloaren esku jarraitu zuen.

Ondorioak

Ondorioz, frankismoaren testuingurua Gerra Zibilaren ondorengo suntsipenetik abiatu zen, lehen urteetan isolamendu eta autarkia gogorra pairatu zuen, eta Gerra Hotzaren testuinguruan nazioarteko onarpena lortu bazuen ere, barnean erregimen autoritario eta errepresiboa izaten jarraitu zuen. 1960ko hamarkadatik aurrera gizartearen modernizazioak eta oposizioaren hazkundeak sistemaren kontraesanak agerian utzi zituzten, nahiz eta diktadura Francoren heriotza arte, 1975era arte, mantendu zen.

1. Frankoren erregimenaren oinarri instituzionalak

Frankismoa Francoren diktadura pertsonala izan zen. Militarren eta katolizismoaren baloreetan oinarrituta, Francok botere guztiak (legegilea, judiziala eta betearazlea) bereganatu zituen hil arte. Helburu nagusia boterean irautea zen, autoritarismoa eta errepresioa erabiliz.

Ideologikoki, espainiar nazionalismo muturrekoa ezarri zen, Espainia unitate banaezin gisa ikusiz. Hasieran eredu faxista eta totalitarioa jarraitu zuten, alderdi bakarrarekin (FET y de las JONS). Beranduago, irudia zuritzeko, "demokrazia organikoa" kontzeptua asmatu zuten. Nazional-sindikalismoa izan zen beste oinarri bat. Teorian antikapitalistak baziren ere, praktikan sistema kapitalistari eutsi zioten, baina estatuak ekonomia eta langileria gogor kontrolatzen zituen.

Entradas relacionadas: